«Rubin energia kontsumoan %20a aurreztu dugu, hau da, bi milioi euro»

Imanol Garcia Landa 2015ko mar. 25a, 12:45

Argitu ekimenaren aurkezpenean, Tolosan ere izango dira Carme Garcia Rubiko (Katalunia) alkatea eta Rubi Brilla izeneko egitasmoaren bi teknikari.

Zer da Rubi Brilla egitasmoa?
Jasangarritasunaren aldeko alkateen akordiotik abiatuta egindako lana da. 2011tik aurrera ez dugu bakarrik udalaren arlora mugatu, proiektu global batean bihurtu dugu, hiri osoa sartuz, eta Rubi Brilla izen jarri diogu. Horrela, hainbat esparrutara ere zabaldu dugu: industria, bizilagunak, komertzioa, eskolak, elkarteak... Eta pobrezia energetikoaren gaia ere lantzen dugu.

Nondik abiatu zarete?
Gurea ez da inbertsio handiak egitea, baizik zentzua duen metodologia erabiltzea. Egiten ari garena beste udalerri batzuk ere egin dezakete, handiak edo txikiak izan. Hala, aurrezten hasten garenean, aurreztutakoaren parte bat erabili dezakegu gero inbertsioak egiteko.

Zein bide erabili duzue?
Lehenengo esan behar da, energiaren onena kontsumitzen ez dena dela. Udal bezala %20a aurreztu dugu, eta hori dirutan bi milioi euro dira. Emisioetan aurrezten dugu, baina baita dirutan ere, eta gero hori inbertitu ahal izan dugu eraginkortasun energetikoan eta energia berriztagarrietan. Beste alor bat da Espainian udalerri bakarra garela energia kontsumo guztia jatorri berriztagarria duena. Eta hori lortu dugu, esleipena egitean baldintzetako bat energia berriztagarria izan behar duela jarriz. Hori udalerri guztiek egingo balute, energia berriztagarrien eskaera handia izango zen, eta horrek lagunduko luke iturri fosilen menpe dagoen eredu energetikoa aldatzen. Eskolekin ere lanean ari gara eraginkortasun energetikoaren inguruan. Aurrezten den erdia diru laguntza moduan ematen diogu berriz ere eskolei, eta beste erdia erabiltzen dugu eskoletan gehiago aurrezteko neurriak hartzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.

Eta nola aurrezten duzue energia?
Eraginkortasun energetikoaren bidez. Gure azpiegituretatik zeinek kontsumitzen duen gehien ikusi dugu eta hortik hasi gara. Ez da beraz inbertsioak egitea, baizik ohiturak aldatzea. Adibidez, eskoletan aparagailu informatikoak guztiz itzaltzeagatik, standby-ean utzi gabe, 6.000 euro aurreztu dira. Beste ohitura bat izan da berogailua gauean piztuta ez uztea eskoletan. Azkenean, zentzuz jokatzea da.

Nola parte hartzen dute herritarrek proiektuan?
Rubi Brilla Komunitatea osatu dugu eta bertan parte hartzen dute hainbat familiek. Aparagailu bat dute etxean eta gero aplikazio bat, Gipuzkoan jartzeko asmoa dutena, eta familiek %12a aurreztu dute fakturan. Bestalde, lanean ari gara, hitzartutako eskolekin eta kirol elkarteekin. Horrez gain, Energia guztiontzat egitasmoa dugu. Baliabide ekonomiko urriak dituztenen etxeetara joaten gara ikustera zertan hobetu daitekeen bere energia kontsumoa; adibidez, leihoak aldatuz, ez dutelako ondo isolatuta.

Esan daiteke, poltsikoak zeresan asko duela energia kontsumoa aurrezterakoan?
Herritarrak kontzentzia hartzen du poltsikoaren bitartez, baina nik uste dut garrantzitsuagoa dela ideia. Argi izan behar dugu aldaketa klimatikoaren gaiak arriskuan jartzen duela planeta guztia, gu barne noski, eta neurriak hartu behar ditugu. Eredu energetikoa aldatu behar dugu, eta energia berriztagarrietara jo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!