Tolosako Samaniego ikastetxeak harreman berezia du Cauca haraneko (Kolonbia) Guillermo Leon Valencia ikastetxearekin. Senidetuta daude, eta ikastetxe tolosarrak hainbat jarduera antolatzen ditu, ikasturtean barrena, kolonbiarrei elkartasuna adierazi eta laguntzeko.
Horietako bat sanjoanetako bigarren eskuko liburu azoka izaten da, eta bestea, berriz, abenduaren 31ko San Silvestre herri krosa. Horrela, 2015ean hitzordu horietan bildutako elkartasuna eman diote, Espinosari, dirutan.
Ozeanoz bestaldeko senidetzeei aurpegi eta irriak jartzeaz gain, ohorezko agurra ere dantzatu diote, ikasleek, kolonbiarrari; ondoren, txapela jantzi diote, euskal ohituren erakusle. Halaber, Mando Liburuzaina proiektuan jasotako zenbait liburu ere banatu dizkiote neska-mutilek. Aipatzekoa da, Mando Liburuzaina Kolonbian bertan abiarazitako egitasmoa dela, eta Espinosak hango berri ere eman diela Tolosako irakasleei.