Ekonomia Soziala Jardunaldiak

«Oso balantze ona egin dute parte hartzen ari diren komertzioek»

Imanol Garcia Landa 2015ko mar. 11a, 11:43

Ekonomia Soziala, ekonomia pertsonen zerbitzura jardunaldien barruan, Iosu Lizarralde Oñatiko Udaleko Sozioekonomia zinegotziak hitzaldia emango du gaur 20:00etan kultur etxean Txantxia, Oñatiko moneta osagarria izenburupean.

 

Nola sortu zen txantxia moneta osagarria martxan jartzeko ideia?
2013an egindako diagnostiko batetik dator. Oñatiko Merkataritza Biziberritzeko Plana egiterakoan aztertu genuen zein zen herriko eskaintza, erakargarritasuna eta eskaria. Azken alor honetan aztertu ziren oñatiarron kontsumo ohiturak, eta ikusi zen 18-30 urte bitartekoen adin tartean gastu ihesa zegoela, hau da, kanpora joaten zirela erosketak egitera, internet bidez egiten diren erosketak ere horren barne hartuta. Merkatariei kezka handiena horrek sortzen zien. Hasi ginen hori ekiditeko moduak arakatzen eta moneta soziala kontzeptuarekin topo egin genuen.

Nola funtzionatzen du?
Urritik hasi ginen moneta osagarriarekin, eta ordutik 20.000 txantxi baino gehiago banatu ditu udalak, lehen eurotan emandako sariak orain txantxietan ematen hasiz. Hobariei dagokionez, deskontua egin beharrean, txantxiak emango dira. Hor beste 15.000 txantxi jarriko dira zirkulazioan. Bestalde, bulego bat dago, eta han aldatu daitezke txantxiak eurotara, %5ean eros ahalmena igoz. Hau da, 100 euro eman eta 105 txantxi jasotzen dituzu.

Zer arrakasta izaten ari da?
Guztira gaur egun zirkulazioan 66.000 txantxi daude. Oso balantze ona egin dute parte hartzen ari diren komertzioek. Arlo kulturalera era zabaltzen hasiko da: zinema, antzerkia, kontzertuak... Lehen sektorearekin ere ari gara harremanetan. Nahiz merkataritzarekin hasi, tresna horrek balio dezake beste esparru batzuetarako. Bestalde, ez dugu ukatzen oñatiarren gehiengoak ez duela egunerokotasunean erabiltzen. Ezagupen mailari dagokionez, ari da izena hartzen, baina hau gizarteratzeko guztion beharra izango da eta pixkana-pixkana joango gara.

Inguruan, beste herrietan, jakin-mina piztu du?
Egia esan sortu du, eta horren erakusle da Tolosan emango den hitzaldia. Ikusten da ekonomia eraldatzailearen berri izateko interesa pizten ari direla gero eta herri gehiagotan, eta gure esperientziaren berri emateko deitzen digute. Jendea ere nazkatuta dago azkenean azalera handiko merkataritza guneetara eramaten gaituzten ereduekin. Petrolioaren ekonomian bizi izan gara, eta komertzioa ere eredu horren inguruan garatu da. Aldaketa baten beharra ikusten da, burujabetzaren bidean. Horrek ez du esan nahi autarkia batean bizitzea, baina baditugu hemen baliabideak bai elikadura aldetik eta bai energia sortzearen aldetik, gu nahi bezala antolatu eta aurrera egiteko ikuspuntu eraldatzaile batetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!