Natur turismoa protagonista izango da, bihar, Tolosan

Imanol Garcia Landa 2016ko api. 20a, 12:35
Iazko Aktibatu jardunaldien une bat.

Laugarren urtez Aktibatu jardunaldiak antolatu dituzte Topic zentroan

Natur turismoa, berrikuntza eta iraunkortasunarekin erlazionatutako gaiak jorratuko dituzten saioak bilduko ditu Aktibatu jardunaldiak bihar Tolosako Topic zentroan. Laugarren urtez antolatu dute, sektoreko profesional, enpresaburu, tokiko eta eskualdeko eragile publikoentzako etengabeko trebakuntzarako eta dibulgaziorako elkargunea izateko asmoz. Bizi Biziki enpresak bultzatu du ekimena eta bertako kide den Ekaitz Zubelzuk adierazi duenez, «gero eta proiektu gehiago egiten dira natur turismoaren inguruan hemen gure herri inguruetan».

Zubelzuk gaineratu duenez, «jardunaldi hauekin mundu horretan lanean gauden edo lanean hasi nahi dutenak elkartu eta horren inguruan adibide ezberdinak ikusteko aukera sortzea da helburua». Horrez gain, jardunaldien asmoa ere bada eztabaida sortzea, «nolako natur turismoa zabaldu nahi dugun eta nora iritsi nahi dugun produktu hauekin» zehazteko.

Goizez eta arratsaldez izango dira saioak. Hasteko, besteak beste, Eskozian eta Tenerifen egun lantzen ari diren egitasmoen berri jasoko da. «Eskozia natur turismo iraunkorra asko lantzen den herrialdea da, eta euritsua, Euskal Herria bezala. Han nola lantzen duten natur turismoa ezagutuko dugu», esan du Zubelzuk. «Tenerifen, ezagutzen dugun turismoaz aparte, beste modu bat lantzen ari dira, iraunkortasunaren inguruan, eta horren berri izango dugu».

Irisgarritasuna ere landuko dute biharko jardunaldietan. «Irisgarritasunari eman nahi zaio garrantzia aurten», esan du Zubelzuk. «Ikusten dugu natur guneak denontzako izan behar dutela, eta bide horretan egiten ari diren egitasmoak azalduko dira».

Horrez gain, zenbait mikroproiektuen berri izateko aukera emango dute Aktibatu jardunaldiek. Horri guztiari buruz informazio gehiago nahi izanez gero, bizibiziki.com/aktibatu webgunean jaso daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!