«Lotura ikusi dugu errausketaren eta osasun arazoen artean»

Maier Ugartemendia 2016ko ots. 25a, 12:54

Osasuna eta Errausketaren Ikerketa Taldea osasun-langileek osatzen dute; Europan egindako ikerketak aztertuz, hamabost urte daramatzate errauste plantak osasunean izan ditzakeen eraginak aztertzen. OEIT taldeko kidea da Xabier Mitxelena mediku tolosarra.

Xabier Mitxelena (Hernani, 1967) tolosarra medikua da, eta urteak daramatza Osasuna eta Errausketaren Ikerketa taldean (OEIT) parte hartzen. Duela aste batzuk talde horrek egindako agerraldian errauste plantek osasunean eragin «nabariak» izan ditzakeela adierazi zuten.

Noiz eta nolatan sortu zen OEIT taldea?
Gure taldea duela hamabost bat urte sortu zen, Txingudin erraustegi bat eraiki nahi zutelako. Osasun-langile talde bat elkartu ginen, eta errausketak osasunarengan zer nolako eraginak zituen jakiteko ikerketa ezberdinak aztertu genituen. Harrituta geratu ginen errausketaren ondorioak ikusita. Geroztik ikertzen eta ikasten ibili gara, argitaratu diren ikerketa guztiak aztertzen. Esan genezake garai hartan atera genituen ondorioak mantentzen ditugula.

Nork osatzen duzue ikerketa taldea?
Osasun-langileak gara, gehienak medikuak, baina, talde irekia gara eta edozein osasun-langile sar daiteke taldean.

Duela aste batzuk egindako agerraldian, errauste plantak osasunean izan ditzakeen ondorioez hitz egin zenuten. Zeintzuk dira ondorio horiek?
Ondorio nagusien artean aipatu, lotura ikusi dugula errauste plantaren eta malformazio, minbizi eta heriotzaren artean. Malformazio desberdinak izan daitezke: gernu-traktuan, giltzurrun displasia... Hiru kilometroko bueltan bizi diren herritarrengan minbizia tasa %3,5ean altxatu egiten da, eta oso minbizia desberdinak dira: pleura, birika, gibela, beazuna, urdaila, hestea, bularra, maskuria, linfomak, tiroideak, hezurrak, burmuina. Eta horretaz aparte, heriotza jaiotzetiko malformazioen ondorioz, minbiziaren ondorioz eta baita arnasbideko eta bihotzeko gaixotasunen ondoriozkoa ere.

Zertan oinarritu zarete ondorio hauetara iristeko?
Azken hamar urteetan argitaratutako ikerketa zientifikoak hartu ditugu, sendotasunaren arabera sailkatu ditugu eta garrantzia gehiago eman diegu sendotasun handiena duten ikerketei eta gutxiago sendotasun gutxi duten ikerketei. Guztiak hartu ditugu kontutan, baina gehienbat ikerketa sendoak.

Zubietan eraiki nahi dute errauste planta eta handik 20 kilometrotara dago Tolosaldea, bataz beste. Eragina hemen ere nabarituko al da?
Baietz pentsatzen dugu. Alde batetik, haizea edozein aldetara joan ahal da. Bestetik, errauste plantatik partikula finak eta ultrafinak ateratzen dira, eta horiek kilometro askotan ibiltzen dira batetik bestera, airearen bidez edo uraren bidez. Hortaz, Tolosara eta askoz urrutiagora ere iritsi ahal dira lasai ederrean.

Agerraldian aipatu zenuten gizarteari eta politikariei zuzentzen zenietela zuen mezua, baina, errauste planta bultzatzen duten instituzioek herritarrengan izan ditzaketen ondorioak kontuan hartzen dituztela uste al duzu?
Iruditzen zaigu ez dituztela osasun ondorioak kontuan hartu. Ikerketek oso ondo adierazten dute zeintzuk diren errausketak izan ditzakeen ondorioak. Hori oso garbi erakusten dute ikerketa sendoek.

Jose Ignacio Asensiok, Gipuzkoako Ingurumen diputatuak, duela aste batzuk eskainitako elkarrizketa batean, errauste plantak osasunean izan zitzakeen ondorioei buruz galdetuta adierazi zuen Bizkaian, EHUk eta Osakidetzak egindako ikerketa batzuek erakusten dutela ez dagoela eragin zuzenik...
EHUk egindako ikerketa horrek errauste planta jarri zenetik hiru urteko epea aztertzen du. Zer gertatzen da? Minbizia ikusteko hamar urteko epea behar duzu gutxienez esposizioa hasten denetik ondorioak ikusi arte. Hiru urteko epea, ikertzaileek eurek esaten duten bezala, ez da nahikoa. Azterketa hori ikusi beharko litzateke hamar urte pasa ondoren. Lehen esan bezala, ikerketa sendoak eta ez hain sendoak daude. Sendoenek erakusten dute lehen aipatu dudan bezala osasun arazo batzuekin lotura: heriotza, minbizia eta malformazioa.

Europan dauden errauste plantak jartzen dituzte adibide agintariek. Han egin al da ikerketarik, eta zer emaitza izan dituzte?
Hain zuzen ere, han egindako ikerketak hartzen ditugu oinarri, esaten duguna esateko. Europan egindako ikerketa horietan ikusten da lehen esan dudana. Europan ere badaude, baina han ere horrelako gauzak sortzen dituzte.

Udaberri-udan hasi nahi dituzte errauste planta eraikitzeko lanak. Nola sentitzen zara hori entzundakoan?
Nik uste dut gauzak oraindik aldatuko direla. Pentsatu nahi dut erabaki arduratsu bat hartuko dutela, kontuan hartuta errauste planta batek osasunarengan izan ditzakeen ondorioak.

Zuek izan al duzue erakundeekin harremanik, txostena aurkezteko edo?
Ez, oraindik ez. Aurreikusten dugu, baina ez dugu harreman zuzenik izan oraindik.

Zerbait gehitu nahi al duzu?
Ematen diguzuen aukera aprobetxatu nahi dut diputazioko agintariei herritarron osasuna beste edozein interesen gainetik lehenetsi dezatela eskatzeko eta ez dezatela erraustegia eraiki.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!