Tolosa, mauken plaza

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko api. 7a, 17:09

Tolosa&Co elkarteko 100 komertzio inguruk parte hartuko dute, larunbatean, Braderie Egunean.

Udaberriaren lehen oihartzunarekin batera, maukarik tentagarrienak kalean eskuratzeko aukera suertatzen da Tolosan, Braderie Egunaren bidetik. Dendariek komertzio atarietara ateratzen dituzte beren produktuak, eta sekula ikusi gabeko prezioekin izendatu etiketak: merkataritzaren festa bilakatzen da hitzordua.

Ez da harritzekoa Tolosako nahiz eskualdeko hainbat herritar aurtengo Braderiearen zain izatea, iazko prezioak gogoan. Bada, larunbatean izango dute horretarako aukera, egun osoan zehar.

10:00etatik 20:00etara bitarte, arropa, objektu, aparatu eta abarrek kalea izango dute erakusleiho bakar, herritarren gozamenerako. Aurten, gainera, Tolosa&Co merkatari eta ostalari elkarteak ahalegin berezia egin du Braderie Egunari festa ukitua nabarmentzeko, eta horren harira aurkeztu dituzte, 2016ko Braderieko bi berrikuntza nagusiak: batetik, denda bakoitzaren postutxoa girlandaz apainduta egongo da eta, bide beretik, merkatariek Tolosa&Co elkarteko amantal bereziak jantziko dituzte soinean, bezeroek errazago identifikatu ahal izateko.

Aipatzekoa da, 100 komertzio ingururen maukak eskuragarri izango direla aurten, eta izen emate epea itxita egonagatik, gaur bertan parte hartu nahian zebiltzala zenbait merkatari.

Erosketak baino askoz ere gehiago

Eskaintzarik onenaren bila joateko eguna izateaz gain, jai giroa ere sustatu nahi dute zerbitzuen sektoreko langileek eta, bide horretan, San Frantzisko pasealekuko karpak izango du ardura nagusienetakoa: esatari bat elkarrizketak eginez ariko da, etengabe, eta musika ere aukeratuko du, bertaratuen erosketak girotzeko.

Bide beretik, elkarteko zenbait ostalarik pintxo berezi bat gehituko diote larunbateroko eskaintza oparoari: Braderie pintxoa. Hori ere egun osoan barrena dastatu ahal izango da.

Azkenik, etxeko txikienentzat ere gozamen eguna izango da biharkoa, txiki-park bat ezarriko baitute: «Horrela, gurasoek lasai ibili ahal izango dute erosketak egiten, haurrak bertan dauden bitartean», azaldu dute. Eguraldiaren arabera, parkearen kokalekua aldatu egingo dutela aipatzekoa da: Zerkausian izango da, eguraldi txarrarekin, eta Trianguloa plazan, berriz, eguraldi ona egingo balu. Ordutegiari dagokionez, berriz, 16:00etatik 20:00etara bitarte izango da zabalik.

Eta saldu gabeko produktuak merkaturatzeko aukera izateaz gain, Tolosa&Cok minbiziaren aurkako elkartearekin elkarlana sendotzeko hitzordua ere izango da biharkoa: laugarren urtez, elkarteak emango dizkie, dendariei, poltsak eta informazio eskuorriak.

Kontsumitzeak badu saria

Urteroko hitzordua da Braderie-a, eta Tolosa&Co elkarteak bere Visa txartelarekin antolatzen dituen promozioak ere ohikoak dira. Horrela, larunbatean bertan hasi eta, maiatzaren 30era bitarte, kanpaina berri bat iragarri dute.

Merkatari eta ostalari elkarteko Visa txartela erabiltzen duten herritarrek, Samsung Galaxy smartphone bat irabazteko aukera izango dute; guztira, 5 zozkatuko dituzte.

Era berean, 100 euroko 10 erosketa txartel ere banatuko dituzte kontsumitzaileen artean; zozketako irabazle suertaturiko komertzio berean erabili beharko da txartela.

Aipatzekoa da, sariok datafono bidez banatzen dituela elkarteak: Visa txartelarekin ordainketa bat eginez gero, beraz, txeke horietako bat eskuratzeko aukera izango da. Tolosa&Co Visa txartela doan eskura daiteke elkarteko komertzio zein tabernetan, izen emate orria betez gero, eta nazioartean erabilgarria da, edozein erosketa egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!