Betiko negozioei haize berriz eusteko plan aitzindaria Tolosan

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mar. 24a, 17:41

Berriz enpresa proiektua proban jarri zuten Tolosan eta, orain, diru laguntza berezituak abian dira

Urtetan barrena ederki funtzionatu izan duten negozioak erretiro adinagatik bat-batean ez ixteko egitasmo pilotua martxan jarri zuten, iaz, Tolosan. Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Ganberen arteko elkarlanak sustaturiko programa da eta, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza eta ostalaritza esparruko enpresei begira eskuragarri dago jada. Tolosan, ordea, aitzindaritza izaera izango du Berriz enpresa egitasmoak, izan ere, udalak diru laguntza gehigarriak eskainiko ditu negozioetako belaunaldi aldaketa erraztu eta lanpostu berriak sortzeko.

Ibai Iriarte alkatea, Hasier De los Rios zinegotzia eta Anate Iturbe merkataria izan dira agerraldian, proiektuaren nondik norakoak azaltzen. Besteak beste, Tolosan merkataritzaren sektorean duen pisu nabarmena azpimarratu nahi izan dute: «Gogora ekarri behar da, beste behin, Gipuzkoan eta Euskal Herrian, Tolosa dela merkataritza dentsitate handienetakoa duen herria. Horrenbestez, merkataritza eta ostalaritza gakoak dira Tolosako ekonomian, 1.500 lanpostu inguru sortuz», dio Iriartek.

Plana erkidego osorako proiektu orokorra izanik ere, Tolosako Udalak zenbait abantaila eskainiko dizkiete parte hartu nahi dutenei, zerbitzuen sektoreak herrian duen pisuagatik, batetik, eta merkataritza aldetik erreferentziazko gunea delako, bestetik.

121.000 euro etorkizuna eraikitzeko
Berriz enpresa proiektuak negozioen belaunaldi aldaketa bermatzea du jomuga, negozioei jarraipena emanez. Horrela, dendentzat nahiz tabernentzat baliagarria izango da proiektua.

Udalak 121.000 euroko aurrekontu partida bideratuko du, horrela, Berriz egitasmora, plan orokorrak eskaintzen dituen laguntzekin batera; Europako Erkidegoaren nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioa oinarri izanda, Tolosako negozio-aldaketek bultzadatxo hori izango dute.

Modu horretan, negozioa eskuz aldatzeko lehen pausoa transmisioa izango da, Hasier De los Riosek azaldu duenez: «Negozioa utziko duen enpresariak sei hilabetez kontratatu ahal izango du ekintzaile berria, eta ekintzailearen soldata %100ean finantzatuko dio egitasmoak». Horrek eskualdatzea egokia izatea ahalbidetuko du udalaren arabera, eta ekintzaile berriak, lana ezagutzeaz gain, bezeroekin ere harreman sareak sortu ahal izango ditu.

Enpresa-sortzaile berri horrek, gainera, sei hilabeteko soldata bermatzearekin batera, bideragarritasun plana ere eskuratuko du, administrazioak bermatuta.

Azkenik, negozioak hartu nahi lituzketen ekintzaile berriek laguntza izango lukete lokalaren alokairua nahiz hipoteka mailegua ordaintzeko. Lehen urtean, gehienez, 450 euroko diru laguntza jasoko dute hilean; bigarren urtean, berriz, gehienez 300 eurokoa; azken urtean, hirugarrenean, gehienez 150 euroko diru laguntza izango dute alokairu edo hipotekari begira. «Kontratuak askotarikoak izan daitezke eskualdatze bakoitzean, noski, batzuek lokala alokairuan jarriko baitute, erosteko aukerarekin, eta beste askok, aldiz, salgai jarriko dute zuzenean. Orduan, hainbat formula aurreikusten ari gara, batzuei zein besteei lagundu ahal izateko», dio Ibai Iriartek.

Tolosako negozioek jasoko duten finantziazio gehigarri horri dagokionez, aipatzekoa da lehen bi urtean 10.000 euro arteko diru laguntza ere jasoko dutela ekintzaile berriek, beren negozioan egin beharko lituzketen inbertsioak gauzatzeko: «Obrak, kanpainak edo bestelako gastuak ordaintzeko finantziazioa litzateke, eta ez dute itzuli beharrik izango». Diru laguntza horren zenbatekoa bideragarritasun planaren araberakoa izango da.

Beharrezko bultzada, komertzio dinamikoa izaten jarraitzeko
Anate Iturraldek bere esperientzia hizpide izan du agerraldian, Berriz enpresa proiektuan buru-belarri ari baita jada: «Oraindik 5 urte geratzen zaizkit erretiroa hartzeko, baina enpresa baten eskualdatzea ez da une batetik bestera egiten, epe luzeko lana da, eta nire egoera bertsuan dauden merkatariak animatuko nituzke parte hartzera, urtetan egindako lana bizirik mantentzeko, eta gazteei aukera berri bat emateko».  

2012ko datuen arabera, Tolosako establezimenduen bataz-besteko antzinatasuna 25 urtekoa da: 31,04 urtekoa Alde Zaharrean, eta 18,17 urtekoa zabalgunean. Adinari dagokionez, berriz, %28 dira 55 urtetik gorakoak. Gauzak horrela, datozen urteotan hainbat izango dira eskuz aldatzeko beharrean izango diren establezimenduak.

Proiektuan parte hartu nahi duten enpresari eta ekintzaileek, www.berrizenpresa.com atarian duten informazioa, eta baita Tolosa & Co-n nahiz udaleko merkataritza sailean ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!