Bertso saioa osorik

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urt. 27a, 17:30

Tolosaldeko Atariak Leidor aretoan urtarrilaren 24ean antolaturiko bertso jaialdia. Angel Mari Peñagarikano, Sebastian Lizaso, Jon Maia, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Miren Amuriza. Gai jartzaile, Amaia Agirre. 'TOLOSALDEKO ATARIA'- k antolatutako bertso saioak arrakasta izan zuen larunbatean, Leidor aretoa betez.

Tolosarrek inauteriak; alegiarrek karmenak; billabonatarrek santioak; altzotarrek saninazioak; ibartarrek sanbartolomeak... Urtea hasterako egutegi guztietan bereziki seinalatzen diren egunak dira guztiak, eta, badirudi, Leidor aretoko urtarrileroko bertso saioa ere antzeko hitzordu bilakatu dela, eskualdeko bertsozaleentzat.

Duela sei urte Txolarre irratiak ekindako bidetik, TOLOSALDEKO ATARIA da, gaur egun, jaialdiaren antolatzaile; larunbateko saioak bosgarrenez bete zituen, beraz, eskualdeko agendak.

Urteak urte eta saioak saio, urtarrilerokoa errepikatu, eta Sarrerak agortuta zioen oharra ia astebete lehenago argitaratu behar izan zuen ATARIAk. 850 papertxok ziurtatu zuten, beraz, gutxien-gutxienean, bertsolari eta gai-emailearen lanek harrera betea izango zutela.

Eserlekuak betetzearekin batera, gainera, antzokian sortu zen giro epela taldearen indarrak ere azaldu lezake, masak botere handia baitu. Pentsatu semaforoa gorrian dela zebrabidean zain dagoen pertsona hori, aldamenekoarekin batera, nahigabe, bidea zeharkatzen nola hasten den; Tolosaldeko bertsozaleek bat-bateko aleak entzuteko zuten grina ere halaxe kutsatu zen saioan, eserleku batetik bestera, amaiera bakoitzarekin irribarre bat sortuz.

Izan ere, umorearen bidetik joan zen, besteak beste, larunbat arratsaldea. Kantuan, hitzaren hainbat mago: Maialen Lujanbio, Jon Maia, Miren Amuriza, Amets Arzallus, Sebastian Lizaso eta Anjel Mari Peñagarikano. Gai distiratsuak pentsatu, osatu eta emanaz, berriz, Amaia Agirre.

Zale guztienganaino

Eskualde bertsozalea da Tolosaldea, urtarrilean nahiz ekainean. Horri kartel erakargarri bat gehituta, gainera, saiora sartzeko ilarak ulertzekoak dira. Gai-jartzaileak badu erruaren zati handi bat, ordea, Leidorreko hitzorduaren arrakastan.

Ohiko esparru eta formuletatik ihes eginaz; bertsolari bakoitzari barruan duen onena ateratzea saiatuz; arazo sakonenetatik ateraldi onenetarainoko frogak jarriz. Halaxe prestatzen du saioa, Agirrek.

Eta bueltan, txalo zaparrada besterik ez. Txaloak Miren Amuriza amatasunari buruz kantuan jarri zuenean, eta baita Jon Maia eta Sebastian Lizaso aretozain lanetan gora eta behera aritu zirenean ere. Txaloak, halaber, Maialen Lujanbio izen bereko traineruan sartu zuenean, edo Anjel Mari Peñagarikanori bere bizitzaren errepasoa eginarazi zionean.

Anoetarraren biografian, noski, bertsolariak berak ezin zuen haren bihotz zuri-gorria nabarmendu gabe utzi: Atletikzale naizela / aitortuko det hementxe / nahiz ta entzun San Mames da / holakoen zoro etxe / aspaldian ekipoak / ez du irabazten aise / beti galdu edo enpate / ni aspertu naiz oraintxe / beheko muturrean gaude / hola gaude, ai la letxe! / Zertako dira Iturraspe, / Moran, Rico ta Aketxe, / hobeak baldin badira / Depor, Cordoba ta Eltxe?

Errima horiek eta beste hainbeste txantxetarako gaitzat hartu zituzten gainerako bertsolariek, eta ondoko iritzi zutabean ere hizpide izan du Felix Irazustabarrenak.

Ikus-entzuleen gozamenak aretoaren betekada ekarri zuen modu berean, betekadak arnasa eman dio ATARIAri. 850 sarreretako bakar bat ere lortzeko aukeratik izan ez zutenek, beraz, gaurtik aurrera aukera izango dute larunbatekoa ikusteko nahiz gogora ekartzeko. www.ataria.info atarian, batetik, saioa ikusgai izango da. Bide beretik, 28 Kanalak bi zatitan eskainiko du bertso jaialdia; gaur eta bihar, 22:00etatik aurrera izango da hori.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!