‘Piñudi barrena’, artea baino gehiago

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko api. 22a, 10:01

GKo galeriaren erakusketak Kanadako bi sortzaileren lanak biltzen ditu, Claire Kujundzic eta Bill Horne

Tolosako GKo galerian Claire Kujundzic eta Bill Horneren lanak ikusi daitezke hilaren 27a arte.
Piñudi barrena erakusketak Kujundzicen margoak eta Horneren serigrafiak biltzen ditu. Sormen lan hauen bidez zuhaitzak galeriara sartu dituztela diote, «baso bateko zuhaitz bakoitzaren konplexutasunari egin diogu dei», gaineratu dute. Sortzaileak dira, artea lantzen dute, baina euren sorterrian, Kanadan, bizi duten basogabetzea era salatzen dute euren lanarekin. Izan ere, kakalardoek, egurrarekin lan egiten duten enpresek eta suteen beherakadak pinudi asko desagerrarazi dituzte.

Tolosatik erakusketa itxi eta segituan joango dira, Asturiasko bidea hartuko dute, bertan Juan Barbe artisauarekin bilduko baitira. Barbek Zizurkilen izan zuen papera egiteko tailerra duela urte batzuk, eta bera da hain justu, Tolosarekin lotu dituena. «Duela urte batzuk Tolosan hiru egun eman nituen eta Paper Eskolan izan nintzen, baina itxita zegoen. Paper Eskolan nik egindako papera utzi nahi nuen oparitan. Eskolakoek e-mail bat bidali zidaten ikasle ohi bat ezagutu ote nahi nuen galdetzeko, Juan Barbe. Baiezkoa eman nuen noski, eta Zizurkilen zuen tailerrera joan nintzen, ondoren berarekin lan egiteko itzuli ginen, eta orduan ezagutu genuen GKo galeriako Garikoitz», azaldu du Hornek.

 

Claire Kujundzic eta Bill Horne • Artistak

«Zauriak sendatzen lagundu nahi dugu»

Salaketa ozena egiten dute Claire Kujundzic eta Bill Horne kanadarrek Tolosako GKo galerian dituzten lanetan. Piñudi barrena erakusketak Kanadako pinudietan sartzeko aukera ematen du, naturarekin duten harremana «estua» baita. Ama lurra zaindu egin behar dugula nabarmendu dute eta baita «polita» hitza errepikatu behin baino gehiagotan, euskaraz, edertasuna ere bilatzen baitute euren lanean. Dena den, euren sorkuntza ez da salaketara mugatzen. Hornek serigrafiak egin ditu eta Kujundzicek margoak.

Kakalardoek pinuetan eragiten dituzten kalteak islatu dituzue lan hauetan.
Bill Horne: Kakalardoen izurriteak pinu gehienak hil ditu zonalde batzuetan. Izurritea eman da klima aldaketarengatik hotz gutxiago egiten duelako, egurrarekin lan egiten duten enpresen jarduerarengatik –monolaborantza egiten dutelako– eta sute gutxiago daudelako. Suteek kakalardoak akabatzen zituzten, besteak beste.

Noiz hasi zineten gai hau lantzen?
Bill Horne: Claire 2008 eta 2009. urteen inguruan hasi zen pinuen inguruko pintura sail bat egiten. Belakiekin zuhaitzak egiten hasi zen.

Claire Kujundzic: Berotzeko erabiltzen genuen su egurra pinuetakoa zen eta su egur horri begira hasi nintzen. Era berean, inguruari erreparatzen nion; paisaiak nola aldatu diren, herriak nola eraldatu diren fabrikak itxi direlako... Eta halako batean, kakalardoek pinuetan uzten dituzten pitzadurak ikustean, konturatu nintzen oso interesagarriak zirela, Egiptoko hieroglifikoak ematen zuten, hennarekin egiten diren marrazkiak edota Espainiako kobetako aztarnak. Pitzadura horiek hitz egiten dutela iruditu zitzaidan, oso interesgarria. Bill lerro haiek marrazten hasi zen, arrakala horiek egiten, errepideak izango balira bezala, eta kolore berde eta gorria erabiltzen zituen. Izan ere, kakalardoaren ‘erasoak’ hiru pausotan ematen da: pinuak lehenengo berde kolorekoak dira, barruan, elikatzen, kakalardo asko daudelako; ondoren gorritu egiten dira; eta azkenik, gristu, lehortu egiten dira.

