Autoa partekatzeko sistema bultzatuko du Aldundiak Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2015ko mar. 25a, 18:08

Lurraldekar proiektuaren oinarria da herritarrek autoa partekatzeko tresna bat izatea. Datorren asteko plenoan eztabaidatuko dute. 

Europa iparraldeko hainbat herrialdetan duen arrakasta ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiak autoa partekatzeko sistema berritzailea bultzatuko du bederatzi udalekin batera, eta tartean da Tolosakoa. 

Autoa partekatzeak, ordea, ez du esan nahi bidaia batzuk elkarrekin egitea, autoa bera hainbat lagunek erabiltzea baizik. Hau da, auto jabeak, autoa gutxi erabiltzen duelako edo beste arrazoiren batengatik, beste erabiltzaile batzuen esku uzten du eta haiekin partekatzen ditu autoaren gastu guztiak, bakoitzaren erabileraren arabera.

Egitasmo honen bidez, urtean 1.000 eta 2.500 euro artean aurreztera iris daitekeela dio Aldundiak. Horrez gain, mugikortasun ohiturak aldatu eta autoa gutxiago erabiltzeko joera sustatzen du. Berdintasun soziala, aldaketa klimatikoari aurre egitea eta tokiko ekonomia garatzea dira, besteak beste, Aldundiaren esanetan, ekimen honen onurak.

Donostia, Irun, Zarautz, Ordizia, Hernani, Bergara, Oñati eta Urretxuko udalek egin dute bat proiektu honekin. Bihar sinatuko dute protokoloa Aldundian, eta Tolosan, berriz, datorren astearteko plenoan eztabaidatuko dute.

 

NOLA EGIN ERRESERBA?
Bi modu daude: www.lurraldekar.eus webgunearen bidez edo mugikorraren bidez. Autoaren erabilera denbora zehaztu beharko da, eguna eta ordua finkatuz. 

NOLA EGIN AUTOEN ESKU-ALDATZEA?
Auto-jabearen eta erabiltzailearen artean adostea beharrezkoa izango da. Giltzen kopiak egin edota konfindantzazko lekuren batean uzteko aukera ere badago. Bidaia amaitzean, hitzartutako lekura itzuli beharko lituzte erabiltzaileak bere giltzak. 

NOLA ERREGISTRATU BIDAIAK?
Autoak ordenagailua ez badu, bidaien erregistroak modu manualean egin beharko dira, horretarako prestatuta dagoen ‘erregistro liburu’ bat erabiliz. Erregistro liburu hau auto barruan egongo da. Lurraldekar mugikorrerako funtzio baten bidez ere egin ahal izango da. 

NOLA ADOSTU PREZIOA?
Prezioa modu justuan zehazteko, aldagai garrantzitsuenak hartzen dira kontutan: aitzinatasuna, zergak, asegurua, mantenua, erregaia... Kilometrotan neurtuz gero, 0.25-0.30 euro/km-ko prezioa izaten dute bataz beste. Bidaiaren ondoren depositoa betetzea ez da derrigorrezkoa izaten, baina laurden bat beteta uztea gomendatzen da, hurrengo erabiltzaileak arazorik gabe erabil dezan. 

ASEGURUAREKIN ZER?
Partekatzen diren auto guztiak "orotarikoarriskua" deituriko bermearekin egongo dira. Era berean, derrigorrezkoa den ardura zibileko harpidetza babesa ere izango dute. Erabiltzailea aseguru horrek eskeintzen dituen estaldura guztien onuradun izango da.

ZER EGIN GERTAERAREN BAT DAGOENEAN?
Gertaera desegokien kudeaketa aurreikusi eta ardurak zehazteko, berau arautuko duen kontratua izenpetzea derrigorrezkoa izango da. Bestalde, isun bat denean, kolpe bat ematean, edo antzeko egoeretan elkartasunez jokatzea eskatzen da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!