Zer egin genezake besteengana gerturatzeko?

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko uzt. 21a, 13:39
Olatz Prat eta May Gorostiaga

Donostia 2016 proiektuaren barruan eta Baketik-ek gidatuta ‘Antzerki Foruma, eta hik zer?’ antzezlana egiten ari dira Tolosako May Gorostiaga eta Elena Aranbarri aktoreak. Antzerki Foruma eta Zapalduen Antzerkiaren bidez, elkarbizitzan eman beharreko pausoez hausnartu arazi nahi dute. 

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak hartua du elkarbizitza sustatzeko konpromisoa eta balore horiek gizarteratzeko hainbat ekimen antolatu ditu. Horietako batek Tolosako bi protagonista ditu, Elena Aranbarri eta May Gorostiaga, eta aktoreak izaki antzerkia du ardatz. Antzerki Foruma, eta hik zer? bizikidetza eta adiskidetasuna sustatzeko antzerki parte-hartzailea da. Donostia 2016k azaldu duenez, itsasargien argi izpi bidez igorri nahi dituzte hainbat balore, eta hiru itsasargitan sailkatu dituzte: Bizitzaren Itsasargia, Ahotsen Itsasargia eta Bakearen Itsasargia. Azken honetan kokatu dute Antzerki Foruma.  

Antzerki Foruma, hala ere, ez da orain sortutako ekimena, Baketik-ek sustatuta orain 8 bat urte sortu zuten ekimena, eta hainbat gai landu dituzte orain arte. «Urte asko dira Baketik-en Antzerki Foruma sistema lantzen dugula. Zapalduen Antzerkia sistema erabiltzen dugu gai sozialak lantzeko, eta elkarbizitzaren gaia lantzeko egokia dela ikusi genuen. Elena Aranbarri eta biak testu batzuk idazten hasi ginen eta azkenean emaitza sei atal dituen antzezlana izan da. Bukaeran ikusleak espektaktore bihurtzen dira eta bestearen sufrimendura gerturatzeko pauso bat aurrera emateko aukera dute, eta horrela, gure elkarbizitza hobetzekoa», azaldu du May Gorostiagak. «Batzuetan pertsonaia bakoitzak oso argi uzten du zer pentsatzen duen eta beste batzuetan anbiguoagoak dira eta publikoak kokatzen ditu pentsaerak bere ikuspuntuaren arabera», gaineratu du.

Baketik-eko arduradunek elkarbizitza eta bakea kulturarekin lotu nahi zituzten eta horregatik jo zuten bi tolosarrengana. «Antzerki Forumak ezaugarri hori betetzen du eta horregatik daude proiektuan May Gorostiaga eta Elena Aranbarri», esan du Olatz Prat Baketik-eko kideak.

Antzerki Foruma eta Zapalduen Antzerkia metodologia «norbera  protagonista egiteko» balio duela dio Pratek. «Sistema hau ona da edonor bere bizitzan aldaketak egiteko gai dela ikustarazteko balio duelako, gustatzen ez zaizkion gauza horiek aldatzea posible dela ikusteko», esan du. Izan ere, askotan gizarteko gai «potoloak» besteen esku uzten ditugu «politikarien esku eta abar. Baina bakoitzak badugu aukera gauzak aldatzeko», gaineratu du.

Hilabeteak dira Antzerki Foruma, eta hik zer? sei ataleko antzezlana eskaintzen hasi zirela eta emaitza zoragarria lortu dutela dio Gorostiagak. Bi aktoreek asko ikasi dutela dio eta hazten jarraitzen dutela: «Gauza asko ikusteko aukera izan dugu, ikuspuntu desberdin asko. Denok daukagu sufrimenduren bat, minaren bat, eta horixe da besteei gerturatzeko dugun elkargunetako bat. Zer egin genezake besteengana gerturatzeko? Hori da erantzun beharreko galdera. Gauza oso politak ikusten dira lana eskaini eta gero, jendeari barrena mugiarazten diogu». Elkarbizitza lantzen duen lanak sortzen dituen erantzunak, hala ere, funtsean berdinak direla dio Pratek, «sentsazioak errepikatzen dira».

«Ikustera etorri diren lagunek esan didate saioa bukatzerakoan inpresio bat izan dutela eta egun batzuk pasatzerakoan beste bat. Lana ikusi eta gero, etxean, zerbait mugitzen da eta hori oso interesgarria da», gaineratu du Gorostiagak.

