Lander Egiaren bizitzako abentura

Iñigo Terradillos 2015ko uzt. 2a, 12:22

Iragan urteko martxoan ekin zion Lander Egiak Tokiora iristeko abenturari. Hamabost hilabete pasatxo dira Lander Egia bidaiariak Tolosa atzean utzi zuenetik. Tokio jarri zuen jomuga, eta garraiobide moduan, bere bizikleta.

Urtebete inguru iraungo zuela bere abenturak aurreikusi zuen, baina, ez zuen erabat zehaztu epea, ez eta ibilbidea ere, geraleku batzuk unean uneko bizipenen arabera utzi zituelarik. Azken geltokia geroz eta gertuago du tolosarrak, India iparraldean baitago une honetan; oraindik baina, pedalkada ugari emateko, eta bidean bizipen ugari gordetzeko, lagun asko egiteko, ikuspegi ederrez gozatzeko, kultura desberdinak ezagutzeko... Horrela ari baita kontatzen ziurrenik bere bizitzako abentura izango denaren esperientzia.

Euskal Herria izan zen bere abenturaren abiapuntua, eta Espainia eta Herrialde Katalanak igaro ostean Frantzian sartu zen bi asteren buruan. Montpellier, Grenoble, Albertville, Chamonix eta Les Hauches herrietatik igaro, eta Suitzara bidean jarri zen. Leman lakua inguratuz Lausanne, Neuchatel eta Erlach bisitatu zituen, eta Zurichetik pasa ostean, bi hilabete igaro eta gero, Alemaniako lurrak zapaldu zituen.

Immenstadt, Fussen, Wolfratshausen eta Munich zeharkatu eta Austriako Salzburgo hirira iritsi zen ekainean. Eslovenian sartu zen Italiako Tarvisio herritik barrena doan trenbide bati jarraituz. Behin Eslovenian, Bled izeneko lakura iritsi zen, eta handik, Lubianarako bidea egin, eta Kroaziarantz abiatu zen.

«Poztasun eza»

Herrialdetik herrialdera aritu zen ordura arte, eta Kroaziara sartzean lehen desberdintasunarekin egin zuen topo, aurreko mugetan ez bezala, bertan ezin zela geratu gabe jarraitu, pasaportea erakutsi beharra dagoela alegia. Mugako gorabehera txiki hori gainditu, eta Zagrebera bidean jarri zen tolosarra. Lurralde horietan gerraren ondorioek eraginda herritarren artean «poztasun eza» nabaritu zuen bidaiariak. Bada, kostaldetik Bosnia gurutzatuz Serbiarekin egin zuen bat uztailaren amaieran, hau da, abentura hasi eta lau hilabetera.

Lazarevac, Belgrado, eta Krusevac herriak bisitatu ostean, Kosovo eta Albania gurutzatu zituen. Bi herrialdeak, eta batez ere Albania, ordura arteko lurralde interesgarrienak iruditu zitzaizkion, eta etorkizunean itzultzeko helburuarekin, Atenasera bidean jarri zen.

Atenas atzean utzi, eta Korintoko kanala zeharkatuz, Peloponesosko itzuliari ekin zion, Nafplio eta Esparta bisitatuz, eta baita, 30 biztanle dituen Melissa herria ere. Inguru horretan, Peloponesoko gailurrik altuena, (Taygetos 2.407 m) igotzeko aukera ere izan zuen.

Asian barrena

Abuztuaren amaiera zen Turkiaralp sarrera egin zuenean. Ordurako 6.800 kilometro zituen eginak. Istanbulera bidean jarri, eta han egun batzuk igaro eta gero, Itsaso Beltzeko kostari jarraituz ekialderantz abiatu zen. Trabzon hirian zela Irango bisatua egin zuen, eta handik Georgiarako bideari ekin zion. Georgian sartzean erlijioarekin loturikoa izan zen aldaketa nabariena, eta bertatik, Kaukasoko mendietan kokatuta dagoen Svaneti lurraldea gustatu zitzaion gehien: «Iparraldean Errusia, ekialdean Osetia eta mendebaldean Abkhaziarekin inguratuta, mendi artean galdutako herrixka txikiak daude, ia kotxerik gabeko errepideekin, eta 5.000 metroko tontorrez inguratuta».

