Tolosa&Co elkarteak Limousin etxean izango du egoitza, aurrerantzean

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mar. 2a, 17:54
Bihartik aurrera egoitza berrian hasiko dira lanean, Tolosa&Coko kideak.

Bihartik aurrera bertan hasiko dira lanean, eta  eraikinak Oriaburu izena hartuko du; merkatariek udalarekin lau urterako adosturiko akordio markoaren fruituetako bat da egoitzarena.

Tolosak badu tokiko ekonomiari bultzada bat eman, eta ideia berriak garatzeko gune berri bat: Limousin etxea. Aurrerantzean, Oriaburu izena hartuko du Pedro de Tolosa etorbide hasierako etxeak, eta ekonomiaren garapenerako estalpe izango da.

Hala azaldu dute, Tolosa & Co elkarteak eta Tolosako Udalak eskainitako agerraldian. Bertan, Olatz Peon alkatearekin batera, Oihana Hernaez Merkataritza, Azokak eta Turismo saileko teknikaria eta Gorka Arregi Tolosa&Co elkarteko lehendakaria izan dira.

Olatz Peonek, bere aldetik, gogora ekarri nahi izan du «garapen ekonomikoa dela udalaren ildo estrategiko sendoetako bat». Herriko ekonomian merkataritzak duen pisua aztertuz, beraz, udal gobernuak ikasturte hasieran ezagutarazi zuen merkataritzari loturiko batzorde berriaren sorrera: Merkataritza, Azokak eta Turismo saila, hain zuzen.

Horrela, merkatari eta ostalariak zein udala norabide berera begira daudenez, akordio marko berria adostu dute, hitzarmen publiko-pribatua gorpuztuz. Oihana Hernaez merkataritza teknikariak azaldu duenez, datozen lau urteei begirako akordio markoa da, betiere, «tokiko ekonomiaren garapena hobetzeko aldeko baldintzak sortzeari begira»; jarduera espezifikoak martxan jarriko dituzte, beraz.

Epe ertainera begirako marko orokor horrez gain, dena den, Tolosako zerbitzuen sektoreari «beharrezkoa zaio hitzarmen ekonomikoa urtero zehaztea», Hernaezen arabera. Kontuak horrela, 2016ari begira, Tolosako Udalak 36.000 euroko ekarpena egin dio Tolosa&Co merkatari eta ostalari elkarteari, eta azken horiek zenbait proiektu gauzatu beharko dituzte.

«Hitzarmen hau oso garrantzitsua da merkatariontzat», Gorka Arregi Tolosa&Co-ko lehendakariaren ustez: «Batetik, ekonomikoki lasaitasuna eskaintzen digu, gure sektorean beti estu ibili behar izaten baitugu. Eta, bestetik, noski, gure esparru ekonomikoari aitortza bat egitea ere bada akordioa».

Finantziazioaz harago, ordea, Tolosa&Co elkartea Limousin etxean ariko da, bihartik aurrera, lanean: «Aurreko udal gobernuari eta egungoari egoitza berri baten beharra azaldu genien, buruan genituen zenbait proiektu aurrera eraman ahal izateko. Horrela, Oriaburu izena hartuko duen eraikineko bulegoan, lau pertsona ariko dira lanean, eta bilera gela partekatua ere erabiliko dugu batzarrak nahiz formakuntza saioak egiteko».

Babes ekonomikoa eta estalpe fisikoa dituztela, Tolosa&Co-k hiru proiektu berri txertatuko ditu aurtengo agendan, ohiko hitzorduez gain: «Batetik, Gune Biziak proiektuari helduko diogu berriz, erakusleiho hutsak betez; bide beretik, Tolosa Week izeneko astea ere antoaltu nahi dugu eta, azkenik, herriko saltokiek beren produktuak on-line plataformen bidez salgai jartzea sustatu nahi dugu, erakusleiho bat gehiago izan dezaten. Horretarako, SPRIren babesa dugu jada».

Gune ekonomiko berria

382 komertzio baino gehiago daude Tolosan, eta 1.500 lanpostu sortzen ditu sektoreak; Barne Produktu Gordinaren %15. Halaber, estatuko komertzio dentsitaterik handienetakoa duen herria da.
Datuok azpimarratuz, Olatz Peon alkateak azaldu du udala aztartzen ari dela Oriaburu garapen ekonomikorako gune berri bilakatzea, co-working espazioak sortuz, eta enpresa txikien arteko sareak sortzea ahalbidetuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!