Azoka zabalduz joateko pausoak ematen

Maier Ugartemendia 2016ko mar. 12a, 13:43

Tolosako eta Ordiziako azokek elkarrekin abiatutako lankidetzan aurrerapauso bat eman dute, eta hemendik aurrera azoketan produktuaren jatorria eta prezioa identifikatzeko jarriko dituzten panelak aurkeztu dituzte gaur

Tolosako azokara egindako bisita batean aurkeztu dute ekimena Tolosaldeko nahiz Ordiziako ordezkariek. 2015eko maiatzean abiatu zen Tolosa eta Ordiziaren arte lankidetza proiektua, azoken ezaugarri eta antzekotasunak eta horien dinamizazioan egin beharreko gogoetaren ondorioz. Helburua "etengabeko hobekuntza eta ondare ez-materiala balorean jartzea" da, eta era berean, baita baserritarren euren ekoizpenaren "salmenta zuzena" egiteak duen garrantzia azaleratzea ere.

Olatz Peon, Tolosako alkateak, Tolosa eta Tolosaldeak "eskualde ikuspegia oso barneratuta" duela adierazi du, baina beste eskualdeekin egin beharreko lanketa ere "garrantzitsua" dela adierazi du. Lehen sektoreak "oinarrizko garrantzia" duela uste du Peonek, arrazoi ezberdinengatik: "Batetik, ingurumenaren mantenua posibilitatzeko oinarrizkoa delako; bigarrenik, kalitatezko produktuak eskaintzen dituelako, eta beraz, gure bizi-baldintzak hobetzen ditu; eta hirugarrenik, gure barne eta kanpo turismorako erakargarritasun eta helduleku garrantzitsua delako". Lehen sektorearen "erakusleihoa" azoka dela uste du Peonek.

Ordiziatik, Delikatuz zentrotik etorritako ordezkariak ere izan dira gaur Tolosako azokan egin den bisitan adierazi dute Tolosako eta Ordiziako azokek gauza "asko" dituztela komunean, bietan baserritar eta eroslearen arteko "harreman zuzena" topa daiteke, "kalitatezko produktua" bitarteko dela. Lankidetzaren bitartez bi udalek "batera" lan egitea "askoz hobeto" dela uste dute, eta jada ematen ari diren pausoei beste batzuk ere gehitzeko asmoa adierazi dute bai azokarentzat eta bai baserritarrentzat "ona" izango delakoan. Tolosa eta Ordiziako baserritarrei banatu zaizkie jada hemendik aurrera produktuen jatorria eta prezioa jartzeko baliatuko dituzten panelak.

Arrate Iturbe Tolosako Azokako teknikariak azaldu duenez panel informatibo horiek jartzeko hausnarketa prozesua urtebete lehenago hasi zen, eta azokako baserritar, ekoizle eta saltzaileekin elkarlanean burutu da. Azokaren "gardentasuna" bilatzea du helburu, zeren ikusi zuten "postu askotan prezioak ez egoteak mesfidantza sortzen zuela azokara gerturatzen zen jende gaztearengan". Azokaren iraunkortasuna bilatuz, eta aldatu diren ohituretara egokituz, hortaz, panelen pausoa ematea erabaki dute, besteak beste.

"AZOKEK IRAUN DEZATEN"

Iker Karrera, Tolomendiko arduradunak, adierazi du Tolosa eta Ordiziako azokek badutela erronka bat aurretik: "Azokak eguneratu eta berritu beharra". Izan ere, kontsumitzaileen ohiturak aldatu egin direla uste du, eta saltzaileen adina aurrera doala, ondorioz saltzaile berriak azoketara "erakarri" beharra dagoela uste du Karrerak, "azokek iraun dezaten". Eta bide horretan kokatzen du berak bi azoken arteko lankidetza proiektua, helburu ezberdinekin: "Azokak eguneratzeko, eskaintza duin bat eta benetakoa eskaintzeko, eta lehen sektoreko ekonomia bat sortzeko, eta baita azokaren inguruan herrietako ekonomia bat sortzeko". Izan ere, azoka herri eta eskualde baten ekonomian dagoen "elementu bat gehiago" dela azpimarratu nahi izan du Karrerak. Aurrean duten "erronkan" pausu bat gehiago dela dio Karrerak, baina aurrerantzean ere "gauza gehiago" etorriko direla azpimarratu du.

Iñaki Sorarrainek, baserritar ekoizleen izenean, adierazi du erabakiak baserritar, ekoizle eta saltzaileei begira hartuak izan direla, eta panel informatiboak jartzeak "benetako eraginkortasuna" izango duela uste du, bereziki "gazteengan" pentsatuz, zeren azokan kontsumitzaile bezala gazteak "behar" dituztela adierazi du Sorarrainek

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!