Tolosa mauken hiriburu bilakatuko da larunbatean

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mar. 11a, 16:26

Braderie eguna antolatu du, bostgarrenez, Tolosa & Co merkatari eta ostalari elkarteak

Denboraldian saldu ez dituztenak mauka bilakatu eta kalera aterako dituzte, Tolosako merkatariek, larunbatean. Braderie egunak hartuko ditu kaleak, beste behin, 10:00etatik 20:00etara bitarte, eta 100 komertzio baino gehiagok parte hartuko dute egitasmoan.

«Urte osoko erreferentzietako bat da guretzat, eta gogotsu gaude» azaldu du Gorka Arregi Tolosa & Co elkarteko lehendakariak, agerraldian. Izan ere, Tolosa & Co elkarteak helburu bikoitzari heltzen dio mauken festarekin: batetik, azken produktuak saltzera beren nahia eta, halaber, dendak ezagutaraztea, kalea ateraz.

Horrela, aurten ere bi karpa jarriko dituzte, erdigunetik urrun dauden merkatarientzat, eta kale animazioa izango da.

Maukak dituzten dendak identifikatzeko, puxika berdea izango dute komertzioek eta, ostalariek, berriz, pintxo bereziak egingo dituzte. Izan ere, Minbiziaren Aurkako Elkartearekin elkarlanean, pintxo-braderie osasuntsuan parte hartuko dute zortzi tabernak: Getariako Elkano kofradiako arrantzaleen eskutik, berdela izango da osagai nagusia, eta ostalari bakoitzak nahieran osatuko du pintxoa.

Arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara, haur-txokoa ere izango da Zerkausian, eta larunbatean bertan ekingo diote, Tolosa & Co VISA txartelaren kanpaina berriari. Apirilaren 30era bitarte, Tolosa & Co VISA txartela erabiltzen duten bezeroen artean doako erosketak zozkatuko dituzte, erosketen balioa edozein dela ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!