"Pertsona batzuen erradiografia egiten du lanak"

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urr. 9a, 11:00

Banketxeko langilearen azalean sartu da Kredituan Joseba Apaolaza, baina bezeroak hankaz gora jarriko dio bere mundu ordenatuko bizitza, mehatxu baten bitartez.

Ikasturte hasierarekin batera, iraila hasieran estreinatu zenuten 'Kreditua'. Zer moduzko abitzea izan du?


Ezin hobeto hasi da, egia esan. Gaizki dago esatea, baina uste dugu oso harrera ona izan duela, eta jendeak oso ondo hartu duela. Oso ondo pasatu dute ikusleek.

Oraingoz zenbat saio eskaini dituzue?

Aurrestreinaldi bat egin genuen Urnietan eta, horren ondoren, Donostiako lau emanaldiak eskaini genituen, Antzoki Zaharrean.

Kreditu bat eskatzera etorri, eta zure pertsonaiak ez dio krediturik eman nahiko, Zuhaitz Gurrutxagaren pertsonaiari. Itxuraz, gaur egun, nahiko egoera ohikoa da. Baina, zerk egiten du berezi antzezlan hau?

Egia esan, testuinguruak gaurkotasun handia du. Baina, hortik aurrerakoak bestelako kontuak dira, eta pertsona batzuen erradiografia egiten du lanak; kasu honetan, muturreko egoeretan dauden pertsonen erradiografia. Gauzak aldatzen dituena, kasu honetan, bezeroa da, Zuhaitz Gurrutxaga, berak mehatxu bat egiten baitit. Eta mehatxu horrek, nolabait, hankaz gora jartzen du, nonbait zuzena omen zen nire bizitza. Gero ikusiko dugu, hain zuzen ez zebilela.

2008 inguruan Jordi Galceranen beste obra batean ere aritu zinen, Txalo konpainiarekin. Nolakoa da bere umorea? Gustuko duzu?

Bai, oso gustukoa dut. 2008ko lan horren aurretik ere, Dakota antzezlaneko euskarazko bertsioaren protagonista egin nuen, beraz, hau Galceranen hirugarren lana da niretzat eta, egia esan, pribilegio bat da. Jordi Galceran, gaur egun, gehien saltzen duen antzerkigilea da estatuan, eta, Europan eta nazioartean ere, bere obrak bata bestearen atzetik antzezten dituzte konpainiek. Beraz, horrek erakusten du lanaren bermea.

Nik oso gustuko dut, beti sorpresaz beteta dagoelako eta bere obra guztiek intriga puntu bat dutelako; leku batetik bestera eramaten zaituzte. Gainera, elkarrizketak sortzen eta pertsonaiak marrazten maisua da.

Leidorren ariko zarete, gaur. Areto handia da, eta horrek errespetua sortzen dizue aktoreoi? Hala ez diozu antzokiaren neurriari erreparatzen?

Nahitaez beti hor dago tamaina, eta ikuskizunak aldatu egiten dira lekuaren arabera ere. Egia da, Leidor bereziki areto handia dela, eta kosta egiten dela betetzea; hutsuneak hor egoten dira. Baina uste dut Kreditua obra polita dela, eta lortuko dugula jendea erakartzea, nahiz eta betetzea asko litzatekeen. Itxaropen horrekin goaz eta, gainera, Tolosakoaren ondoren, emanaldi gehientsuenak segidan dauzkagu abendura bitarte. Hori bera ere pribilegio bat da, obra hazteko aukera ematen duelako, eta Euskal Herrian barrena ondo erakutsiko dugu lana.

Zure kasuan, euskal anzterkigintzan ibilbide oparodun aktorea zara. 'Kreditua'n, bere lehen pausoak ematen ari den Zuhaitz Gurrutxagarekin ari zara eskuz esku. Zer moduzko kimika sortu da bion artean?

Egia esan, oso ona. Ederki pasatu dugu, eta ederki pasatzea espero dugu. Gainera, harremanak estutu egiten dira. Izan ere, ezagutu ere ez ginen ezagutzen, eta orain boladatxoak pasatu ditugu elkarrekin, elkarri testuak botatzen. Lan horretan, tartetxoak geratzen dira elkar ezagutzeko, eta Zuhaitzen kasuan oso esperientzia polita izan da. Hasiberria da, eta hasiberrien freskotasun hori du. Bera oso ausarta da, eta gustagarria da berarekin lan egitea, bai.

Antzerkia ikustera joateko zalantzan dagoen horri zer esango zenioke, Leidorrera bertaratzeko?

Nik aurretik jarriko nuke autorea bera, eta horrek eskaintzen duen bermea. Gaztelerazko ekoizpena hirugarren denboraldia egiten ari dela uste dut, berriro Madrilen, Espainia osoan barrena erakutsi eta gero. Horrek asko esaten du obraren kalitateari buruz eta, gainera, guk euskara dotorean eskainiko dugu, Aitziber Garmendiak egindako itzulpenarekin. Itzulpen polita egin duela uste dut, eta Fernando Bernuesek ere eszenografia erakargarria. Jendeak barre egingo duela uste dut, dudarik gabe, eta ondo pasatzeko obra batekin topo egingo dutela.

Erlazionatuak

Emaidazu, bestela...

Itzea Urkizu Arsuaga 2015 urr 09 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!