«Herriari erakutsi nahi diogu okupazioa ez dela delitua»

Mikel Iraola 2015ko uzt. 28a, 10:00

Pasa den ostiralean, Tolosako Gazte Asanblada osatzen duten hainbat gaztek Larramendi auzoko eraikin bat okupatu zuten, herriko gazte eta herritarrentzat elkargune bat sortzeko asmoz. Egunean bertan bota zituzten bertatik, baina ilusioak oraindik tinko irauten duela diote. Gertatutakoaz eta etorkizunaz hitz egin dute hiru gaztek, kolektiboaren izenean.

Joan gaitezen hasierara. Zer dela eta sortu zenuten Tolosako Gazte Asanblada?
Urte batzuk lehenago izan ziren beste saiakera batzuk, Inpernu Gazte Asanblada kasu. Gazteok elkarren artean biltzeko, eta era berean, aktibatzeko zerbait egin behar genuela ikusten genuen. Zenbait gazte biltzen hasi ginen, eta urriaren 18an, Gazte Eguna egin genuen. Arrakastatsua izan zen, jende ugari bildu ginen eta orduan egin zen lehen asanblada.
 
Nolakoa da gazte izatea Tolosan?
Ez daukagu bizitza txarra, baldintza oso onak dauzkagu. Baina konplikatua ere bada. Ez dugu ezer gure artean komunikatzeko. Jendea lokal itxietan egoten da, eta beste askok ordu ugari pasatzen dituzte tabernetako terrazetan, bakoitzak bere kuadrillarekin. Eskolaz kanpoko jardueretako jendearekin soilik daukagu harremana kuadrillaz kanpo. Adibidez, gu baino zaharragoa den belaunaldietako jendea ez dugu ezagutzen. Pena da, Tolosan dauden gazte mordoa ikusita gure artean ez ezagutzea. Beste herrietan ikusi dugu hori. Anoetan adibidez, belaunaldi ezberdinetako jendea elkartzen da gaztetxean, eta elkarrekin gauzak egiten dituzte. Guztion elkargune bat falta da. 
 
Elkargune hori topatu nahian, gaztetxe bat sortzea erabaki duzue, okupazioaren bidez. Zergatik?
Esandakoaren bidetik, gazteria aktibatu eta elkartu beharra zegoela ikusi genuen. Gazte Egunean eta ondoren egindako asanblada mordoetan ideia eta proiektu asko jarri genituen mahai gainean, eta horiek guztiak aurrera eramateko gaztetxe bat sortu behar genuela ondorioztatu genuen. Hau da, proiektu horiek garatzeko eta jendeak benetan sinesteko, zerbait erreala behar genuen, lau pareta artean egon behar ginen. Gainera, hasieran jende asko izaten zen bileretan, baina ikusten ari ginen ilusioa behera zetorrela, horregatik akziora pasa ginen. Proiektuez hitz egitetik, egitera pasatzeko. 
 
Larramendiko eraikin batean sartzea erabakitzen duzue orduan.
Tolosako eraikinak begiratzen ibili ginen eta hori egokia izan zitekeela iruditu zitzaigun. Egoera ez du oso ona, baina tamaina eta kokaleku aldetik, ordea, bai. Beste leku batzuetan tamaina txikiagoko lekuekin nahikoa izaten dute, baina guk kolektibo ezberdinak batu nahi genituen gurean, Tolosan potentzial asko dagoelako. Horregatik espazio handi bat behar genuen, eta Larramendiko eraikinak aukera hori ematen zigun.
 
Nolakoa izan zen okupazio eguna?
Ostiralean izan zen. Baina hiru egun lehenagotik hiru pertsona barruan ziren dagoeneko. Eremua aztertzen izan ziren, eta karta bidez komunikatu ginen beraiekin. Ostiralean, goizetik ateak zabaldu genituen, eta auzolanean garbiketari ekin genion. Kanpotik ere jendea etorri zen. Barruan gauza asko zeuden, eta batzuk husten jardun zuten, beste batzuk garbigunera gauzak eramaten, besteak bazkaria prestatzen... giro onean eta kontentu. 
 
Gogorra izan zen eraikina hustea?
Laguntza jaso genuen. Batzuk bazekiten ostiralean zabalduko genituela ateak, eta ordurako azaldu ziren; beste batzuk berria jakin ahala handik pasa ziren laguntzeko asmoz. Bizilagunen bat ere gerturatu zitzaigun. Gizon edadetu batek ere animoak eman zizkigun. Auzolanak astebeteko iraupena izatea aurreikusten genuen, eta azkenean egun bakarrean solairu oso bat hustea lortu genuen. Izugarria izan zen inplikazioa. 
 
