Penaltia huts egin arren, Tolosak 0-5 irabazi du

Asier Imaz 2015ko aza. 24a, 17:17

Tolosa CF-ek 0-5 irabazi du asteburuan, Euskaldunaren etxean. Lehen gola sartzea kosta egin zitzaien urdinei, baina ondoren, bata bestearen atzetik lortu zituzten. Sailkapen nagusian lider jarraitzen dute tolosarrek. Hurrengo partida igandean jokatuko dute etxean, Mutrikuren aurka.

Justo Lillo

  • "0-5 irabazi arren, azken finean hiru puntu dira. Betiko partida jokatu genuen. Orain arte ere horrelako partidak egin izan ditugu. Adibidez, aurreko berdinketakoa, niretzat ez zen partida kaxkarragoa izan".
  • "Lehen gola sartzea kosta egin zitzaigun. Lehen zati horretan bi zurtoin, buruz aukera garbi bat eta penalti bat huts egin genituen. Behin lehena sartu genuenean, beste guztiak iritsi ziren".
  • "Baloia denbora guztian gurea izan zen. Hasieratik bukaera arte jaun eta jabe izan ginen; nagusi".
  • "Kasualitatez, aurreko egunean jokalari batzuei esan nien, bat-batean 4-0eko edo 5-0eko partida bat izango genuela, eta horrela gertatu zen. Kontua da aukera asko egiten ditugula, eta batzuetan asmatu egiten duzula eta besteetan ez. Bolada kontua da".
  • "Taldea oso ondo ikusten dut, arazorik gabe. Partidan Vecinok eta Gorkak kolpe batzuk jaso zituzten eta ez dira entrenamenduan izango. Horrek erakusten du 0-5ekoa ez zela ematen duen bezain erraza izan. Partida gogorra izan zen. Beraiek baloirik ez zuten ikusi, eta ondorioz, gogor aritu ziren".
  • "Hurrengo partida Mutrikuren aurkakoa izango da. Igandean, 16:30ean Usabalen".
  • "Gure partida bukatu ondoren Mutrikurena ikustera joan nintzen. A zer nolako taldea. Maila honetarako perfektua. Agian gehiegi ez dute jokatzen, joko landuaren ikuspegitik, baina erasoko trantsizioak orduko 100ean egiten dituzte; abaila izugarrian. Zelaiaren gainean gure marrazki berdina dute, eta gauzak oso garbi dituzte. Jende oso azkarra eta indartsua daukate, eta teknikoki ere ez dira txarrak".
  • "Non gauden jakiteko aurkari polita izango da Mutriku".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!