Gaia ez da erraza, elkarbizitza lantzerakoan bakoitzaren bizipen eta sentimenduak hartu behar dira kontutan eta orain arteko emaitza ona izan bada ere, ikusle guztiek ez dute berdin erantzuten: «Normalena da pixkana gaian sartzen joan eta irekitzen joatea. Lanketa egiten joatea, alegia. Batzuk hasieratik ixten dira, hala ere, baina hori ezin da aldatu. Ez daude prest pausoak emateko, baina beste batzuk kontrako jarrera dute guztiz. Orain gutxi sufrimendua oso gertutik bizi izan duen ikusle batek ataletako batekin ezin izan zion negarrari eutsi», esan du Pratek.

Bandoez hitz egiten dute antzerki esperientzia honetan eta era guztietako bizipenak islatzen saiatu direla dio Baketik-eko kideak. «Familia barruan gertatu ahal diren gatazkak ikusi daitezke, bizilagunen artekoak, eskolaren inguruan gurasoen artean dauden pentsamendu desberdinen artekoak...».


Lana eskaini eta gero «errealista» edo «gertukoa» hitzak entzuten dituztela dio Gorostiagak. «Azalean daukagun zerbait dela diote. Etorri baino lehen aurreiritziak daude, ez dakite zer ikusiko duten... beldurra sentitzen dute, baina hori lehenagoko zerbait da. Sentimenduen eta emozioen inguruan hitz egiteko aukera ematen dugu, eta horretan denok antza handia daukagu».

Zein pauso eman ahal dira?
Lana ikusi eta gero ikusleei iritzia eskatzen diete eta horrela bihurtzen dituzte espektaktore. «Sei atalak ikusi eta gero elkarbizitzaren mesedetan pertsonaia bakoitzak zein pauso eman ahal dituen galdetzen diegu ikusleei. Zer egin daitekeen hobetzeko, min gehiago ez sortzeko... Hortik ideiak sortzen dira eta horiek interpretatzen ditugu beraiekin batera. Pertsonaien rolak hartzen dituzte eta aktore, gidoilari, zuzendari... bihurtzen dira», esan du Gorostiagak.

Horrekin batera konpromiso zehatzak ere eskatzen dizkietela esan du Pratek. «Saio bakoitza bukatzerakoan ikusleei desio bat idazteko eta desio hori betetzeko hartzen duten konpromisoa idazteko esaten diegu. Mezu horiek guztiak jasotzen ditugu eta gero, Donostia 2016ren barruan, oraindik ez dakigu nola, desio eta konpromiso horiek denen bistan jarriko ditugu. Orain arte ikusi duguna da asko errepikatzen direla. Ez gara horren desberdinak».

Emanaldiak
Lana bi ordu ingurukoa da eta doan eskaintzen dute. Bi modutara aritzen dira; batetik, Baketik-etik talde itxietara jotzen dute, orain Barnetegiekin ari dira harremanetan, esaterako. Orain arte eskoletan izan dira Batxilergoko ikasleekin. Bestetik, talde irekiak daude. Jendeak lekua hartzen du eta taldea osatzean eskaintzen dute lana. Hurrengo emanaldia bihar izango da, asteazkena, 18:30etik aurrera Donostia 2016ren egoitzan, Donostiako Easo kalean. Taldea osatu dute jada. Etzi 10:30ean izango dira leku berean, eta tokia dago oraindik.

Donostia 2016ren eta Baketik-en nahia 2016a bitarte 100 saio eskaintzea da eta helburua betez doazela diote, «ahoz aho zabaltzen ari dira asko, ez da seinale txarra», esan du Pratek.

 

Antzerki Foruma; hurrengo saioak

  • Biharko, hilak 22, saiorako taldea osatu dute jada, 18:30ean izango da Easo kaleko Donostia 2016ko egoitzan. Etzi, hilak 23, 10:30ean ere saioa egin nahi dute leku berean, baina taldea ez dute osatu oraindik. Saioak doakoak dira.
  • Taldea osatzeko baldintzak. Gehienez 8 pertsonek eman behar dute izena eta gehienez 40k.
  • Izena emateko moduak. www.dss2016.eu webgunearen bidez, antzerkiforuma@dss2016.eu helbidera idatzita edo 688 681 466 telefono zenbakira deituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!