Zerkausiko baserritarrei omenaldia egingo diete larunbatean

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mai. 5a, 11:00

Sukaldarien eta baserritarren arteko harremana sustatu nahi dute, bertako produktuak sustatuz

Igaro berri den asteburuan ardi gaztari protagonismoa eskaini diote, Tolosako azokako Lurretik sukaldera postuan. Datorren larunbata, ordea, zinez berezia izango da Zerkausian, eta udaberriko fruitu eta barazkien etorrerarekin batera, festa antolatu dute baserritarrak omenduz.

Arrate Iturbe Tolosako azokako dinamizatzaileak Ataria Irratian azaldu duenez, oso komenigarria da bertako baserritarren eta sukaldarien arteko harremanak sustatzea: «Sukaldariak dira egunero-egunero beren platerak prestatzen dituztenak eta, baserritarrak ekoizle diren aldetik, iruditzen zaigu komenigarria dela sukaldariekin harremanak sustatzea, baserritarren produktu horiek Tolosako sukaldeetan egon daitezen».

Aurtengo negua bereziki gogorra izan da Tolosaldeko ekoizleentzat, eguraldiak ez baitu jardun horretan lagundu. Horregatik, eta Zerkausira astero-astero bertaratzen diren ekoizleen lanari bultzada bat emateko asmoz, Lurretik sukaldera postuaren ideiari buelta bat ematea pentsatu dute azokako arduradunek eta Tolosako Gourmetekoek: «Tolosa Gourmeteko sukaldariekin bezala, zergatik ez gauza bera egin Gipuzkoako sukaldariekin ere? Azoka ezagutzeko aukera emango diegu, eta elkartasun jardunaldi bat antolatuko dugu».

Azokak eta festak bat

Maiatza nekazarien hilabetetzat hartu ohi da, hilaren 15a San Isidro eguna baita. Horrela, Gipuzkoako hainbat sukaldari Zerkausira gonbidatzearekin batera, egitarau berezia prestatu dute azokako dinamizatzaileek.

11:00etatik 14:00etara bitarteko ospakizuna izango da, eta Maialen Lujanbio eta Unai Agirre bertsolariek izango dute festa giroa piztearen ardura: «Postuz postu kantuan ariko dira, baserritarren nahiz produktuen inguruan bertsoak botaz», dio Iturbek.

Bide beretik eta, bertsolariek epeldutako giroa gehiago goxatuz, Erramun Martikorena abeslaria ere Tolosan izango da, azoka kantuz janzten: «Horren guztiaren bitartez baserritarrei omenalditxo bat egitea da gure asmoa; Zerkausian urteak daramatzaten baserritarrei nahiz hasiberriak diren nekazari gazteei».

Eta, azkenik, sukaldari eta baserritarren uztartzetik pintxoak dastatzeko aukera ere izango da larunbatean: «Lurretik sukaldera postuko sukaldeaz gain, larunbatean Zerkausi osora zabalduko dugu pintxoen eskaintza, eta hainbat postutako produktuak erabiliko dituzte pintxoak egiteko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!