Udalak "espazio publikoa erabiltzeko modua inposatu" nahi du, Guztion Tolosa taldearen ustez

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mar. 17a, 13:02
Hainbat eragiletako ordezkariak elkartu ziren kultur etxean eskainitako agerraldian.

Kale garbiketarako ordenantzaren bitartez ezarritako panelak kentzea eskatuko dute, besteak beste, gaur iluntzerako Tolosako Udalak deituriko bilkuran.

2011. urtean onartu zuen, Tolosako Udalak, kale garbiketaren inguruko ordenantza. Testuak biltzen zituen neurriak pixkana ezartzen ari da, orain, erakundea eta, neurri horietako zenbaitek "ezinegona" sortu du herriko gizarte eragile batzuen artean. Horrela, informazio kartelak itsasteko ezarritako panelen sistema desegokitzat jo dute, besteak beste.

Guztion Tolosa izena hartuta, ELA, LAB, EHNE, Ernai, Gazte Abertzaleak, Eusko Alkartasuna, TOPA, Bilgune Feminista, EH Bildu, Amarozko auzo elkartea, Sortu, Sanblaspiko gazte asanblada, AHT Gelditu elkarlana, Stop Desahucios, Aralar, Tolosako Gazte Asanblada, Tolosako Zero Zabor, Podemos, Euskal Herria Sozialista eta Ikasle Abertzaleak gizarte eragileak bildu dira, oraingoz, espazio publikoaren erabilera jorratzeko foro horretan. Baina ateak zabalik dituzte, eta espazio publikoaren erabileraz hausnartu nahi duten herri eragileei parte hartzeko deia egin diete, horretarako guztiontolosa@gmail.com helbidea luzatuz.

"Gardentasuna vs. panelak"

Guztion Tolosa taldearen arabera, kale garbiketaren ordenantzarekin harturiko zenbait neurrik "inposatu" egiten dute espazio publikoaren erabilera: "Kaleen erabilera mugatzaile eta arautzailea egiten dute, eta espazio publikoa erabiltzeko moduaren arabera, zigorrak ere ezar ditzakete". Areago, Espainiako Gobernuak duela zenbait hilabete onarturiko Ley Mordazarekin alderatu dituzte neurriak: "Loreak ureztatzea, kartelak jartzea, edukiontzietan elikagaiak bilatzea, hautsak harrotzea edo esku orriak banatzea arautzen dituzte, adibidez".

Horrela, "harriduraz" jaso dute Tolosako Udalak parte hartzea bere jardunean sistematizatu eta eguneroko tresna bilakatzeko aurkeztu berri duen proposamena: "Gu, herri eragileok, ados gaude horrekin guztiarekin, eta pozten gara udala norabide horretan jarri izanaz. Baina erabat kontraesankorra da, alde batetik, garbitasun ordenantza gauzatu eta herritarron hitza eta bizitza mugatzea eta, bestetik, elkarrizketa proposatzea".

Bide horretan, Tolosa herri bizi eta aktibotzat jotzen denean, "herritarrek eta herriko eragileek" egiten dutela ere nabarmendu nahi izan zuten agerraldian: "Gure jardun biziaz herritarrak informatzeko hainbat bide erabiltzen ditugu, baita kartel eta informazio orriak ere".

Eragileen kezka komunikabideen aurrean plazaratu ondoren, gaur iluntzean bertan udalak antolaturiko informazio bileran, Guztion Tolosa taldeko ordezkarien zenbait eskaera egingo dizkiote Tolosako Udalari. Lehenik, kale garbiketarako udal ordenantza bertan behera uztea nahi du Guztion Tolosa taldeak eta, era berean, ordenantza berri bat idazteko foro berri bat sortzea, eragile, talde, merkatari nahiz norbanakoekin. Azkenik, ordenantza berria osatu eta martxan jarri bitartean, "gobernantza eredu berriaren proiektua ere deuseztatzea" nahi du taldeak, "informazioa mugatzen duen herri batean ezin baita etorkizunaz hitz egin".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!