Kexa artean zabalduko ditu ateak, bihar, Carrefourrek

Tolosaldeko Ataria 2015ko mai. 26a, 13:17

Bihar inauguratuko dute Larramendi auzoko Carrefour berria, baina horren aurkako eta herriko merkataritzaren aldeko kartelak azaldu dira auzoan.

Bolo-bolo ibili da Carrefourren irekieraren gaia tolosarren artean. Uste baino beranduago amaitu dituzte obrak, geldialdi bat tarteko, eta horren arrazoien bertsio ugari dira herrian. Dena dela, badu irekiera data: bihar.

Carrefour Market deiturikoarena, 2.074 metro karratuko espazioa izango da, tartean autoentzako aparkalekua, eta konpainiak adierazi duenez, eskualdeko 51 pertsonari emango die lanpostua.

Kezka eta kexak herrian

Irekiera honek, ordea, kontrako iritziak ere sortu ditu herrian. Tolosa&Co merkatari elkartea gaiaz arduratu zen konpainiak lurrak erosi zituela ohartu ondoren. Udalak, dena den, berretsi zuen "herriko merkatariekin elkarlanean" jarraituko zuela, eta gaineratu zuen ezin zuela legalki eta juridikoki ezer egin obra hori saihesteko.

Gaur, berriz, Larramendi auzoan pankartak eta kartelak agertu dira. "Ez eskerrik asko! Herriko denda txikiak nahiago" irakur daiteke horietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!