Parte hartzea eguneroko tresna bilakatu nahi du udalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mar. 10a, 16:05
Iñigo Muñoz, Joseba Ormazabal, Olatz Peon eta Garikoitz Lekuona, proiektua aurkeztuz.

"Gobernatzeko eredu berri bat» martxan jarriko dutela iragarri dute, parte hartzea zeharlerro bilakatuz; martxoaren 17an izango da lehen bilera, herritar eta eragileekin.

Duela urte batzutatik hona, herritarrei informazioa eta hitza emanez garaturiko politikak ezinbesteko bilakatu dira politikarien lan agendetan. Joera horri tiraz eta, «herritarren eta botere publikoen arteko harreman estuagoa sustatuz», Tolosako Udalak parte hartzea sistematizatzeko asmoa iragarri du, «gobernatzeko eredu berri bat martxan jarriz».

Olatz Peon alkatearekin batera, aurkezpenean izan dira Joseba Ormazabal Gardentasun eta Parte hartze batzordeko zinegotzia, eta Garikoitz Lekuona eta Iñigo Muñoz teknikariak. Guztiek ere, parte hartzea areagotzeko diseinaturiko egitasmoak hiru zati izango dituela nabarmendu dute, eta 2016an burutuko dituzte fase horiek guztiak.

Marrazkitik eraikitzen hastera

Garikoitz Lekuona parte hartze teknikariak zehaztu duenez, edozein plangintza osatzeko behar-beharrezkoak dira diagnosi eta erredakzio faseak: «Baina, kasu honetan, ohiko eskema horri aurreko fase bat eranstea erabaki dugu, herritarrekin egon eta elkar ezagutzea ezinbestekotzat baitugu». Horrela, beraz, bizpahiru saiok gorpuztuko dute lehen fasea –apirila eta maiatza artean–, Tolosako gizartearen ordezkaritza anitzena islatuko duen talde sustatzaile bat osatuz; talde hori izango da aurrera begirako mekanismoak zehaztu, eta etorkizuneko lan-ildoak lehenetsiko dituena.

Behin abiapuntua ondo egonkortuta, bigarren pausoa diagnostiko bat osatzea izango da, Iñigo Muñozek azaldu duenez. Lehen faseko talde sustatzailetik, arloz arloka antolatuko dituzte lan taldeak, lanketa xehetuagoa izan dadin. Horrela, gaur egungo Tolosaren argazki bat ateratzea izango da bigarren zatiaren jomuga, maitza eta uztaila artean: «Lanerako oinarria izango da diagnostiko hori».

Azkenik, hirugarren fasean –irailetik abendura– estrategiak zehaztu eta plana idatzi beharko dute, ondoren udalbatzak horien inguruan eztabaida dezan: «Idatzitako guztia tresna bat ere izango da, eragileekin lanean jarraitzeko. Dena den, gure erronka 2017ko aurrekontuetan prozesuko zenbait proposamen txertatzea da».

Alkateak nabarmendu duenez, «agintaldi, ideologia edo garaiaren gainetik, lanerako modu bat errotu» nahi dute aurkeztu berri duten proiektuarekin. Orain arte, parte hartzea proiektu zehatzetara mugatzen zela uste du Joseba Ormazabalek, baina, «orain, parte hartzea ez da helburua izango, bidea baizik».

Erakunde eta herritarren arteko elkarlana sustatzeko gizartearen inplikazioa ezinbestekotzat du Ormazabalek eta, bide horretan, informazioa eskaintzea du lehentasun. Horrela, bada, parte hartzea bi fororen bitartez bilakatuko da, Tolosan, zeharlerro: «Gardentasun batzordea izango da bata, eta udalbatzan gauden alderdi politikoez gain, beste alderdiak ere gonbidatu nahi ditugu parte hartzera». Bigarrenik, lankidetza mahaiak –udal teknikariekin osaturiko taldeak– ere jarraipena egingo die proposamen guztiei.

Lehen bilera martxoaren 17an izango da, 20:00etan, kultur etxeko lehen solairuko Topagunean, eta herritar eta eragileei dei egin diete bertaratzera: «Jauzi handia izango da, eta baliabide handiak beharko ditugu, baina hori da herritarrek nahi duten eredua».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!