«Barrenak esan didalako utziko diot jokalari izateari»

Mikel Iraola 2016ko mai. 4a, 12:35

Saskibaloi jokalari izateari utziko dio igandean (Usabal, 18:15), lehen taldearekin ia 20 urtez jokatzen ibili eta gero. Bizitzaz, saskibaloiaz, TAKEz eta etorkizunaz hitz egin du. «Pozik, asebeteta eta eskertuta» doala dio.

Bederatzi urte zituenean hasi zen Goar Artetxe (Anoeta, 1977) saskibaloian jokatzen, TAKEn. 29 urteren ondoren, bere jokalari ibilbidea amaitutzat emango du igandean, orduan jokatuko baitu liga honetako azken partida.

Urteroko galderetako bat izan ohi zen: 'Jarraituko ote du Goarrek?'. Aurtengoan ezetz erabaki duzu. Erraza izan da?
Bai eta ez. Bizitza osoa daramat saskibaloian jokatzen. Nire egunerokoaren parte bilakatu da, eta ez da erraza izan hori puskatzeko erabakia hartzea. Azpeitian jokatzetik herrira itzuli nintzenean bi urtez jokatzeko asmoa nuen, eta ia hamar pasa dira! Beraz, azken urteotan buruan nuen, eta banekien lehenago edo beranduago iritsiko zela une hau. EBAko igoera ere izan da tartean eta horrek erabakia atzeratu zuen, maila horretan herriko taldearekin jokatzea sekulakoa izan delako. Inguruko jendeak jarraitzera animatzen nau. Urte ona egin dut, ez dut lesiorik izan eta gozatu egin dut. Baina barrenak esan dit uzteko une egokia zela, eta horrela sentitzen dudalako utziko dut.

Barrena penaz dago?
Orain arte egindako lan guztiak honaino iristeko balio izan dit, beraz, pozik nago. Jokalari bezala utziko dut saskibaloia, baina saskibaloian murgilduta jarraituko dut. Erronka berriak ditut.

Zein dira erronka horiek?
Entrenatzaile gisa saskibaloiari lotuta jarraitu nahiko nuke. Une honetan ez dut ezer lotuta eta nire ametsa litzateke norbaitek nigatik apustu bat egitea. Urte askoko esperientzia dut, formazioa dut, denbora dut, eta bereziki, kirol honekiko pasio handia dut. Ea aukera hori iristen den.

Kantxatik kanpo ezberdin bizitzen omen dira partidak.
Taldekide askok utzi dute kirola ni baino lehen, eta askok esaten dute kosta egiten dela partidako adrenalina hori ez izatea. Adrenalina hori lehiak ematen dit niri. Baina ez nau larritzen kantxan ez izateak.

Joan gaitezen hastapenetara. Nola gogoratzen dituzu lehen urteak?
Ez dakit zergatik hasi nintzen saskibaloian jokatzen, eta ez beste kirol batean. Eskolan hasi nintzen, baina lehen ez zegoen orain dagoen aukera. Gaur egun multikirola delakoa dago. Ni saskibaloi taldean sartu nintzen eta harrezkero beti saskibaloian jokatu dut. Gogoan dut patio garaian milaka eta milaka ordu pasa izan ditugula jolasten. Pasio hori faltan somatzen dut egungo gazteengan. Ez dituzte horrenbeste ordu pasatzen jolasten kirol hori maite dutelako. Nire kasuan ez dizut esango obsesio bat zenik, baina saskibaloiarekiko sekulako pasioa izan dut.

Gaztea zinela sartu zinen TAKEn. Nolakoa zen orduan?
1988an sortu zen TAKE, eta ni 90. urtean sartu nintzen. Hiru talde baino ez zituen: kadeteen bat, jubenilen beste bat; eta talde nagusia. Hirurak, gizonezkoenak. Lehen taldeko jokalariak ziren entrenatzaileak, baina ez zuten gaur egungo entrenatzaileek duten formakuntza. Dani Vega, Jorge Moreno... entrenatzaile asko izan nituen. Baina oroitzapen onenak Tomas Mendizabalekin ditut. Jubenila nintela entrenatu ninduen eta uste duk berak transmititu zidala lehen aldiz saskibaloiarekiko pasio hori.

