Begoña Aristi: "Baserrian gaude benetan nahi dugunok, horren alde egin nahi dugulako"

Imanol Garcia Landa 2015ko mai. 16a, 10:13

Begoña Aristi «zortez» baserrian jaiotakoa da, Tolosako Aldaba Txiki auzoko Isastegi-Goikoan, hain justu. Lau ahizpa dira, bera da gazteena, eta betidanik gustatu izan zaio baserria, baserri ingurua eta bizimodua.

«Garbi samar nuen hemendik saiatu nahi nuela bizimodua ateratzen, eta gurasoek horretarako aukera eman didate». Fraisoron egin zituen ikasketak eta handik atera berritan hasi zen baserrian lanean, orain hamabost urte.

Nola hasi zinen?

Garbi nuen eta betidanik hala izan dut, baserri dibertsifikatua izan nahi nuela, ez nuela gauza bakarrean aritu nahi. Banekielako sektorea aldakorra dela, eta hanka batek huts egiten badu, bestea hor izatea ona izaten da. Baratzearekin hasi nintzen. Nire gurasoek esne behiak zituzten, gero kendu eta larre behiak jarri genituen. Oilo mordo bat ere baditut. Azkenean kontua da helduleku bat baino gehiago izatea. Gaur egun ere hala jarraitzen dut, eta baserri guztietan bezala, bere aldaketekin, bere gorabeherekin...

Zein salmenta mota egiten duzu?

Salmenta zuzena da gehienbat egiten dudana, etorkizuna hori dela pentsatzen dudalako. Zuzenean salduz gero, baserritarrari etekin gehiago geratzen zaio. Nik uste dut bidea hori dela; ahal duenak behintzat, denek ezin baitute egin. Baserritarraren arabera eta produktuaren arabera, egokitzen joan daiteke, baina denek ez dute aukera hori. Nire erronketako bat salmenta zuzena egitea da.

Non saltzen duzu?

Tolosako azokan saltzen dut. Gero Donostiako Bretxan hasi nintzen saltzen. Postutxo bat lortu nuen eta han hasi nintzen ere. Ordiziako azokan ere froga bat egin nuen, baina ez zen ondo atera eta utzi egin nuen. Horrela nenbilela kontsumo taldeak osatzen hasi ziren Gipuzkoan eta aukera horri heldu nion. Tolosan sortu zen lehen kontsumo taldean nago baserritar gisa, eta gero beste talde bat sortu da Tolosan. Aukera egin behar nuen, eta Donostiako postua utzi nuen eta kontsumo taldean buru-belarri sartu nintzen, oso gustura. Eta orain horri eusten nabil, oso aldakorra hori ere bai. Nik uste dut kaleko jendeari kosta egiten zaiola modu horretara kontsumitzea. Batzuei sinesmenagatik bai gustatzen zaiela modu hori, beste batzuk azokara joaten dira, eta beste batzuek beste erosketa modu batzuk aukeratzen dituzte. Baditut nire larreei egokitutako behi batzuk, asko ez, baina ahal dela zuzeneko salmenta bidez kentzen ditut. Arrautzak ere zuzeneko salmentatik bideratzen ditut. Eta hori da nire eguneroko borroka, hori eta familia, gehi etxea... denok ditugun erronka horiek.

Urte hauetan guztietan zerbaitetan aldatu da baserriaren kudeaketa?

Gurasoek baserria zeramatenean, jende asko mugitzen zen baserriaren inguruan. Esku asko zeuden lanerako eta beste modu batera antolatzen zen. Orain hainbeste jende ez gaude. Nahiz eta nik mantentzen dudan, familia-baserria da eta hona inguratzen den edonor esku bat bota dezan saiatzen naiz. Esku asko behar dira hemen. Batzuetan zaila egiten zait bakar samar ikuste hori, lana ezin atera hori. Bilakaera hamabost urte hauetan salmentaren alorrekoak izan dira, baina pentsatu nahi dut pixkanaka lehen sektorearen egoera hobetuz joango dela eta etorkizun oparo bat espero dut. Ea nire seme-alabak ere hortik duintasunez bizitzeko aukera duten, gustukoa badute beti ere.

Gazte jendea gerturatzen da baserrira?

Baserritarren adina gero eta altuagoa da. Baserritik bizitzeko aukera egitea ez da erraza. Azkenean ez da zazpi edo zortzi ordu sartzea, nire soldatatxoa irabaztea eta kito. Baserriak beste eskakizun batzuk ditu, baita beste onura batzuk ere, asko gainera, baina ez da aukera erraza, gustatu egin behar zaizu. Egun gertatzen da kalean ere ez dagoela aukera asko. Baserria sektore erakargarria da gazteentzako bertan lana egiteko, eta bai ari dela jende gazte dezente gerturatzen lehen sektorera, pixkanaka salmenta zuzena eginez. Ea zer bilakaera duen honek, ikusi nahiko nuke sektoreak zer bilakaera ematen duen. Nik esperantza ez dut behin ere galtzen eta irribarre batekin esaten dut azkenean baserrian gaudela benetan nahi dugunok, horren alde egin nahi dugulako. Egoskor samarrak garela esaten da eta agian egia izango da.

Jende berria baserritik bizitzen hasteko zailtasun nagusietako bat baserri bat edota lurrak izatea izango da, ezta?

Dudarik gabe lurrak lortzeko zailtasuna izugarria da; espekulazio handia dago lurrekin ere bai. Onenak diren lurrak, denok dakigun moduan, industriara bideratu dira. Egia da ere baserri asko husten ari direla, eta ez dakit zer formatan baina egon beharko luke bertatik bizi nahi duten gazteek lurrak lortzeko aukera bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!