Denboraldi historikoa, baina amaiera tristea

Asier Imaz 2015ko mai. 25a, 16:30

Laskorain Ikastolak lehen aldiz irabazi du areto futboleko hirugarren maila. Lehen postuak igoera fasea jokatzeko aukera ekarri zuen, eta Errioxako maila bereko txapeldunaren aurka jokatzekotan gelditu zen.

Lehena, etxetik kanpo, 6-4 galdu zuen. Bigarrena larunbatean jokatu zuen, Usabalen. Harmailak lepo zeuden, eta talde horiak bi goleko aldeari buelta ematea nahikoa zuen igoera lortzeko. 3-4 galdu zuen, ordea. «Lehen ametsa liga irabaztea zen, eta hori lortu genuen. Bigarrena, igoera fasea zen, eta ezin izan dugu lortu», zioen Aitor Garzia entrenatzaileak.  


Partida maldan gora jarri zitzaien laskoraindarrei, entrenatzaileak ongi azaltzen duen bezala: «Partida hasi aurretik markagailuan aurrea hartzea garrantzitsua zela esaten genuen, baina 0-2 jarri ginen. Ondoren gure gola etorri zen, eta baita aukerak ere. Atsedenaldira binakoarekin joatea nahi genuen, baina ez zen posible izan. Bigarren zatian berdindu genuen, hamar minuturen faltan. Sufritzea tokatu zitzaien eurei, baina hirugarrena sartu zuten. Horrek min handia egin zigun». Hortik aurrerakoa nahi eta ezina izan zen. «Buruarekin baina gehiago, bihotzarekin jokatu dugu», zioen Garziak.


Aurkaria ez zen nolanahikoa. Embalajes Blancoko jokalariek maila polita dutela erakutsi zuten Usabalen. Zaletuen babesa izan zuten gainera, Errioxatik bi autobusetan etorri baitziren Tolosara. Entrenatzaileak honela aztertu zuen aurkaria: «Jokoaren arlo desberdinak ederki dominatzen dituzte. Atzean, erdian edo aurrean presionatzeko gai dira, eta estrategia asko landua dute».


Laskorainen denboraldia bere horretan geratu da, baina ezin ahaztu historikoa izan dela; lehen aldiz hirugarren maila irabaztea lortu baitute. Larunbatean Aitor Garziak «dezepzio handia» izan zuen, baina buelta ematen hasita, atsedenaren garaia dela dio. «Orain lasai hartu eta hitz egiten hasi beharko da; bai jokalariekin eta baita ikastolarekin ere. Harrobiko taldeak hor daude, lan filosofia bat hor dago, eta aurrera begira, hitz egin beharko da bakoitzak zer nahi duen aztertzeko. Ni jarraitzeko asmoz nago».


Jokalarien inguruan, Garzia eurekin banaka-banaka hitz egitekoa da. «Igoera lortzen bagenuen jarraitzeko asmoa zuten jokalariek, orain berriz hitz egin beharko da. Azken hiru urteak elkarrekin daramatzagu, eta guztiek jarraitzea gustatuko litzaidake niri». Amaiera baino jarraipena izatea nahiko luke entrenatzaileak larunbatean bizitakoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!