Bisita liburua estreinatu du azokak

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ots. 28a, 13:38

Tolosa Gourmeteko sukaldariek Zerkausiko ekoizleekiko atxikimendua azalduko dute liburuan, hileroko KM 0 egitasmoa Lurretik sukaldera postuan gauzatuz.

Tolosako azokan aritzen diren nekazarien lana plazaratu eta babesteko helburuz, egitasmo berri bati ekin diote, gaur, Zerkausian. Aurrerantzean, azokak bisita liburua izango du, eta KM 0 egitasmoko sukaldariek Lurretik sukaldera postuan prestatuko dituzte beren jakiak, Zerkausiko produktuekin.

Gogora ekartzekoa da, KM 0 slow food izeneko mugimendu bati lotutako proiektua dela. Finean, janari azkarraren aurkako filosofiari heldu, eta garaian garaiko produktuekin jaki osasuntsuak prestatzea sustatu nahi izan zuten antolatzaileek, hasieratik. Horretarako, hilean behin Tolosaldeko jatetxe ezagunenetako sukaldariak Zerkausiko azokara bertaratzen dira, postuetako jakiak hartu eta garaiko errezetak prestatzera, ondoren herritarrei banatzeko.

Azokako dinamizatzaile Arrate Iturbek azaldu duenez, ekimen horri beste buelta bat eman nahi izan diote, eta nekazariek ekoizten dutenari balio handiagoa eman. Horrela, bisita liburuaren bitartez, KM 0ko sukaldariek atxikimendua eskainiko diete Zerkausiko ekoizleei eta, slow food egitasmotik harago, beren jatetxeetan ere bertako produktua jorratzeko konpromisoa hartuko dute.

Bruselako azak protagonista

Felix Belauntzaranena izan da Tolosako azokako bisita liburuko lehen sinadura. Aipaturiko atxikimendua eskaintzearekin batera, gainera, gaur prestatu duen errezeta ere idatzirik utzi du, ezein herritarrek irakurri nahiko balu. Horren harira, aipatzekoa da herritarrek ere sinatu ahal izango dutela bisita liburuan, ekoizleei atxikimendua adierazteko.

Gaur Zerkausira bertaraturiko herritarrek Bruselako aza oinarri duen errezetaz gozatu ahal izan dute. Berrobiko Iriarte jatetxeko Felix Belauntzaranek azaldu duenez, aza egosi dute lehenik, eta horrekin saltsa bat prestatu du. Errezetako protagonistak, ordea, Bruselako azak izan dira, eta horiei laguntzeko, hirugihar kurruskatsua gehitu diote.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!