Urdin koloreak ere zeresan berezia du zuen lanean.
Bill Horne: Kakalardoekin batera onddo bat zabaltzen da pinuetan eta orban urdin bat uzten du. Onddoek eta kakalardoek batera hiltzen dituzte pinuak. Serigrafietako batzuk urdinak dira horrexegatik, onddoarengatik.

Claire Kujundzic: Nire margoetan kolore urdina dago pinuen barruan, zerua izan daiteke eta baita onddoak uzten duen arrasto urdin hori, bakoitzak egin dezala bere irakurketa.

Claireren lanetan irekitzen diren zirrikituetan emakumeon itzala ikusten dut nik, zauria balitz bezala...
Claire Kujundzic: Zuhaitzak lurrean daude, eta lurra ama lurra da, ezin dugu ahaztu, horregatik diozun hori. Lurraren bortxaketa ematen ari da eta hori ere adierazi nahi dut. Ama lurraren, basoen eta emakumeen bortxaketaren metafora bat dira. Emakumeen bortxaketarena eta gure kontrako indarkeriarena mundu mailako arazoa da. Mezu gogorra eta hauskorra da aldi berean, horregatik irudikatzen ditut ere bihotzak arrakala horien inguruan. Zauriak sendatzen dira eta guk horretan lagundu nahi dugu, baliabideak eman nahi ditugu.   

Tolosan bertan ikusgai dauden lanetariko batzuk egin dituzue, ezta?
Bill Horne: Hona ez ditugu lan guztiak ekarri, ezin genituen lanak maletetan ekarri, eta GKon ikusi daitezkeen lan batzuk hemen egin ditut, berriak dira. Lan hauek, dena den, lehen aldiz Espainian erakutsi genituen. 2011n mundu mailako baso-patologia biltzar bat egin zuten Montesclarosen, Reinosa hegoaldean (Kantabria). Mundu osoko 75 zientzilari joan ziren eta oso interesgarria izan zen. Asko ikasi genuen eta arazo hau mundu guztian ematen dela ikusi genuen. Arantzazun izan ginen atzo –herenegun–, eta bertan ere ikusi genituen kakalardoek utzitako arrastoak. Hau hala ere, ez da klima aldaketak eragindako mehatxu bakarra.  

Arazoaren berri emateko gogoz hasi zineten gaia lantzen, hortaz.
Claire Kujundzic: Zuhaitzak egiten hasi nintzen, zuhaitzak eta zuhaitzak. Belakiekin egindako zuhaitzak margoen aurrean ere jartzen ditut, eskulturak izango balira bezala, eta mugimenduan, aske, egongo balira bezala. Kakalardoen arrakalak dituzten egurrak lan batzuen markoak egiteko ere erabili izan ditut. Egur horiek hainbat kolore hartzen dituzte gainera, eta koloreen inguruko azterketa egiteko baliatu izan ditut baita ere.

Ez gaude horren ohituta zientzia eta artea eskutik ikustera.
Bill Horne: Naturan dena dago elkarlotuta eta guk bi arloen artean lotura egin nahi dugu.
Claire Kujundzic: Politak diren lanak ere egin nahi ditugu. Ez dugu itxaropenik ez dagoela islatu nahi, horregatik erabiltzen ditugu berdea eta urdina, aurrera begira itxaropentsu gaudelako. Muturren artean bizi behar gara, oreka bilatu.

Euskara ikasteko saiakera egiten ari zarete, ezta?
Claire Kujundzic: Oso hizkuntza polita da, eta oso interesgarria erabiltzen dituzuen kontzeptuengatik. Natura eta hizkuntza lotuta daudela ikusi dugu eta oso polita da. Hizkuntza zoragarria da, batez ere kontzeptuengatik dut gustuko. Gehiago ikasi nahi dut.
Bill Horne: Edozein hizkuntza ikastean, hasieran, amorrua ere sentitzen duzu ezin dituzulako buruan dituzun ideiak nahi bezala adierazi, baina hizkuntzak menperatzeak askeago egiten gaitu. Jendearekin ondo moldatzeko ezinbestekoa da. Besteen tokian jartzeko oso lagungarria da, jakinduria horrek umilago egiten gaitu eta kultura mantentzeko ezinbestekoa da. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!