Ibai Iriarte: “Inbertsio handiak ez dira zero asko dituztenak”

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko api. 24a, 09:40

'Gipuzkoako Hitza'-rako eginiko elkarrizketa da honako hau. Tolosako alkatetza hartzeak bizitza aldatu zion, duela lau urte, Ibai Iriarteri (Tolosa, 1983). Erabateko dedikazioa eskatzen dion jarduna izan arren, argi du agintaldia "sekulako esperientzia" izan dela, eta mugarria izango duela bere bizitzan.

Lau urte betetzera zoaz alkatetzan. Zein izan dira agintaldi honetako alderdirik indartsuena eta ahulena?
Pertsonak oinarri izanda, gauza txikiekin tolosarren egunerokoa hobetzen saiatu gara. Horrela, indarguneetako bat parte hartzearekin garatu dugu: Ibilerraztasun Plana, Haurren Hiria, ibilbide osasuntsuen mapa, auzoetako mantentze plana eta Mugi Tolosa plana sustatu ditugu, adibidez. Alderdirik ahulena, berriz, ekonomikoa izan da, inbertsiorako gaitasun oso txikia izan dugulako. Elosegi parkeko zorra gainera etorri zitzaigun, eta horrek, urtero, aurrekontu arruntetik milioi bat euro zorra ordaintzera bideratzea ekarri digu. Ondare gogorra izan da.

2011n parte hartzea indartzeko asmoa azaldu zenuen, EH Bilduko hautagai gisa. Bidea urratzen hasita, emaitzarekin gustura?
Parte hartze teknikaria naizenez, argi daukat beti egin daitekeela gehiago. Baina agintaldia Larramendi auzoko galdeketarekin hasi genuen, eta, %67ko parte hartzeaz, auzotarrek erabaki zuten nahi zutena, udalaren iritzien aurka. Udal barruan lan egiteko modua ere horretara bideratu dugu, teknikariak trebatuz. Egitasmo asko jarri ditugu martxan herritarrekin batera, eta, aurrera begira, hori guztia sistematizatzea da gure erronka, baina kontent nago egindakoarekin.

26 milioi euroko zorra 12 milioi eurora jaitsi da udalean. Zein neurri hartu dituzue horretarako?
Gastua erabat kontrolatzea eta diru sarreren aurreikuspenean zuhurtziaz jokatzea. 2011ra bitarte, udaleko aurrekontuen likidazio guztiak negatiboak ziren; hau da, aurreikusitakoa baino askoz ere gehiago gastatzen zen. Guk gizarte politiketan diru laguntzak handitu ditugu, baina, aldiz, ezinbestekoak ez diren gastuak kendu: protokolo gastuak, otorduak, liberatuen soldata nahiz liberatu kopurua. Horrekin batera, inbertsio berrietarako hainbat ate jo ditugu kanpoko diru laguntzak lortuz.

Oposizioak inbertsioak egiteko gaitasunik eza leporatu dizue, behin eta berriro.
Argi genuen guri utzi zigutena ondorengoei ez geniela utzi nahi, ez baita zilegi dagoena baino gehiago xahutzea; maltzurra da. Sartu bezain pronto, 1989az geroztik zetorren karga handi bat gure gain hartu genuen Elosegirekin; 27 milioi eurokoa izan zitekeen karga, eta, negoziazioen ondorioz, 8,5era mugatu genuen. Kontran, ordea, lehen urtean 3 milioi ordaindu behar izan genituen, eta, gero, milioia urteko. Beste batzuek, hori ordaintzeko Tolosagasa saltzea proposatu zuten, baina, gure ustez, ondare bat da, gas hoditeria horrek buruaski egiten baikaitu neurri handi batean. Beraz, argi dago egoerari aurre nola egin diogun: inbertsio handiei ateak itxiz. Izan ere, beharbada garrantzitsuagoa da espaloi guztiak ibilerrazak izatea, proiektu handi bat egitea baino. Inbertsio handiak ez dira zero asko dituztenak soilik.

Zer iritzi duzu hondakinen kudeaketaren auziaz?
Alderdi guztiak %60ko tasa gainditzearen alde geunden. Denok etorkizun garbia nahi baldin badugu; beraz, biltzeko modua kontu teknikoa da. Baina garbi zegoen gai tekniko hori gai politizatu bilakatu zela, eta, kutsu hori kentzearren, hondakinen mahaia sortu genuen, alderdi teknikoa nagusitu zedin. Gipuzkoan lehenak izan ginen, eta, adituei entzunda, adostasun politikoa zen helburua, baina ez genuen lortu. Beraz, sistema berritzailea proposatuta, ikusi dugu helburua bete dela, EAJk eta PSE-EEk onartu ez duten arren. Horren froga da Tolosako sistemak Tolosatik kanpo erabateko adostasuna lortu izana Arrasaten, Azpeitian, Deban nahiz Zumaian. Askotan, alderdien arteko ika-mikek edozein adostasun saihesten dute. Batzuek ezezkoa zuten mahai gainean eztabaida hasterako.

