Mikologika 2015

Perretxikoen munduko ateak irekiko ditu, seigarrenez, Mikologikak

Mikel Iraola 2015ko urr. 8a, 12:48

Urriaren 13tik 17ra perretxikoen inguruko jardunaldiak izango dira Tolosan. Kasino Elkarteak seigarrenez antolatu du aste mikologikoa, garai bateko usadioari jarraiki

125. urteurrenaren aitzakian, duela 40 urte inguru Tolosan antolatzen zen aste mikologikoa berreskuratu zuen 2010. urtean Kasino Elkarteak. Urte horretan bakarrik egitea zen asmoa, baina arrakasta ikusirik, errepikatzea erabaki zuten. Eta horrela gaurdaino.

Aurten Mikologia eraberrituko seigarren edizioa ospatuko dute, eta prest dute guztia. Berrikuntzak ere izango ditu aurtengo Mikologikak. Esate baterako, Iñaki Moyua eskulangile tolosarrak perretxiko formako panpin bat egin du, eta ikusgai izango da kalean, Mikologikako maskota bihurtuz. "Oraindik ez diogu izenik jarri, baina astearterako pentsatuko dugu" azaldu du Joxe Mendizabal Kasino Elkarteko bazkideak.

Olatz Peon alkatearen arabera, herritan "errotuta" dagoen azoka da Mikologika: "Aukera ematen digu gure ondarea hobeto ezagutzeko eta gehiago gozatzeko. Eta gozamen hori bisitarien artean zabaltzeko ere bai". Bestalde, Tolosako alkateak adierazi du turismoa eta merkataritzari begira "estrategikoak" direla gisa honetako azoka guztiak eta "inoiz baino indartsuago" nahi dituztela. Bide horretan, udalaren eta Kasinoren arteko elkarlanari "eutsi" egingo diola jakinarazi du.

Egitaraua

Urriaren 13tik 17ra
Erakusleiho lehiaketa. Tolosa&Co elkartearekin elkarlanean, mikologia gai nagusi dutela, erakusleihoak atonduko dituzte merkatariek. Sariak emango dira erakusleiho onenarentzat bozka ematen duten bezeroen artean, baita merkatarien artean.
 
Irabazleak larunbatean jakinaraziko dira. Hiru dira sariak: Lehen saria, garaikurra, oparia eta 150 euroko txekea; bigarrenak garaikurra, afari bat eta 100 euroko erosketa txekea jasoko ditu; eta hirugarrenak afaria eta 50 euroko erosketa txekea jasoko ditu.
 
Herritarrek bozka emateko bi aukera izango dituzte. 1) Tolosa&Co-ren Facebookeko profilean. Parte hartzaile guztien artean 50 euroko txeke bat zozketatuko da. 2) Posta elektronikoz, escaparates@casinotolosa.com edo info@tolosandco.org. Modu horretara egiten dutenen artean lau erosketa txeke zozketatuko dituzte, lehiaketan parte hartzen duten komertzioetan gastatzeko. Pertsonako boto bat baino ez da onartuko.
 
Urriak 13, asteartea. 20:00
Sukaldaritza ikastaroa. Perretxikoak sukaldatzen irakatsiko dute Sonia Tapia eta Xabier Martinez sukaldariek. Elkarteko bazkideei zuzendutako ikastaroa da. 
 
Urriak 14, asteazkena. 20:00
‘Boilurra, altxor ezkutua’. Asun Quintana Uriartek boilurraren inguruko hitzaldia emango du. Nekazaritza eta abeltzaintzako ingeniaria da hizlari arabarra, eta azken urteotan, Eusko Jaurlaritzarekin eta Europako erakundeekin parte hartu izan du Boilurraren inguruko hainbat proiektutan. 
 
Urriak 15, osteguna. 20:00
Miko-gastronomia erakustaldia. Arzak jatetxeko Mikel Soratu eta Igor Zalakain sukaldarien eskutik, Zerkausian.
 
Urriak 16, ostirala. 
Mendi irteera. DBH 1eko ikasleekin perretxikoak biltzeko mendi irteera Aralarrera, 09:00etan.
Pintxo lehiaketa. 15 elkartek hartuko dute parte 18:00etatik aurrera Zerkausian: Lizardi, Gure Txokoa, Aiz-Orratz, Ortzadar, La Jara, San Esteban, Gure Kaiola, Izaskun, Ero Etxe, Txinparta, Kabi Alai, Oargi, Aurrera, Xepla eta Kasino.
 
Urriak 17, larunbata. 12:00
Mikologika Azoka. Trianguloan azoka berezia. Tolosaldea eta Goierriko 15 jatetxek onddoekin prestatutako pintxoak banatuko dituzte. Horrez gain, aurreko egunean gaztetxoek bildutako perretxiko erakusketa izango da. GKOko graffitigileek beren lanak erakutsiko dituzte, eta BOX.A-ko kideek poltsak serigrafiatzen ikasteko tailerra eskainiko dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!