Emaidazu, bestela...

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urr. 9a, 16:30

Kreditu eskaera bati ezezkoa esan, eta bi pertsona muga-mugan jarriko ditu 'Kreditua' antzezlanak; gaur ikusgai izango da, Leidor aretoan, 20:30etik aurrera

Dirua behar, eta banketxera joan kreditu eske. Egunero errepikatzen den egoera da, eta askoren ustez, gehiegitan errepikatzen dena, akaso.

Kreditua behar duen horren zerbitzura egoteko daude banketxeak, bai, baina eskaerei ezezkoa emateko ere bai, arrisku ekonomikoen aitzakian.

Horixe gertatuko zaio, Zuhaitz Gurrutxagaren pertsonaiari, Kreditua antzezlanean: Joseba Apaolazaren pertsonaiak ezezko biribila emango dio, bere kreditu eskaera tinkoari.

Baina, antzezlanak ohiko egoera hori irauli eta errealitare horri buelta emango dio, bezeroa ez baita kikilduko banketxeko langile itxuraz sendoaren aurrean. Areago, mehatxuren bat egingo dio, haren bizitza kolokan jartzeko arriskua aurkeztuz.

Jordi Galceran kataluniarraren jatorrizko obra Aitziber Garmendiak itzuli du antzerkizale euskaldunen gozamenerako, eta Donostian estreinatu zuten, iraileko lehen egunetan.

Kritika bikainak jaso ditu ordu eta erdi inguruko lanak, bai prentsan, eta baita sare sozialetan ere. Horrela, tolosarrek eta eskualdekoek aukera bikaina dute ikuskizunaz gozatzeko, gaur bertan eskainiko baiute, Leidor antzokian, 20:30etik aurrera.

Galceran, kalitatearen berme

Herrialde Katalanetakoa den arren, nazioartean ezaguna da Jordi Galceran, eta horren lekuko da, esaterako, mundu osoan barrena taularatutako El método Grönholm lana.


Eguneroko egoerei ukitu komiko nahiz tragikoa ematen maisua dela diote adituek eta, kasu honetan, Ttanttaka Teatrok kofiantza osoa izan du bere istorioa oholtzan plazaratzeko.

Fernando Bernuesen zuzendaritzapean, Kredituak badu ikuslea erakartzeko beste indarrik ere: aktoreak. Batetik, euskal antzerkigintzan ezinbesteko erreferentzietako bat, antzokian bezain trebe telebistan aritu dena, eta baita pantaila handienean ere. Joseba Apaolazak lehenago ere landu izan ditu Jordi Galceraren testuak, Dakota lanean kasu, eta «oso gustuko» duela aitortu du. Tragikomedia honetan, beraz, bere dohain guztiek banketxeko langilea ederki marraztuko dute, ziur.

Esperientzia eta eskarmentuaren ondoan, berriz, Zuhaitz Gurrutxaga ari da antzezlanean. Bere garaian Espainiako futbol ligan lehen mailan aritutakoa, eta gaur egun ikus-entzunezkoen munduan trebatua. Bakarrizketekin hasitakoa, telebistan nahiz antzokietan jarraitu zuen eta, bere arabera, Kredituan aritzea «pribilegio hutsa» izan da: «Josebarekin, entseguetan, edozein antzerki ikastarotan baino gehiago ikasi dut».

Kredituaren gaztelerazko bertsioak hirugarren denboraldiari ekin berri dio, Madrilen, eta arrakastaren olatutik ez da oraindik jaitsi.

Apar hori euskararen zaporez ezagutu nahi dutenentzat, oraindik ere bada sarrerarik, gaur iluntzeko saiorako. Kutxasarrerak.net helbidean eskuratu daitezke, batetik, eta saretik kanpo, Leidor aretoko leihatilan ere izango da sarrerak eskuratzeko aukerarik. Azkenik, Tolosako Udaleko Kulturzale txarteleko eskaintzaren barruan da Kreditua.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!