"Bigarren postua ia ezinezkoa jarri da, baina denboraldia ez da amaitu"

Asier Imaz 2015ko mar. 3a, 15:43

Tolosa Eskubaloia taldeak partida garrantzitsua galdu zuen igandean, Anaitasunaren etxean. Ia, denboraldiko partida zen,bigarren postura gerturatzeko irabazi beharrekoa. Galdu arren, Tolosa denboraldi bikaina egiten ari da, eta sailkapenean goran daude.

Min egiten duen porrota jaso zenuten Iruñean.
Duela hilabete t’erditik data buruan genuen. Orain arteko partidak atera genituen, agian ez denboraldiko joko onenarekin, baina garaipenak lortuz. Asteburuan urte osoko partida garrantzitsuena genuen, eta ez zen ondo atera.  


Emaitza ikusita, 27-19, argi geratzen da gertatua, ezta?
Anaitasuna izugarrizko taldearekin atera zen, eta gainera, dena ongi atera zitzaion. Gu defentsan ongi egon ginen, baina erasoan oso galduta ibili ginen.


Atsedenaldira iristean, gola falta zitzaizuela esaten zenuten.
Lehen zatian oso gol gutxi sartu genituen, zazpi edo. Anaitasunaren atezainak izugarrizko partida egin zuen, jaurtiketen %57 geldituz. Horrela oso zaila da golak sartzea, eta horrela izan zen.


Anaitasuna harrobiko taldea izanik, jokalari batzuk Asobal ligan jokatzen dute noizean behin. Hori ere nabarituko zen, ezta?
Hori baino gehiago, nire ustez, nabaritu zena zera izan zen: beraiek horrelako partida erabakigarri gehiago jokatu dituztela. Urduritasun puntu bat genuen guk, eta eurek esperientzia gehiago. Agian hobeto planteatu zuten partida.


Bosgarren zaudete. Bigarren postua, ia ezinezkoa bilakatu da, ezta?
Bigarren postuan gelditzea ezinezkoa izango dela pentsatzen dugu. Gainera, Anaitasunarekin genuen gol abantaila galdu egin dugu zortzi golez galtzean. Hirugarren postuaren bila joan behar garela uste dut, oraindik zortzi partida inguru geratzen dira, eta hor egon behar gara, goikoren batek huts egiten badu ere. Orain arte egindako lana ezin dugu bota, eta liga bukatutzat eman.


Aukera gehiago izango dira, ondoren ere.  
Aurtengo helburua gora begira ibiltzea zen, eta goran ibili gara. Ez dira emaitza txarrak izan. Erdi aldean ibiltzea izango zen arazoa, eta denboraldi gehiena bigarren postuan pasa dugu. Egia da antzeko taldeen aurka galdu egin dugula, baina lehen esan bezala, oraindik ez da hau amaitu.


Aldagela nola dago?
Tristura nabaritzen zen Iruñean. Azkenean denok jolastu nahi genuen, eta ahal genuen guztia eman taldeari. Baina ez zitzaigun ezer atera. Orain, urduritasunak albo batera utzita, agian hobeto jokatuko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!