Betiko martxan, dantzan jarriko du Tolosa Udaberrik

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mar. 14a, 17:26
Irudian, Miren Izagirre, IƱigo Azkue eta Amaia Beitia Udaberri dantza taldeko kideak, aurkezpenean.

Larunbatean ospatuko dute dantzari txiki eta erromeria eguna, 600dik gora lagun euskal dantzaren inguruan bilduz

Taldearen bosgarren hamarkada girotzeko antolatu zuten, lehenengoz, erromeria. Abastos eraikin zaharrean lagun talde txiki bat trikiti doinuen aldamenean elkartzen zen garaiaz geroztik, ordea, urteekin batera hazi da festa, eta larunbata izango da hitzordu berri baten lekuko: Udaberri dantza taldeak dantzari txiki eta erromeria eguna ospatuko du.
Aurkezpenean berretsi dutenez, «urteak joanagatik, Tolosan egonkorturiko jaia da larunbatekoa», eta horrexegatik aukeratu dute #betikomartxan leloa; tradizioa egungo begietatik begiratu, eta larunbateko jaia sare sozialetan zabaltzeko. Aipatzekoa da, gainera, Zerkausiko jaia iragartzeko spot sorta prestatu dutela, umorearen bideetatik joz.
Dantzari txikia hamaikagarrena izango da eta erromeria, berriz, hamabigarrena. Horrela, aurtengo aurkezpena aurrekoak baino bereziagoa izan da, Udaberri zenbaki borobilen atarian baita: «Taldea 1957. urtean sortu zuten eta, beraz, aurten 59. urteurrena beteko dugu. Datorren urteari begira, ilusioz beterik gaude, egia esan, eta hainbat ideia eta jarduera ditugu esku artean».

Goizetik goizaldera

Euskal dantza larunbateko festaren muina izango den arren, Udaberri dantza taldeak bestelako baloreak ere jorratzen ditu, dantzari txiki eta erromeria egunarekin. 11:00etatik aurrera, Euskal Herriko hainbat txokotako neska-mutilak plazaz plaza ibiliko dira, Alde Zaharrean nahiz erdigunean eta, hain zuzen ere, aniztasun hori azpimarratu nahi izan dute: «Hendaiatik (Lapurdi), Amurriotik (Araba), Lesakatik (Nafarroa) eta Errenteriatik (Gipuzkoa) bertaratuko dira dantzariak eta, tolosarrekin batera, 400 inguru izango dira. Dantzen aniztasuna ikusteko aukera izango da, beraz, eta gaztetxo horiek guztientzat plazan trebatzeko eguna izango da, goizez zein arratsaldez».
Izan ere, goizeko kalejirak amaitu eta Tolosako elkarteetan bazkaldu ondoren, emanaldia eskainiko dute, 16:30ean, Plaza Berrian. Otorduaren harira eta, azken urteotan bezala, Udaberrik eskerrak eman nahi izan dizkie beren aterpea eskainiko dieten elkarteei, eta baita lagunduko duten guraso guztiei ere. «Talde guztietako dantzariak elkartzea gakoa da, gure ustez, elkarren arteko harremana sortu edo sendotzeko modua izaten baita eguerdiko tartea», diote. Aipatzekoa da, eguraldiak laguntzen ez badu, Jesuitinetako frontoian ariko direla, goizez, eta Zerkausian bertan, arratsaldez.
Aste Santu aurreko larunbatekoa goizetik goizalderako ospakizuna izaten da, ordea, eta behin gaztetxoena amaituta, helduen gozamena iristen da. Ohiturari jarraituz, taldeko musikariek girotutako poteoa 19:30ean hasiko da, Plaza Zaharrean; afaria 21:00etan hasiko da Zerkausian.
Tripa ahal bezain laster betetzea izango da bertaratutakoen nahia, Zesuma taldearen erritmora dantza egiteko. «Erromeria jendetsu bilakatu da, eta 200 laguneko muga jarri behar izaten dugu azken urteotan». Horrela, Zesumaren atsedenaldian Larrain dantza erraldoiak utzitako argazki erraldoia errepikatzeko gogoz dira antolatzaileak.
Txartelak salgai dira, 15 euroan, Ikatza, Xirimiri eta Orbela tabernetan eta, derrigorrezkoa ez bada ere, Udaberriko kideek jantzi tradizionalekin atontzeko deia egin dute. Hori eta dantzarako gogoa, besterik ez dute behar izango, larunbatean, betiko martxan jarraitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!