Mikologika 2015

«Mendia kalera gerturatzen saiatzen gara Mikologikaren bitartez»

Mikel Iraola 2015ko urr. 9a, 10:00

Joxe Mendizabal tolosarra Kasino Elkarteko bazkide eta Mikologikako antolaketa taldeko kidea da. Perretxiko zaleen agendan –eta gero eta gehiago gainerako herritarren artean– urtetik urtera finkatuago dagoen astea da.

Zein dira Mikologikaren helburu nagusiak?
Sasoi honetan perretxikoen inguruan afizio handia dago Euskal Herrian. Zaletasun hori gizarteratzen dugu. Perretxikoen inguruan informazio asko dago, eta gu gerturatzen saiatzen gara. Nolabait, mendia kalera gerturatzea.

Informazioa gerturatzea aipatu duzu. Ezbeharrak ekiditeko beharrezkoa da ezta?
Perretxikoak biltzeko jakin egin behar da. Eta sarritan informazioa egonagatik ere, urtero entzuten dira intoxikazioen inguruko albisteak. Duela urte pare bat horregatik mediku bat ekarri genuen hitzaldi bat ematera. Gaztetxoekin ere mendira joaten gara. Bertan erakusten zaizkie zein jarrera diren onak eta zein txarrak. Nolabait perretxikoak ardatz hartuta naturaren nolabaiteko heziketa bat ematea da asmoa, jendea kezkatu dezaketen gaiak ere jorratuz.

Zer nolako lanketa egiten duzue gaztetxoekin?
Esan bezala, mendira joaten gara, Aralar ingurura, Aranzadiko eta elkarteko kideen laguntzaz. Otarre bana ematen zaie eta topatzen dituzten perretxikoak biltzen joaten dira, dituzten dudak azalduz. Horrez gain, mendian zer egin daitekeen eta zer ez erakusten zaie. Izan ere, ezin da dena hartu. Perretxikoak hartzeko moduak eta moduak daude. Errespetatu egin behar da natura. Ultzaman adibidez arazoak izan ziren praktika txarragatik. Garrantzitsua da hori jakinaraztea. Eta ez soilik gazteei. Hori ere jorratu izan dugu hitzaldietan.

Sukaldean zita ere, nahitaezkoa.
Nola ez! Euskal Herrian sukaldeak duen garrantzia totala da. Asko batzen gaitu. Mikologikan ere bai. Horren adibide dira sukaldariek egiten dituzten erakustaldiak, elkarteen arteko lehiaketa edo larunbatean egiten den azoka.

Elkarteen arteko lehiaketa gero eta arrakastatsuagoa da. Mikologikak ere herri giroa sortu du?
Lehen helburuen inguruan galdetu didazu, baina uste dut ekitaldi bakoitzak baduela nolabaiteko bere helburua, guztiak ezberdinak: dela informatzea, dela hezitzea, dela irakastea... Lehiaketarekin elkarteen arteko kidetasuna bultzatzen dugu, eta elkarteak kalera irteten dira. Tolosan elkarte eta gizarte eragileek gauzak antolatzeko indar asko dute, eta herritik ateratzen den indarra da. Elkarteek herriari bizia eman behar diote, elkartean bertan itxi ordez. Tolosan oso gizarteratua dugun ideia da. Eta honek laguntzen du herria, komunitatea, egiten.

Baina ekitaldi erreferenteena, agian, larunbateko azoka da.
Bai, jende gehien biltzen duen ekitaldia da. Ostalarien ahalegina zentzu horretan eskertzekoa da. Larunbata izanik, euren jatetxe edo tabernetan mugimendu asko izaten dute, baina azokara etortzen dira beren sukaldea kalera ateraz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!