Lehen sektorearen garrantzia eta beharra azpimarratzeko hamaika eta bat egitasmo martxan jarriak dituzte, Tolosan, azokako teknikari eta arduradunek. Joan den azaroan aurkeztu zuten Lurretik sukaldera, azokako produktuak erabiliz jakiak prestatzeko postua.
Horri jarraipena eman eta larunbatero azokara bertaratzen diren ekoizle eta baserritarrei beren lana txalotzeko, larunbat berezia izan da, gaurkoa, Zerkausian.
Erramun Martikorenak ireki du goiza, esku-soinuaz lagunduta, bere kantu ezagunenetarikoak eskainiz. Zerkausiak lepo egin du, eta giro epela sortu da haren inguruan.
Kantu saioa amaitutakoan, berriz, bertsolarien ardura izan da larunbatero Zerkausian eskualdeko lurretako produktuak eskaintzen dituzten baserritarrak hitzez txalotzea. Maialen Lujanbiok eta Unai Agirrek asmatu dute ekoizleak limurtzen eta herritarrei irribarreak pizten, eta baita baserritarren bat edo beste lotsa-gorritzen ere.