"Emozioz beteta gaude Tolosako emanaldiaren aurrean"

Iñigo Terradillos 2015ko urr. 9a, 16:30

Lekord taldearen Sokak emanaldia izango da bihar Topic zentroan, 20:00etan hasita. Iñaki Letamendia eta Amaia Ruiz tolosarrek hartzen dute parte, lehenak musikari moduan, bigarrenak, berriz, poesia errezitatzen eta antzezten. «Oso pozik, eta urduritasun puntu batekin» daude euren herrian emanaldia aurkeztea «oso berezia» baita.

Donostian, Bilbon edota Gasteizen aurkeztu duzue egitasmoa, harrera onarekin gainera.
Iñaki Letamendia: Bai, harrera ona izan du. Bilbon Poesiaren Nazioarteko Egunean izan ginen, 1.200 pertsonen aurrean. Amaitzerakoan, motz egin zitzaiela esan ziguten eta ondorioz, zertxobait aldatu eta luzatu egin dugu. Gasteizen ere izan ginen, Oihaneder Euskararen Etxean, eta jendeari asko gustatu zitzaion. Oro har, iritzi oso onak jaso ditugu. Jendeak, behin eta berriz esaten digu proiektua zabaldu egin behar dela, eta horretan ari gara orain.
Amaia Ruiz: Toki gehiagotan eskaintzeko gogoarekin gaude, formatu ezberdin hau jendeari eskaini ahal izateko.

Orain, Tolosan, zuen herrian, taularatzea egokitu zaizue.
A.R.: Ilusio handiz gaude gure proiektua herriko jendeari erakutsiko diogulako. Emozioz beteta gaude.
I.L.: Bai. Tolosako Udaleko kultura sailetik deitu ziguten, gure berri zutela esanez, eta emanaldi bat Tolosan egitea proposatuz. Poz handiarekin hartu genuen proposamena.

Norbere herrian eskaintzea beste ardura bat ere bada...
A.R.: Urduritasun berezi bat izango dugula uste dut.
I.L.: Oso berezia da zure herrian jotzea. Aste hasieratik urduritasun puntu bat nabari dut, baina, era berean, urduritasun horrek gogoa ere adierazten du.

Zer da Topic zentroko taula gainean ikusiko ahalko dena?
I.L.: Batetik, instrumentu ezberdinak ditugu, hala nola, harpa eta perkusioa. Perkusioaren barruan xilofoia, atabal grabea — euskal kulturari keinua eginez— eta baita kajoi flamenkoa ere.
A.R.: Hori instrumentu aldetik eta horretaz gain bi aktore gaude eta testu irakurketa egiten dugu, antzeztuz, sentimendua jarriz. Horrela, fusioa egiten dugu instrumentu eta testuen bitartez. Emaitza oso sakona dela esango genuke.
I.L.: Jendeak egin behar duena da, nire iritziz, begiak itxi eta sentitu. Sentitzea beharrezkoa da.

Batetik, beraz, euskal kantutegiko abestien aukeraketa egin duzue, eta horiek zuen erara jotzen dituzue, eta bestetik, doinuak poesiaz jantzi dituzue.
A.R.: Hala da. Testuak Amaia Irazabal aktoreak idatzi ditu, Gabriel Arestiren Aitaren etxea izan ezik. Euskal doinu eta olerkiak plazaratu nahi genituen, baina, beste modu batera. Izan ere, beti ohituta gaude modu jakin batera entzutera eta oraingoan harpa eta perkusioarekin oso modu ezberdinean jasotzen da emaitza. Jendearen arreta piztu duela esan daiteke.


Kantuen aukeraketa nola burutu duzue?
I.L.: Harpa jotzailea eta biok elkarrekin lanean aritzen gara, eta testuari eta musikari erreparatuz egin dugu aukeraketa.
A.R.: Harpa zer abestirekin ondo doan ikusi nahi izan dugu, eta, horrekin batera, garrantzitsua da guk nola sentitzen dugun testua eta harpak ere nola sentiarazten duen eta horren arabera doinuekin bat egitea bilatu dugu. Oso garrantzitsua da elkarrekin doazela sentitzea.
I.L.: Horrek guztiak uztarketa ederra ematen dio gure ikuskizunari.

Poesia errezitaldiaren unea nolakoa izaten da?
A.R.: Testua irakurtzeaz haragoko zerbait dela esango nuke. Sentimenduz beteriko antzezlan bat dago. Baina, ezin dugu gehiago kontatu, bestela...
I.L.: Nahiago dugu jendea ikustera joan, eta bertan harrituta geratzea.
A.R.: Hori bai, garrantzitsua da guretzat, jendearen iritzia entzuteko irrikaz gaudela jakitea. Hobetuz joateko irrikaz gaude, eta horregatik, egon garen tokietan gauza ezberdinak sartuz joan gara.

Noiztik zaudete proiektu honetan murgilduta?
I.L.: Urtebete inguru. Proiektu gaztea da.

Hasiera nolakoa izan zen? Nork jarri zuen ideia mahai gainean?
A.R.: Anek eta Iñakik jarri zuten mahai gainean eta niri proposatu zidaten. Zerbait ezberdina egin nahi zuten, eta niri ere bidea eman zidaten zerbait proposatzeko. Nirekin ikasitako Amaia Irazabal proposatu nuen proiekturako, ederki idazten duelako. Hala, bere testuetatik abiatuta, dena guk sortzea bururatu zitzaigun, eta laurok oso ondo egin genuen bat hasieratik. Oso garrantzitsua da feeling hori izatea. Erraza egin zitzaigun sortzea, oso denbora laburrean sortu genuen.


Entseguekin hasi eta berehala emaitza ikusi zenuten?
A.R.: Hasieratik ikusi genuen aurrera atera beharreko zerbait zela. Ez zen oztopo askorik egon.
I.L.: Entseguetan elkarrekin jotzen eta errezitatzen hasi ginen, eta ikusi genuen indarra bazuela. Sentimendua zuela ikusi eta gero, hurrengo pausoa jendeari erakustea zela ikusi genuen.
A.R.: Bakoitzak jartzen duena, bihotzarekin jartzen du, eta hori nabaritzen da. Egiten dugun horrekiko pasioa daukagu, eta hori transmititzera iristen garela uste dut.

Lekord taldearen izena nondik dator?
I.L.: Soka da frantsesez. Azken batean, harpa erabiltzen dugu, sokekin eginiko instrumentua, eta gainera atabal grabea ere badugu, euskalduna, sokarekin tentsatzen dena. Hortik atera zen dena. Eta ikuskizunari Sokak izena jarri genion.

Bihar izango da ikuskizuna Topic-en. Nori zuzendutako emanaldia da?
A.R.: Sortu genuenean esan genuen publiko guztiarengana iritsi nahi genuela. Bai umeei, harpa oso gutxi ezagutzen dutelako, bai eta helduei ere. Denentzat dago egina. Eta nahiz eta euskaraz ez jakin, sentimendua iristen dela iruditzen zaigu. Aitak esaterako, ez daki euskaraz eta emozioz bete da ikustean.
I.L.: Dena sentimenduz beteta dago, eta hori ere oholtzara atera nahi genuen. Sentimendu hori jendeak guk bezela bizitzea da asmoa. 45-50 minutu lasaitasunez egoteko dira, laneko eta bizitzako kontuak ahaztuz.
A.R.: Euskal abestiek gainera oroitzapen batzuk ere ekartzen dizkigute. Eta horri esker jendea hunkitu egiten da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!