Atzo, presaz, egin zuten GHKko zuzendaritza aldatzeko batzarra. Cesar Gimeno aukeratu dute sozietateko zuzendari nagusi. Administrazio kontseiluko gainerako kideak ondorengoak izango dira: Felix Asensio, Arcadio Benitez, Mikel Duran eta Miguel Buen sozialistak, Carlos Ormazabal, Jaime Marcaya, Aitor Aldasoro eta Juan Maria Altuna jeltzaleak eta EH Bilduko ordezkari, Ainhoa Intxaurrandieta, orain arte, GHKko lehendakaria izan dena.
Atzo eguerdian egindako batzarrean, aurreko legealditik GHKko kideek ere hartu zuten parte. Izan ere, Gipuzkoako mankomunitateetako ordezkariak ere kontsortzioko kide dira eta mankomunitate horietako askotan -Tolosaldekoan, kasu- ez da oraindik ordezkari berririk izendatu maiatzean egindako udal hauteskundeen ondoren. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak, GHKko asanbladan %33 ordezkaritza du eta diputazioko gobernuan dauden EAJ eta PSE-EEk nahikoa izan zuten gehiengo hori, sozietatearen zuzendaritza berria izendatzeko.
Goi-kudeaketaz arduratzen da Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa: mankomunitateek hondakinak transferentziagunetan utzi ostean hondakin horien gaineko kudeaketa egiten du. Behe-kudeaketa, auzoz auzoko eta herriz herriko bilketa da. Behe-kudeaketa horretaz udalerri edo mankomunitate bakoitza arduratzen da. GHKk zerbitzu ugari eskaintzen die mankomunitateei: hondakinak kudeatzeko beharrezkoak diren azpiegitura guztiak diseinatu, eraiki eta kudeatu; hiri-hondakinak transferentziaguneetatik (TG) hodi-bukaerako tratamendu plantetara garraiatu; hondakinak eta errefuxak tratatu azken jomugara eraman aurretik; eta prebentziorako eta herritarren kontzientziaziorako kanpainak planifikatu eta gauzatzen ditu.
Jose Ignacio Asensiok nabarmendu duenez, GHKko zuzendaritza lehenbailehen hartu nahi zian dute, "kontsortzioaren kudeaketaren errealitatea zein den ezagutzeko; adjudikazioak, prozesu judizialak, kontratuak nola dauden ezagutu nahi dugu".