9.000 kilometro burutuak zituen Armenian sartu zenerako. Sevan laku «ikusgarriaren» inguruan egin zituen kilometro ugari, eta horrela pixkanaka, Iranera gerturatuz joan zen. Azaroaren erdialdea zen Iranen sartu zenean. Lehen bi asteak Azerbaiango probintzia menditsuan igaro zituen, Tabrizera iritsi arte. Iraniarren eskuzabaltasuna nabarmendu du Egiak, «mugagabea» baitirudi. «Iraniarrek oso barneratuta duten taarof abegikortasun kodea izan daiteke horren arrazoia; esaterako, gonbidatuak dituztenean horiek eskatutako guztia eskaintzera behartuta daude».

Bi hilabete eta erdiko egonaldia egin zuen bidaiari tolosarrak lurralde «liluragarri» horretan, eta handik, ferri bidez, Arabiar Emirerri Batuetara joan zen. Ez zen hasiera batean bere ibilbidean aurreikusitako geralekua, baina, «neguko eguraldi hotzak behartuta hegoalderantz joatea izan zen aukerarik onena». Dubain egonaldi desberdina igaro, eta Omanera bidean jarri zen tolosarra; lurralde hori ere asko gustatu zitzaion, «Emirerriek ez bezala, tradizioak mantentzen saiatu direlako» eta ongietorria sentitu zelako.

Martxoaren erdialdera sartu zen Indian. Motxila bizkarrean hartuta egin zituen han kilometro asko. Delhin geldialdi txikia egin, eta han bidaiari euskaldun bat ere topatu zuen. Bere furgonetarekin hirugarrenez munduari bira ematen ari den Jose Ladio nafarra. Berarekin batera Rishikech izeneko hirira ailegatu zen, eta Yogarengatik ezaguna den hiri honetan bi asteko egonaldia egin ostean, berriro ere bizikleta gainean jarri eta gurpilak mendialderantz zuzendu zituen, hegoaldeko zarata eta iskanbiletatik, lasaitasunerantz, beraz. Shimla eta Manali herriak igaro zituen. Azken honetan munduan bigarren altuena den pasabidea ere gurutzatu zuen, 5.300 metrora dagoena. Une honetan, India iparraldean, eremu menditsuan jarraitzen du pedalkadak emanez.

Udaberrirako Tokion

Motxilarekin soilik ibili zen tarte horretan bidaiari gehiago ezagutu ditu bizikletaz ari denean baino: «Bizikletaz noanean ere ezagutu dut jendea, eta lagunak egin ditut, baina, bertako jendea batik bat, eta ez bidaiariak». Hain justu, horixe izan da, jendea ezagutzea, bere abenturaren helburuetako bat, eta bere bidaiaren kontakizunak erakusten duenez, hamarnaka lagun berri egin ditu. Izan ere, bidaian zehar, batetik, aspaldiko lagunen bizitokiak erabili izan ditu atseden hartzeko, bestetik, warmshowers bidaiarien sarearen bitartez atea ireki diete lagun berri ugarik; bestalde, bertako herritar askok parez pare ireki die atea otordua eskaintzeko edota lotarako, eta azkenik, bera bezala bidaiari doazen ugarirekin egin du harremana, eta baita bidaia elkar trukatu ere.

Udaberrirako Tokiora iristea espero du. Abentura bukatu eta etxekoekin egoteko gogoz dago, baina, aldi berean, bidean bisitatu nahi dituen lekuetara iristeko irrikaz dago, abentura ederki doanaren seinale. «Gozatuz jarraituko dut, orain arte moduan, pixkanaka pixkanaka, eta iritsiko da Tokio, iritsi behar duenean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!