Egunean bertan, ordea, eraikina hustea behartu zizueten.
Arratsaldeko zazpietan, bat batean, Ertzaintza agertu zen desalojatzeko asmoz. Ateak itxi eta eraikinaren goiko terrazara joan ginen. Agian akatsa izan zen. Bagenuen protokolo bat, okupazioarekin badakizkigulako zer nolako arriskuak ditugun, baina ez genuen behar bezala komunikatu. Ateak irekitzearen alde zegoen jendea ere bertan geratu zen ondorioz. Eskailerak oztopatu genituen. Ertzainak sartu ziren, eta oihuka esan ziguten gure bila joango zirela ‘indar guztiarekin’ irtetea erabakiko ez bagenu. Eztabaida luzea izan ondoren, azkenean gure kabuz ateratzea erabaki genuen. Barruan mantendu gintuzten denbora batez, eta guztiak identifikatu gintuzten. Guztiak atera ondoren ateak kateatu zituzten berriro ez sartu ahal izateko. 
 
Espero zenuten horrelakorik?
Egia esan, ez. Goizean udaltzaingoa etorri zen txosten bat egiteko asmoz. Inpernu desalojatu zutenean, abisua eman zieten joan aurretik. Guk horrelako zerbait espero genuen, baina bat batean agertu zitzaizkigun eta ez genuen espero. Gerora jakin genuen lursail horien jabearen abokatuek salaketa bat jarri zutela. Bagenekien eraikina bota eta errepide bat egitekoak zirela, baina proiektua oso geldirik dago eta bitartean hor egon nahi genuen.
 
Zein zen zuen asmoa?
Auzoarentzat gune ireki bat proposatzen genuen, parte-hartzailea. Interes eta gustu ezberdineko jendea elkartu nahi genuen, batera proiektuak aurrera eramateko. Nesken eta etorkinen parte-hartzea ere bultzatu nahi genuen. Herriari erakutsi nahi genion posible zela hori. 
 
Alkatearekin hitz egiten duzue?
Ez dugu instituzioekin harremanik izan, ez dugulako lotuta egon nahi. Hau da, udalak zerbait eskatzerako orduan baldintza batzuk jartzen ditu, eta guk proiektu independente eta autogestionatu bat eraman nahi genuen aurrera, loturarik gabe. Aurrera jarraituko bagenu, gure asmoa beraiekin harremanetan jartzea zen. Elkarbizitzan jardun behar genukeelako, udalak esandakoa errespetatuz. Kontzertuak antolatzerako orduan adibidez, esandako ordutegiak errespetatuz...
 
Aurrerantzean ideia eta proiektuekin aurrera jarraitzeko asmoarekin zabiltzate?
Bai, dudarik gabe. Ia egunero biltzen gara. Desalojoaren aurka protesta egiten ari gara orain, eta horretarako Zerkausia jarri dugu gune gisa. Egun hauetarako gauzak antolatu ditugu herritarrei erakusteko benetan zer den egin nahi dugun hori, eta kontzientziatzeko tresna baliagarria izan daitekeela gazteentzat. Horretarako aukeratutako leloak ongi islatzen du oraingo egoera: «Tolosako gaztetxea bizirik». Nahiz eta eraikinetik bota, ametsak bizirik jarraitzen du. Lehen baino jende gehiago azaltzen da, eta lortu dute indar gehiago ematea. 
 
Zertarako balio izan du prozesu honek?
Desalojoa negatiboa izan bada ere, asko ikasi dugu. Agian akatsak egin ditugu eta ez errepikatzen lagunduko digu. Era berean, okupazioak dituen klixeekin amaitu nahi dugu. Herrian zabaldu nahi dugu okupazioa ez dagoela delinkuentziarekin lotua. Errespetuzko jarrerekin elkarbizitza sustatu besterik ez dugu nahi. 
 

Aldarrikapenak

Osteguna, uztailak 30. Goizean kartelak egiten egongo dira Zerkausian, 11:00etatik aurrera. Arratsaldean, pintxo-potea Zerkausian. Pintxoak eta edariak izango dira. Girotzeko musika ere izango da. 
Ostirala, uztailak 31. 11:00etan kazerolada egingo dute Alde Zaharreko kaleetan barrena. 12:00etan mosaiko bat egingo dute Trianguloan. Ondoren, nahi duen ororentzat bazkaria prestatuko dute Zerkausian. Arratsaldean, haurrentzako jolasak eta margotzeko aukera izango da. Hau ere Zerkausian bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!