Tolosaldeko osasun zerbitzua ere gakoa izan da. Zuen eredura iristeko aukerarik ikusten duzue?
Azaroan amaitzen da Osasun Sailak Asuncion klinika pribaturekin duen hitzarmena: urtean 20 milioi eurokoa. Hori ez berritzea da gure helburua, eta 2011ko egoerara itzultzea, itunera. Aurrerago, klinika publiko egitea proposatzen dugu, baina, lehenik, anbulatorioan mediku espezialista guztiak berrezarri behar dira. Zenbait espezialitaterekin lortu dugu; beraz, herri mugimenduarekin batera borrokan segituko dugu.

Agintaldiari begiratua egiten hasita, halabeharrez, Carlos Urkijo aipatu behar da. Euskara lehenetsiz tinko segituko duzue?
Noski, euskaraz gara edo ez gara, argi dugu. Urkijok agintaldi honetan zortzi salaketa jarri dizkio Tolosako Udalari, euskaragatik, Udalbiltzari laguntzeagatik, Espainiako banderagatik, diru laguntzengatik... Guk argi dugu etorkizuneko Euskal Herriaren eraikuntzan udalak zutabe direla, eta ez garela probokazioetan eroriko. Iparra argi, lanean segituko dugu; non egingo dugu euskaraz, bestela, hemen ez bada? Gure herritarren hizkuntza eskubideak defendatzen segituko dugu, bihotza bero, baina burua hotz.

Tolosa aitzindari izan da gastronomia elkarteetan parekidetasuna jorratzen. Zein emaitza ematen ari da prozesu hori?
Sakoneko aldaketak proposatzen direnean, emaitzak ere luzera etortzen dira. Gogoeta prozesu luze bat egiten ari gara, eta, emakumeez gain, elkarteek gizartean duten egitekoaz ere hitz egiten dugu. Izan ere, elkarte gastronomikoak Tolosaren izaera dinamiko horren oinarri dira: inauterien zutabe eta jarduera askoren antolatzaile. Belaunaldi berriei itxaron gabe, bide onetik goazela uste dut.

Aurreko bi agintaldietan udalean ordezkaritzarik izan ez duten ahotsak elkartu dituzue EH Bildun. Horrek Tolosari aldaketa ekarri dio?
Noski. Udala herritarren nahiaren eta gogoaren esparru baldin bada, sentsibilitate politiko guztiek bertan egon behar dute. Aurreko zortzi urteetako egoera erabat antinaturala zen, bizikidetzaren aurkakoa. Iritzi guztiak ez zeuden, eta, ez da ahaztu behar, legez kanporatzearen aurretik Tolosan indar politiko bat zegoela agintean eta, zortzi urtez legez kanporatuta egon ondoren, indar horrek irabazi zuela berriro. Orain, normalizazio politikoan aurrerapausoak ematen ari garela uste dut, adibidez, herriko Bizikidetza Foroaren dinamizazioan.

Zure lehen agintaldia izan da. Nola aldatu dizu bizitza?
Erabat. Lehen, pertsona anonimo bat nintzen, eta, orain, pertsona publiko bat. Lehen, zortzi orduko lanaldia nuen, eta, orain, erabateko dedikazioa eskaintzen diodan lanpostu bat dut. Eta, ondorioz, ordu horiek guztiak nire familiari, bikotekideari edo lagunei kendu behar izatea ere ekarri dit alkatetzak. Aldi berean, ordea, jende ikaragarria ezagutu dut, eta esperientzia ikaragarrietatik ikasi dut lau urteotan, eta oso urte intentsoak, biziak izan dira, emozioz beteak. Erabat aldatu dit bizitza, eta argi daukat, gainera, bizitza osorako aldatu didala, bestela iritsiko ez nintzatekeen leku askotara iritsi bainaiz. Oso ontzat jotzen dut epealdi hau, eta berriro aurkeztu gara, helburu batzuk oraindik betetzeko ditugulako. Baina argi daukat postu honetan, gehienez ere, zortzi urte egotea dela onena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!