Bilketa sistemaren aurkako jarrera berretsi du oposizioak

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urt. 28a, 18:52
Lore Agirrek egungo hondakin bilketaren ezaugarriak arrazoitu zituen atzoko plenoan.

Tolosa eta Anoeta arteko Bidegorria egiteko BBNNetan egin beharreko eskaera onartu dute.

Urtarrileko ohiko osoko bilkuran eztabaida piztu du, beste behin, hondakinen gaiak. PSE-EE eta EAJk mozio bateratua aurkeztu zuten atzoko bilkuran, eta legealdi osoko talkak berriro plazaratu zituzten ordezkari politikoek.
Guztira zazpi gai jorratu zituzten hileroko batzarrean, baina hiru nagusitu ziren: hondakinen inguruko mozioa, batetik, Hassana Aaliari asilo politikoa ematearen aldeko mozioa, bestetik, eta, azkenik, Tolosa eta Anoeta artean bidegorria egitea ahalbidetuko lukeen diru-laguntza eskaera.
Oposizioak aurkezturiko mozio bateratuak, besteak beste, Tolosan azaroan ezarritako hondakin bilketarako sistemaren «akatsak» nabarmendu zituen bilkuran. PSE-EEren eta EAJren ustez, martxan jarri beharreko eredua aukeratu aurretik «ez ziren behar bezainbeste eredu aztertu eta, ondorioz, gaur egungoa ez zaio herriari egokitzen, ez teknikoki, ez ekonomikoki», zioen Olatz Peonek.
Bide beretik, Eguberrietan eta asteburuetan zenbait gunetan «zabor poltsa ikaragarri» pilatzen direla salatu zuten: «Horren aurrean, organikoaren edukiontzia handia izatea egokiagoa dela uste dugu, eta maiztasuna ere ez litzateke mugatu behar; finean, bosgarren edukiontzia egokiagoa litzateke», nabarmendu zuen Jose Ignacio Asensiok.
Azkenik, Tolosaldeko Mankomunitatearen gastu eta kontratazioen inguruan «gardentasuna» eskatu zuen oposizioak: "Informeak eskatu eta eskatu ari gara, eta ez dizkiguzue ematen".
Horren guztiaren aurrean, birziklatze datuekin erantzun zuen udal gobernuak: «Mankomunitateak plazaratu berri ditu abenduko datuak, eta guztiok pozarren egon beharko genuke, Tolosa %76,5era iritsi delako; hain zuzen, Europak 2020rako eskatzen duen %60a gaindituz», zioen Ibai Iriartek.
Bide beretik, Inaki Irazabalbeitiak «hauteskundeen gertutasuna nabaria» dela salatu zuen: «Egitasmo berriak martxan jartzean utzi ohi diren 100 egunak ere ez dizkiguzue utzi, sistema egonkortzeko. Normala da akatsak izatea, eta hobetzeko lanean ari gara».
Lore Agirre alkateordeak, bere aldetik, edukiontzien neurrien zergatia argudiatu zuen: «Neurri horrek, gaizki bereizitako poltsarik egonez gero, unean bertan bereizteko aukera eskaintzen du; gaizki bereizitako poltsa asko baldin badaude, berriz, edukiontzi horretako poltsak bakarrik bota behar dira errefusara. Edukiontziak handiagoekin gaizki bereizitako poltsak baleude, baliteke kamioikada osoa errefusara bota behar izatea». Horrela, kilo bat errefusa tratatzearen kostua 144 eurokoa dela ere azaldu zuen, eta kilo bat organiko, berriz, 72 euro: «jasangarriagoa da ekonomikoki nahiz ingurumenari dagokionez».
Azkenik, mankomunitateko likidazio datuak udal gobernuak berak ere ez dituela azpimarratu zuen Agirrek, «batzarra otsailean egingo delako».
Mozioa bozketara pasa ondoren, ez zuten onartu, baiezko eta ezeko bozkak berdinduta geratu baitziren.

Plenoan eta BBNNetan

Tolosa eta Anoeta artean bidegorria eraikitzeko eskaera aho batez onartu zuten udal ordezkariek. Besteak beste, jasangarritasuna sustatzea eta herritarrek hainbatetan egindako eskaerari erantzun bat ematea aipatu zituzten arrazoitzat: «Bidean argiteria jartzea ere bermatuko luke obrak, gainera».
Obra hori egiteko diru-laguntza, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiak eman beharrekoa da, eta azken erakunde horren aurrekontua luzapen-egoeran dago, alderdiek ez baitute aurrekontua adosterik lortu. Tolosako Udaleko eskaera hori, beraz, Batzar Nagusietan inbertsio horren alde egiteko eskaera da.
Hain zuzen ere, Batzar Nagusietan atzo hizpide izan zuten afera. Luzapen-egoera horren zenbait muga ditu teknikoki, izan ere, iazko aurrekontua luzatzea ahalbidetzen duen arren, inbertsioak egitea mugatu egiten du.
Horrela, foru arau bat dago inbertsioak egin ahal izateko, eta aldundiak bi pakete aurkeztu zituen atzo, Ogasun batzordean, Inko Iriarte EH Bilduko batzarkide tolosarrak azaldu duenez: «Pakete batean 32 milioi euroko inbertsioa zegoen, eta tartean bidegorriaren proiektua dago. Bigarren partida, berriz, Bidegiren arazoak konpontzeko zen».
Batzarkideak azpimarratu duenez, ordea, EAJk, PSE-EEk eta PPk ez zuten aldeko jarrera erakutsi Ogasun batzordean: «Erabaki politikoa da, erabat, herriaren aurrean gauza bat onartzen dutelako eta BBNNetan beste aldera egiten dutelako. Hemen giroa oso ozpinduta dago hauteskundeen gertutasunagatik, eta gure salaketa horixe da: herrietako inbertsioak blokeatzen ari direla».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!