Lehen taldera egindako jauzia nolakoa izan zen?
17 urte nituen. Gehienak ni baino zaharragoak ziren: Koldo Arsuaga, Juanmari Lasa, Txisto Murillo... Jende gaztea ere bazegoen: Joseba Saizar, Ander Peon, Patxi Argote... talde polita zen. Egungo taldeak kalitate gehiago du, jokalariak formatuago daudelako. Hala ere, dena ematen genuen kantxan, partida oso borrokatuak izaten ziren, eta hori dela eta, jende ugari gerturatzen zen etxeko partidak ikustera. Gogoan dut ze giro izaten zen. Irabazteko kantxa oso zaila izaten zen Tolosakoa.

Lau urte pasa zenituen Azpeitian jokatzen. Zer dela-eta?
Kasualitatea izan zen. Denbora tarte batean TAKEk ez zituen harrobiko taldeak zaindu eta lehen talderako jenderik gabe geratu zen. Tolosakoa ez zen gero eta jende gehiago ekarri behar izaten zuen. Hausnarketa bat abiatu zen uste genuelako horrenbeste lan musu-truk egiteak ez zuela merezi, herriko jendeak ez aprobetxatzeko. TAKE 1. Nazional mailan zegoen, eta maila horri uko egin zion, herriko jendearekin azpiagotik berriro hasteko. Azpeitia garai horretan maila bat beherago zegoen, eta guk utzitako lekua hartu zuen. Iñaki Txapartegi taldekide ohia hara joan zen bizitzera eta hark esan zidan jokatzeko.

Zein oroitzapen dituzu?
Hasieran zalantza asko izan nituen, baina ez nago batere damututa. Lau urte zoragarri pasa nituen; ez kirol mailan bakarrik, baita pertsonalki ere. Gogorra zen astean lau egunetan hara joatea, baina jendeak herrikoa banintz bezala tratatu ninduen. Ezagututako pertsonekin geratzen naiz. Kirol arloan, EBA mailara igotzea lortu genuen, eta garai hartan oso maila altua zegoen. Profesionalen pare bizi ginen ia: bidaiak, hotelak... Lau urte horietan, pertsona bezela heldu egin nintzela esango nuke.

Lau urte horien ondoren, Tolosara itzulitakoan, ze ezberdintasun topatu zenituen TAKEn?
Bi klub ezberdin topatu nituela esango nuke. Azpeitira joan aurretik esango nuke TAKEk ez zituela identifikatuta helburuak eta horietara iristeko jarraitu beharreko bideak. Itzuli nintzenean ideia horiek argi zituen klub bat topatu nuen. Oso lan ona aurkitu nuen eginda. Argi izan zuten harrobiagatik apustua egin behar zela, entrenatzaileen formakuntzan sakonduz. Jendea lanerako prest agertu zen, borondatez, eta lan hori mantendu egin da gaur arte. Horri esker lortu da gaur egun ezagutzen dugun TAKE.

Zein bide jarraitu beharko luke hemendik aurrera TAKEk?
Niretzat ezinbestekoa da pertsonengatik apustu sendoa egitea. Ilusioa duen jendea bereganatu behar da, laguntzeko prest dagoena. Eta jende hori zaindu egin behar da. Ardurak dituzten pertsonak egokiak izan behar dute, benetan pasioa dutenak, horiek baitira proiektu bat lideratzen dutenak, jende gehiago erakartzen dutenak eta norabidea markatzen dutenak. Lehen aipatu dudan moduan, entrenatzaileen formakuntza zaindu behar da. Komunikazioan ere lan egin behar da: lortu behar dugu saskibaloia herrian txertatzea. TAKEk kalean egon behar du, jendearen ahotan, egunkarietan... Jendeak ikusten badu lan ona egiten duzula, haurrak erakartzea errazagoa izango da. Ume horiek entrenatzaile egokiak badituzte, gustura egongo dira, eta lehen taldea eredu gisa izango dute. Horrela lortuko da aurrerapausoak ematea. Baina jendearen laguntza ezinbestekoa izango da.

Bide horiek, zein helbururentzat?
Saskibaloia bizitzeko era bat da, eta gustatuko litzaidake TAKE gazteentzat eredu bat izatea. Ume bat ilusioz dagoela ikusteak ez du preziorik. TAKEk umeak hezten ditu, eta hori oso garrantzitsua da, batik bat, jendea erakartzeko etorkizunari begira. Heziketa horren atzean balore asko daude eta zentzu horretan eredugarri izan behar du TAKEk. Bestalde, mutilekin lortu den estruktura neskekin lortzea garrantzitsua da, lehen taldea erreferente bihurtzeko atzetik datozenentzat. Egunetik egunera, eta zorionez, gero eta neska gehiagok jokatzen du TAKEn, eta uste dut merezi duela nesken arloa gehiago indartzea. Donostia edo Azpeitian beste kasu batzuk ikusi izan ditut gertuagotik eta TAKEn hori falta zaigu.

