Ferialekua konponduko du udalak, kreditu aldaketa baten bitartez

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko aza. 25a, 19:55

Atzo izan zen azaroko ohiko osoko bilkura eta, besteak beste, urtea amaitu baino lehen, hondakinen inguruko ezohiko plenoa deituko dutela jakinarazi zuen Olatz Peon alkateak.

Hilabeteko azken asteartearekin bat eginez, atzo iluntzean elkartu zen, Tolosako udalbatza, ohiko osoko bilkura egiteko. Gai-zerrendak bederatzi puntu zituen arren, bost gaik eman zuten zeresan handiena, alderdietako hautetsien aldetik.

1. 338.685 euroko kreditu aldaketa

Udal gobernuak kreditu aldaketa bat proposatu zuen atzoko batzarrerako. Guztira, 338.685 euro mugitu dira, Begoña Tolosak emandako azalpenen arabera, eta hiru bide erabili dituzte kreditu aldaketa hori finantzatzeko. Batetik 73.700 euroko kreditu transferentzia erabili du udalak eta 44.985 euro, berriz, kreditu gaikuntza bidez finantzatu dituzte. Azkenik, gerakinaz baliatu dira 220.000 euro finantzatzeko.

Proiektu zehatzik aipatu ez bazuten ere, Ferialekuko konponketak nahiz Santa Luzia auzorako negutegia izango dira kreditu aldaketa horren bitartez egingo dituzten zenbait inbertsio.

Bide horretan, Lore Agirre EH Bilduko ordezkariak "begi onez" ikusi zuen asmoa: "Zuen plan orokorrean Ferialekua eraistea aurreikusten zenuten, eta pozten gara iritzia aldatu duzuelako. Hala ere, eraikinak erabileraren inguruko hausnarketa sakon bat eskatzen du, eta 2016ko aurrekontuetan eztabaidatu beharko litzatekeela uste dugu, izan ere, konponketa hori 200.000 euroko petatxu bat da, petatxu garestia". Azkenik, oposizioak eraberritze neurri bertsuak eskatu zituen Bonbereneari eta San Esteban auzoari begira ere. 

Olatz Peon alkateak, berriz, Ferialekuko obra "konponketa sakona" izango dela nabarmendu zuen, "ez petatxu bat": "Aspaldidanik behar du eraberritzea, eta ez da iritzi aldaketa bat; egungo errealitatera egokitu behar dira erabakiak".

Horrenbestez, kreditu aldaketa onartu egin zuen udalbatzak, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bilduren aurkakoekin.

2. Hondakinekin, ezohiko plenoa

Galde-erreguen txanda iritsitakoan, hitza hartu zuen Ibai Iriarte EH Bilduko ordezkariak, hondakinen inguruko kexa bat aipatzeko: "Gero eta poltsa gehiago ikusten dira kalean eta paper-ontzien inguruan: Tontokalen, kultur etxe azpian,... Horrez gain, edukiontzi asko irekita edo puskatuta daude".

Bide horretan, Iriartek herritarren gainean egotearen beharraz ohartarazi zuen: "Ez lotu sistemarekin, lehen ere sistema bera zegoelako, eta ez zelako hori gertatzen. Oso gaizki pentsatzea litzateke, baina, ez ote da boikot moduko bat, sistema-aldaketa arrazoitzeko?".

Alkateak, bere aldetik, zabor poltsena "egia" dela onartu zuen: "Baina kale garbiketa-zerbitzua, gaur egun, bost aldiz pasatzen da guneetatik, eta hala ere poltsak geratzen dira. Gu ere oso arduratuta gaude, eta ez da sistema-aldaketa arrazoitzeko ezer, inondik inora". Horrenbestez, urtea bukatu baino lehen hondakin bilketa sistema berraztertzeko ezohiko osoko bilkura deituko dutela jakinarazi zuen Olatz Peon alkateak.

3. Inauterietan, erlojuari aldaketak

Igor Ezenarro EH Bilduko zinegotziak ere galde-erreguetan hartu zuen hitza, inauteriei begira: "Inauterietako karroza eta konpartsen lehiaketako oinarriak onartu eginbehar dira, baina, bilerako deialdian aldaketa baten berri eman duzue: gauetan, ordubetez murriztuko duzue karrozen ordutegia eta 01:00etik 00:00etara aldatu, amaiera ordua. Baina hori ez da ez batzordetik, ez inongo bileratik pasatu. Gure ustez, karroza eta konpartsetako kideei aukera eman beharko litzaieke horren inguruan iritzia emateko".

Nuria Carbonell zinegotzi jeltzaleak erantzun zuenez, berriz, inauterietako koordinazio bileran hartutako erabakia izan da, ordutegiarena: "Udaltzainek gomendatu zuten, eta oinarriak onartu egin behar direnez, erabakia hartu egin zen. Ordubete baino ez da".

4. Euskaldunberriei gorazarre

Datorren abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Tolosako Udalak adierazpen instituzionala onartu zuen, aho batez. Aurten, hainbat organo eta erakundetan alderdi politiko guztiek adostu duten moduan, euskaldun berriak omenduko ditu abenduaren 3ak, eta udalak ere bat egin zuen asmo horrekin.

