«Moto eta autoetako lasterketetan ingeniari bezala lan egin nahi dut»

Maier Ugartemendia 2015ko mar. 26a, 11:29

Dani Domenech tolosar ingeniariak Kataluniako Monlau Repsol Technical School-eko masterraren amaierako proiektuan Espainiako Karting Txapelketan parte har dezakeen kart bat egiteko aukera izan du.

Dani Domenechek (Tolosa, 1987) betidanik izan du gustuko motor mundua. Hain zuzen ere, horregatik Ingeneritza Mekanikoko Gradu ikasketak amaitu ondoren, Kataluniako Monlau Repsol Technical School-en Ingeneritza Masterra egitea erabaki zuen. Masterraren amaierako proiektuan, Espainiako Karting Txapelketan parte har dezakeen kart bat egiteko aukera izan du.

Lasterketarako balio duen sortze prozesuan parte hartu duzu. Zein izan da proiektua?
Nik Kataluniako Monlau eskolan ikasi nuen, eta bertan master bukaerako proiektua izan zen. Urte guztian zehar garatu genuen, eta Repsolek 5.000 euroko laguntza eman zigun, proiektua garatzeko. Kopuru hori ezin genuen gainditu, eta proiektua gauzatu ahal izateko merkatua aztertu behar izan genuen. Gure kart-a sortu behar izan dugu; ideia pentsatzeaz gain, fabrikatu eta pistan jarri dugu, probatzeko.

Nolatan sortu zitzaizuen kart-a eraikitzeko ideia?
Eskolak bi proiektu jarri zizkigun aukeran: Moto 3-ko modalitateko motor bat egitea edo kart-a. Bi taldetan banatu ginen; kart-a egiteko 16 pertsona eta motorra egiteko 14. Aurtengo aukerak horiek ziren, baina iaz esate baterako, kart-a egin zuten baina maketa batean. Urtero eskolak proiektu ezberdinak proposatzen ditu.

Zer prozesu jarraitu behar da kart-a sortzeko?
Merkatuan zer zegoen aztertu behar izan genuen, benchmarking-a deritzona: zer nolako kart-ak lehiatzen duten, zeintzuk irabazten duten, zein ezaugarri dituzten… Batetik zein aukera zeuden begiratu behar genuen, eta bestetik guk zer egin genezakeen. Gero bost taldetan banatu ginen, arlo ezberdinak lantzeko: txasisa, direkzioa, trakzioa, ergonomia eta balaztak. Ni esaterako txasisaren taldean nengoen, bertan sei pertsona geunden. Gure eginbeharra beste markek zer nolako txasisak zituzten aztertzea zen, eta hor materialarekin jokatzen joan; betiere araututa dauden arauen barruan. Gainera, Mondragon Unibertsitateko Goierri campusarekin lan egin genuen. Beraiei txasis zahar bat eman genien aztertzeko. Proba batzuekin ikusi zuten zer materialez osatuta zegoen eta zer nolako tratamendua izan zuen. Hortik abiatuta ikusi genuen gure txasiserako zer nahi genuen. Ondoren, ordenagailuan 3D-ko simulazioak egin genituen, 600 ordutan. Gainerako taldeek ere euren lanketa egin behar izan zuten.

Ondoren eraikitze prozesua etorriko zen, ezta?
Horren guztiaren ondoren, zer erosi behar zen eta zer eraiki edo diseinatu behar genuen ikusi genuen. Egindako simulazioak balioztatzeko benetako txasisa hartu eta programako simulazioak errealitatean egin genituen. Bertan ikusten genuen zein akats genituen eta zuzen ari ote ginen ala ez. Lortu nahi genuen emaitzatik nahikoa gertu geundela ikusitakoan, aurrera jarraitu genuen eta egin beharreko azterketak egin ondoren, txasiserako sei proposamen genituen, gure artean aukeratzeko; azkenean bakarra aukeratu genuen. Osagai guztiak marraztu eta gero, ordenagailuan muntatu genituen, elementuen artean interferentziak zeuden ikusteko eta egon zitezkeen akatsak aurkitzeko. 150 plano inguru egin ziren, eta abuztuan Galiziara bidali genuen, bertan fabrikatzeko. Urrian muntatu genuen, pistan jarri eta ondo zihoan probatu genuen.

Helburua ibilgailuak Espainiako Karting Txapelketan parte hartzea da.
Kart-ak homologatuta egon behar du txapelketa horretan parte hartzeko. 7-12 urte arteko umeentzat da, kadete-alebin kategorietan kokatzen da. Homologazio fitxa lortzeko bidali zen Galiziara, izan ere, bertan dago Espainian kart-ak egiten dituen pertsona bakarra eta berak du homologazioen fitxa. Berak emandako neurri zehatz batzuetan egin behar genuen kart-a, eta fitxa horrekin posible dugu kategoria horretako edozein lasterketatan parte hartzea.

Zein ezaugarri ditu ibilgailuak?
Txasisak esaterako homologazioko fitxan jartzen dituen neurriak bete behar ditu. Zazpi edo zortzi kurba izan ditzake gehienez, eta erabilitako materiala ere homologatuta egon behar du. Motorrak ere kategoria horretarako egokia izan behar du; guri Rotax markak eman zigun doan eta 13,6 zaldi ditu potentzian.

Gustura gelditu zarete lortutako emaitzarekin?
Oso gustura! Txikitatik daukagun ametsa da, eta zuk egindako eta diseinatutako kart-a pistan ikustea, eta ondo doala ikusteak poztasun handia sortzen du.

Zuk motor mundua gustuko izanda, kart-a probatzeko aukerarik izan al duzu?
Ez. Kart-a 7-12 urteko haurrentzat egina zen, txikia zen eta ez ginen bertan sartzen. Baina, bestela ere ez dugu probatzeko aukerarik izan.

Ibilgailu honekin lanean jarraituko al duzue? Ala amaitu da zuei dagokizuen lana?
Gure taldearentzat bukatu da lana. Aurten berriro hasi da masterra eta uste dut kart-a hobetzen jarraituko dutela.

Aurrera begira horrelako proiekturen bat izango duzu esku artean?
Gustatuko litzaidake horrelako proiektu batean, edo lasterketatan parte hartzea. Horretan gabiltza ikaskideok. Nire helburua moto eta autoetako lasterketetan ingeniari bezala lan egitea da edo diseinatzaile aritzea. Gutxienez lasterketekin zerikusia duen zerbaitetan aritzea.

Erraza al da horrelako zerbaitetan lan egin ahal izatea?
Batzuek lortu dute jada. Azken finean kategoria asko daude, batez ere autoetan. Aukera egon badago, baina ez da hain erraza. Behin jendeak zu ezagutzen bazaitu, ez da hain mundu handia eta errazagoa da.

Eta zuk non aritu aukeratzea izango bazenu?
Kotxeetan aritzea gustatuko litzaidake, berez 1 Formulan; baina hori urruti dago. Kategorietan igotzen joan behar da pixkanaka. Gure irakasle batzuk Marc Marquez moto gidariarekin ingeniari bezala lanean aritzen dira edo aritu izan dira, eta orain Moto 3an sartu berri den eta Marquezekin konparatzen duten, Fabio Quartararorekin praktikak egin ditugu. Beraz, ezinezkoa ez da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!