Inauteriak ongi ospatzeko arrazoi bat gehiago

M.Iraola 2016ko ots. 3a, 14:13

Sufrituta bada ere, etxerako lanak egin ditu Tolosa Eskubaloiak Inauteriak baino lehen. 31-23 gailendu ziren tolosarrak.

Elgoibarko taldearen prestutasunari esker, asteburuko partida aurreratu eta atzo iluntzean jokatu zuten 18. jardunaldiari zegokion norgehiagoka Tolosak eta Elgoibarrek. Kostata, baina iritsi zen hamaseigarren garaipena ere.

Lan asko egin behar izan zuten tolosarrek partida bereganatzeko. Elgoibartarrak sendo hasi ziren, defentsan nahiz erasoan. Tolosak, berriz, ez zuen asmatzen jaurtiketetan. Ez ziren bat edo bi izan postera jaurtitako baloiak. Eta konturatzerako, minutuen poderioz, markagailuan bost goleko errenta izatera iritsi ziren elgoibartarrak.

Hutsartea eskatu zuen orduan Noguesek. Hor hasi zen tolosarren iraultza. Ioritz Goikoetxea eta Iker Ortizek gidatuta, markagailuari buelta eman zioten atsedenaldiaren aurretik. Berdintasuna nagusi zen berriro markagailuan.

Parekotasun hori ez zen azken hamar minutuak iritsi arte puskatu. Elgoibartarrak 21. golaren ondoren blokeatuta geratu ziren. Tartean ere jokalari bat gutxiagorekin aritu behar izan zuten behin baino gehiagotan. Orduantxe eman zuen onena Tolosak. Di-da batean tarte handia zabaldu zuen markagailuan, azken 31-23raino zabaltzeraino.

Guztia da ona Tolosarentzat. 16 garaipen, eta lidertza. Inauteriak ongi ospatzeko mila arrazoi badira, badute bat gehiago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!