Beraz, jendaurreko aitortza erakusteko konpromisoa hartu zuten, batetik, udalerriko guneren bati Euskaldun Berria izena jarriz. Halaber, "euskararen ezagutzan pauso sendoagoak emateko, doakotasunaren bideak urratsak" emateko asmoa azaldu zuen udalbatzak.

5. Ezeztz ezetz da

Azkenik, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezpera izaki, beste adierazpen instituzional batek ere hartu zuen azaroko plenoa. Aho batez onartua izan zen hori ere, eta jarraian irakurgai diren hainbat konpromiso hartu zituen udalak, horrela:

 

TOLOSAKO UDALAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA,

AZAROAREN 25a EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN KONTRAKO

NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA

 

Azaroaren 25a “Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko eguna” dela eta, Tolosako Udalak gure gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenekiko, zeinahi ere den (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa…), bai, halaber, sexismo-modu guztiekiko, barne daudelarik finenak eta normalizatuenak, hala nola sexuen araberako rol estereotipatuak ezartzea edo bizitzaren esparru askotan emakumeak ikusgai ez egotea.

 

Berretsi nahi dugu, era berean, arazo estruktural baten aurrean gaudela eta emakumeen aurkako indarkeria gizartearen egituran bertan oinarritzen dela; izan ere, oraindik ere aukera desberdinak eskaintzen zaizkie emakumezkoei eta gizonezkoei, eta oraindik ere jaiotza-sexuaren arabera mugatzen da pertsonen askatasuna.

 

Hori dela eta, saiatu behar dugu bestelako gizarte bat eraikitzen, non pertsona guztiek askatasuna izango duten nahi duten bezalakoak izateko, non aukera izango duten potentzialtasun osoz garatzeko, eta non giza eskubideei begira, berdintasunezko eta begirunezko tratua jasoko duten. Aipatzekoak dira, adibidez, lan esparruan jazarpen sexistari buruz dauden datuak. Egoera horiek bestelako gizarte eraikuntza batean errotik ezabatuak izan behar dute.

 

Indarkeria sexistaren aurka lan gogorra egin behar da. Dagoeneko, Euskal Herrian, 4 emakume erail dituzte; gure inguru hurbilekoenean emakumeek festa-esparruetako sexu-erasoak maiz jasotzen dituzte. Baina bestelako zeharkako biolentzia matxistek, eguneroko mikrobiolentziek ere, gora egin dute, eta herritarren artean barneratzeko eta normalizatzeko arriskua ere badago. Biolentzia guztiak, makroak zein mikroak, desagerrarazteko modu bakarra izango da alboratzea haiek zuritu edo babes ditzaketen jardun guztiak.

 

Ildo horretatik, kontsentsu sozialak sustatzeko, lehentasuna du lidergo instituzional eta politiko bat bermatzeak. Beharrezkoa da politika instituzional bereziak sustatzea, eta haiek gauzatzeko baliabide aski izatea. Beharrezkoak dira, orobat, kaleetako errebindikazioak, iritzi publikoa eta jardunbide onak sortzea eta, baita ere, komunikabideetan eta sare sozialetan adierazpen sexistak gogor salatzea. Horrek, nola ez, ezinbestean eskatzen du norbanakoaren erantzukizun pertsonala ere.

Horregatik guztiagatik, emakumeei indarkeria sexistarik gabe bizitzeko duten eskubidea bermatzearren, Tolosako Udalak:

 

  • Konpromisoa hartzen du, bere eskuduntzen esparruan, udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde.

 

  • Emakumeenganako indarkeriaren kontrako protokoloa lantzen eta indartzen jarraituko du, erakundeen arteko lankidetza hobetzeko eta euskarririk handiena eskaintzeko indarkeria hori nozitzen duten emakumeei eta beren familiei. Bestalde, Hezkidetza Mahaia sendotuko du, eta aurrera eramango ditu Tolosako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Planean jasota dauden ekintzak.

 

  • Eusko Jaurlaritzak abian jarritako Beldur Barik eta Udalak martxan jarritako Beldur Barik-Hi haiz, Hi! Ekimena sustatuko ditu, gazteen arteko eraso mota guztiak prebenitzeko. Halaber, sustatuko ditu herrietako jaien testuinguruan sortu diren ekintzak, elkarte zein auzoetatik burutzen diren saioak eta abar, izan ere, guztiak dira beharrezkoak eta babestu beharrekoak.

 

  • Herritarrak gonbidatzen ditu berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak har ditzaten, urteko egun guztietan, eta gonbidatzen ditu, era berean, azaroaren 25a dela-eta burutuko diren ekitaldietan parte har dezaten.

 

  • Enplazamendua egiten dio Justizia Sailari, konpromisoa har dezan epaitegietako genero unitateak doitu eta legedia errebisatzeko, delitua indar handiagoarekin jazarri ahal izateko.   

 

  • Hezkuntza eragile guztien konpromisoa eskatzen du lerro kurrikularretan genero berdintasuna landu dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!