Martxan dira nekazaritza ogibide bilakatzeko hazitegiak

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ots. 6a, 18:26

Santa Luzia auzoko lursail bat nekazariak lan-merkatura bideratzeko plaza izango da; Tolosako Udalak Tolomendi eta Fraisororekin elkarlanean sustatu du egitasmoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz.

Sistema ekonomikoan lehen sektorea indartuz eta, egungo lan-egoerari irtenbide bat emanez, duela zenbait hilabete aurkeztutako proiektuaren lehen aleak erein dituzte jada. Tolosako Santa Luzia auzoko lursail bat Tolosako baratze hazitegia izango da, aurrerantzean, eta lehen hiru nekazariak hasi dira, jada, gunea ustiatzen.

Orobat 10.000 metro karratuko eremua da eta, Jesus Mari Benitez, Nestor Errasti eta Iñigo Mujika izango dira hazitegietako lehen erabiltzaileak. Fraisoroko nekazaritza eskolan ikasitakoak dira, eta bakoitzak 2.000 metro karratu inguruko lursaila izango du, nekazaritza ogibide bilakatzeko.

Hasteko, hiru erabiltzaileek urtebeteko kontratua sinatu dute Tolosako Udalarekin eta, urtea igaro ondoren, beste bi urterako akordioa luzatzeko aukera izango dute. Santa Luziako soroa behar bezala ustiatu ahal izateko, udalak egokitzapenak egin ditu nekazarientzat, eta etxola, komuna, aldagelak nahiz dutxa jarri dizkie. Bide beretik, gutxieneko makina eta tresneria ere bertan izango dute, lanerako.

Egitasmo honetan, Tolosako Udalarekin batera, Tolomendi landa garapenerako agentzia eta Fraisoro nekazaritza eskola ere ariko dira. Horrela, Santa Luziako lurrak ustiatzeko hiru urteko epea bukatu eta nekazariak trebatzen direnean, Tolomendiren egitekoa izango da nekazari horiei lanerako lur egokiak bilatzen laguntzea; lehenago ere, aholkularitza lanak egingo ditu agentziak.

Fraisorok, bere aldetik, lursaila ustiatzeko moduen jarraipena egingo du eta, behar izanez gero, ikastaroak ere eskainiko dizkiete nekazariei.

Lehen sektorea ere sistema ekonomikoan

Hiru nekazariekin eta Hasier De los Rios Tolosako ingurumen zinegotziarekin batera, Tolomendiko arduradun Iker Karrera ere agerraldian izan da, eta nekazarien lana aldarrikatzeko baliatu du aukera: "Denbora da proiektu hori proposatu genuenetik eta, Tolomendirentzat, oso aukera polita da lursail horretan zerbait polita egiteko. Gainera, onartzekoa da hainbat herritan aurrera eramaten ari diren herri-baratzeen proiektuekin jarrera kritikoa dugula, izan ere, elikagaiak, aktibitate ekonomikoa eta lanpostuak uztartzen ditu nekazaritzak. Finean, sistema ekonomikoan ezinbestekoa da".

Eta sistema ekonomiko horretatik ogibide bat ateratzeko asmoz lerratu ziren, Benitez, Errasti eta Mujika, nekazaritzaren bidera. Iñigo Mujikak azaldu duenez, bizitza osoan kalean lan egindakoa da, eta ez du sekula nekazaritzako jakintzarik izan: "Baina lanik gabe geratu nintzen, eta Fraisoron ikasten hasi. Ikaragarri gustatu zait jardun hau, eta irtenbide bat da lanik gabe gaudenontzat".

Bide beretik, Jesus Mari Benitezek ere langabezian lau urte igaro ondoren ekin zion nekazaritzari, eta lan merkatuan sartzeko alternatibatzat du proiektu berria.

Izan ere, hiru nekazariek lursail horretan landutako barazkiak saldu egin ahal izango dituzte, besteak beste, Tolosako azokan: "Lehen sektorea sustatzearekin batera, egitasmoaren bigarren helburua Tolosako larunbateroko azoka gaztetzea ere bada, belaunaldi berriak azokara joan daitezen, saltzera nahiz erostera".

Haztegien lursailak udaberri aldera emango ditu lehen fruituak eta, aipatzekoa da, nekazaritza ekologikoa egingo dutela, zigilurik gabekoa: "Zigilu ekologikoa izateko lurrak ere ekologikotzat kalifikatutakoa izan behar du eta, kasu honetan, trantsizio urte batzuk behar dira, aurrez lur hori beste modu batera jorratua izan delako", azaldu du Iker Karrerak.

Dena den, helburua nekazaritza ekologikoa bultzatzea den arren, Nekazaritza Integratua deritzon lanerako modua ere onartuko liokete lurra ustiatu nahi duen norbaiti: "Ez da erabat ekologikoa, baina oso muga zorrotzak ditu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!