Bidebieta eraberritzeko lehen pausoa, 115 autorentzako aparkalekua

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mar. 25a, 16:12

Auzoetako mantentze planaren baitan, milioi bat euroko aurrekontua izango du aparkalekuak; San Joan jaien ondoren ekingo diete lanei.

Ikasturte hasieran jakinarazi zuen, Tolosako Udalak, auzoetako mantentze plana abiarazteko asmoa; 2013ko aurrekontuaren likidazio positiboa medio, 200.000 euro bideratzen ari dira, horrela, Berazubi, Iurre, San Esteban eta Izaskun-Bidebieta auzoetara.

Horrela, bizilagunekin beharrezko bilkurak egin eta haien iritzia jasota, martxan da Bidebieta auzoko eraberritzearen lehen fasea. Besteak beste, udalak auzo horretako mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetu nahi ditu eraberritze lanekin, izan ere, ezkaratzetako sarbideak nahiz etxe arteko pasabideak oso mugatuak dira, irisgarritasunari dagokionez.

Bide horretan, atzo bertan aurkeztu zieten bizilagunei, proiektu zehatza: 115 autorentzako aparkalekua eraikiko dute, Bidebieta auzoko azken etxebizitza blokearen eta N-1 errepidearen arteko berdegunean. "Auzoan oinezkoei eman nahi diegu protagonismoa, ia-ia peatonal bilakatu arte, baina, horretarako, autoz libre utzi beharra dago eremua", dio Ibai Iriarte alkateak.

Imanol Agirre udal arkitektoak ere bat egin du Iriarterekin, eta argi azaldu du egitasmoaren xede nagusia "bizilagunen bizi baldintzak hobetzea" dela; horri begira, "aparkaleku beharrari erantzun bat eman behar zaio, ondoren irisgarritasun baldintzak bete ahal izateko".

Autoentzako espazio jasangarri bat

N-1 errepidearen eta Bidebietako azken blokearen artean berdegune zabala dago, gaur egun, eta lursail hori izango da autoak uzteko espazioa: "Proiektua egiterakoan, bereziki saiatu gara paisaia-bisuala ahalik eta gutxien aldatzen. Izan ere, badakigu bizilagunek aparkaleku hori eskertuko dutela, baina gaur egun berdegune bat dago, eta begetazioa mantenduko dugu, ahal den neurrian", dio Agirre arkitektoak.

Aparkaleku berrian, beraz, landaredia gehiena mantenduko dute eta, horrekin batera, zuhaitz berriak ere landatzeko asmoa dute. Gainera, esku-hartzea ahalik eta jasangarriena izan dadin saiatuko dira, azaldu dutenez: "Material jasangarriak erabiliko ditugu, eta LED argiteria erabiliko dugu".

Autoentzako guneari dagokionez, sarrerak eta irteerak leku beretik egin beharko dituzte ibilgailuek, behin lanak amaitutakoan: Eskolapioetara igotzeko aldapan, N-1eko zubiaren azpian egingo dute parking-era sartzeko arranpa. "Sarrera eta irteera leku desberdinetan jartzen saiatu ginen, baina espazioa oso mugatua da, eta ezinezkoa litzateke".

Horrela, behin aparkalekura sarbidea zehaztuta, autoak alde banatan aparkatu beharko dira, baterian, eta tartean bi norabidetako bidea izango da; autoek bira hartzeko, halaber, aparkalekuak bi gune izango ditu, bi izkinetan.

Aldaketa bisuala gutxienekoa izateko ahalegin horretan, proiektuan ahalik eta horma gutxien erabiltzen saiatu dira udal arkitektoak eta, beraz, eremuak berezkoa duen malda begetazioarekin osatuko dute: "Aparkalekuak, gainera, auzoarekin lotura izango du aldaka nahiz eskailera bidez".

Aipatzekoa da, azkenik, parking-eko sarrera berrian bizikletentzako aparkaleku bat ere egokituko dutela eraberritze lanen baitan: "Eskolapioetara igotzeko pendiza handiena gune horretatik aurrera du maldak eta, beraz, hor utzi ahal izango dituzte bizikletak, N-1eko zubiaren azpian".

Eraberritze lan horietara ia milioi bat euro bideratuko ditu Tolosako Udalak; zehazki, 986.170 euro.

Ikasturte amaieran, hasiera

Bidebieta auzoko bizi-baldintzak hobetzeko lanak ekaina amaieran hasiko dituzte, San Joan jaien ondoren, eta sei hilabete beharko dituzte: "Gure asmoa auzotarrei ahalik eta oztopo gutxien sortzea da, eta ikasturtea amaitu ondoren hasiko gara lanean, ikasleen joan-etorririk ez denean, opor garaian", dio Ibai Iriartek.

Proiektua adostu eta aurkeztu dute jada, eta Tolosako Udalak egitasmoa onartzea da hurrengo pausoa. Ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere ontzat eman beharko du aparkalekuaren proiektua, N-1 errepideari eragiten diolako. Azkenik, obra esleitu eta eraberritze lanekin hastea izango dira eman beharreko pausoak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!