Garikoitz Lobregat, Europako sega txapelketako koordinatzailea

Tolosaldeko Ataria 2015ko abu. 26a, 13:37

Asteburuan ospatuko da Europako sega txapelketa Loiolan eta jendea bertara gerturatzeko gonbidapena luzatu du Garikoitz Lobregatek. Ikuskizun bikain bat ikusteko aukera izango da eta beste 12 urtean ikusteko aukerarik ez dela egongo adierazi du.

Nola doa txapelketaren prestakuntza?Lan handia?

Prestakuntza handia bai kirolarien aldetik eta baita egitura aldetik ere. Nazio arteko ekitaldi bat da eta ekitaldi handiak prestakuntza handiak izaten dituzte.

Zergatik aukeratu duzue Loiola?

Orain dela lau urte hasi ginen honekin eta hainbat aukera genituen esku artean, baina Loiola iruditu zitzaigun egokiena. Belardi eta azpiegitura egokiak zituen baita herriaren laguntza ere, baina batez ere belardiagatik aukeratu dugu Loiola.

Jende asko espero ahal duzue?

Jende asko ari da mugitzen herrian bertan eta kultur eragile ezberdinek hartuko dute parte bertan. Iganderako 2000 pertsona inguru espero ditugu.

Txapelketaz gain ekitaldi gehiago ere antolatu dituzue ezta?
Ostiralean taldeei harrera egingo zaie. Gauean, dantzaldia, afaria eta festa Plaza Berduran. Larunbatean, gaztetxoen lehenengo gaztetxoen arteko sega txapelketa egongo da. Ondoren Ikasberri Ikastolako errotondatik Azpeitiko plazaraino desfilea egingo dute Azpeitiko kultur eragile gehienek, hauen artean dantzariak, danborradak... Horretaz gain, baserri inguruko erraminta ezberdinen erakusketa bat eta batez ere taldeen aurkezpenak eta sailen zozketa izango da.

Euskal Selekzioa izango da parte hartzaileetako bat, nola ikusten duzu taldea?

Sei herrialdek parte hartzen dute orokorrean eta erdialdean ibiltzen gara. Aurtengo taldearekin, 3. edo 2. postuarekin borroka egiteko taldea dagoela ikusten dut talde mailan borrokatzeko. Maila indibidualari begiratuta, nesketan Alaitz Imaz oso indartsu ikusten dut. Mutiletan berriz, Bixente Mitxelena edo Koldo Arzelusek lan polita egin dezakete.

Hemen asteburuko egitaraua:

Abuztuak 28, ostirala
19:00. Herrialde guztietako arduradunei harrera udaletxean.
19:30. Merkatu plazan musika, animazioa eta otorduak.
23:00. Joxe Mendizabalekin dantzaldia merkatu plazan. 
 
Abuztuak 29, Larunbata
16:00. Gaztetxoen I. Europako Txapelketa Ikasberriko belardian.
18:00. Kabalkada ikasberriko biribilgunetik Azpeitiko plazara.
19:00. Herrialde eta segalarien aurkezpena eta sailen zozketa egingo dira. (Jantokia irekita egongo da nahi duenarentzat eta musika animazioa izango da bertan).
23:30. Dantzaldia Merkatu plazan Laket taldearekin.
 
Abuztuak 30, igandea
10:00. Meza Loiolako basilikan.
11:30. Europako Txapelketaren hasiera gizonezkoak.
13:00. Belardian atsedenaldia izango da; jan eta edateko aukera egun guztian zehar.
13:30. Gizonezkoen txapelketak jarraituko du.
15:00. Emakumezkoen Sega Txapelketa.
18:00. Kanpoko herrialdeen kultur erakustaldia.
19:30. Sari banaketa. Merkatu plazan musika animazioa eta jantokiak irekiak egongo dira.
22:00. Dantzaldia Imuntzo eta Belokirekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!