Zein balore jaso dituzu zuk urte hauetan?
Duela 20 urteko baloreek ez dute zerikusirik oraingoekin. Adiskidetasuna, esfortzua, aldamenekoak laguntzea... Gero norberak ere egin behar du berea. Nik ilusio eta pasio asko izan ditut. Zentzu horretan eredugarri izan dira, besteak beste, Kike Konde, Iker Otaño, Kepa Jauregi, Juanmari Lasa, Koldo Arsuaga eta beste asko eta asko. Ezagutu dudan pertsona bakoitzetik zerbait ikasi dut.

Muga jartzen diozu TAKEri?
Ez nioke inongo mugarik jarriko. Harrobia eta lan egiten duen jendea zaintzen den bitartean, gustura izango dira guztiak eta proiektua aurrera aterako da. Harrobiko herriko jendeak markatuko du non dagoen unean uneko TAKEren muga, hau da, zein mailatan lehiatu behar duen. Gaur egungoek maila ematen badute, EBAn egongo da. Ez badute ematen, jaitsi behar bada, jaitsiko da. Eta gorago bada, gorago. Baina herriko jendeak markatuko du hori. Baina mugarik ez, bat bera ere ez.

Alor pertsonalari dagokionez, nolako jokalaria izan da urte hauetan Goar Artetxe?
Oso zorrotza bere buruarekin, gehiegi batzuetan. Horrek arazoak ekarri dizkit. Saskibaloia taldeko kirola da, eta batzuetan nire buruari eskatzen niona eskatu izan diet taldekideei ere. Bazen kirola ni bezala bizitzen ez zuen jendea, eta arazoren bat izan dut. Ezer larririk ez, gero guztia hitz eginez konpontzen baita. Hori egiten jakitea ere garrantzitsua izaten da.

Hirukoetan ere fina izan zara. Faltan botako dira.
Nire hirukoak? Jokoaren parte dira. Nik ez baditut sartzen, beste batek sartuko ditu. Badaude rol hori har dezaketen jokalariak: Iñaki Amondarain, Lander Lasa... TAKEko jokalari gazteek, adibidez, Lander hor dagoela aprobetxatu behar dute ikasteko. Ni banoa, baina TAKEk jarraituko du.

Unerik zailenetan inoiz ez zaizu erantzukizuna hartzea kosta izan. Zer pasatzen zaizu une horietan burutik?
Egia esan, ez zait ezer pasatzen burutik. Burua hotz mantentzen dut. Partidan murgilduta nago, ez naiz kanpoko ia ezertaz ohartzen. Segundo gutxi falta direla eta baloia bota behar dudala? Ez dut huts egiteko beldurrik. Batzuk sartu izan ditut, eta makina bat ez. Baina kontzentratuta mantentzen saiatu izan naiz beti.

Epaileren batek ere lasaitua hartuko du.
Seguru (barreak). Esan dizudan moduan, kantxan nagoenean niretzat taldekideak, aurkariak eta epaileak bakarrik existitzen dira. Helburua irabaztea da, ez edozein preziotan. Batzuetan presio apur bat egin izan dut, beti ere errespetu baten barruan.

Zure ibilbideko zein unerekin geratuko zinateke?
Hiru esango dizkizut. Lehena, 1996. urtekoa. Iruñean jokatzen genuen ligako azken partida. Galtzen zuenak maila galtzen zuen. Autobusak antolatu genituen zaleentzat, eta bi bete zituzten. Ondorioz, jokalariok autoz joan behar izan genuen. Partida hasi eta ez zen inor sartu. Bosgarren minutuan guztiak batera sartu ziren. Sekulakoa izan zen. Hainbesteko zarata atera zuten kalean, Guardia Zibila eta guzti agertu zela zer gertatzen ote zen ikustera. Irabazi egin genuen, eta irteeran zale guztiek sekulako harrera egin ziguten. Bigarrena, EBAra lortutako igoera, ikaragarria izan zen urte hori; amaitzeko, urtero errepikatzen den zerbait: klubeko gira. Egun guztian zehar klubeko jende asko batzen gara parranda egiteko, eta elkarrekin egotea ikaragarria da.

Eta une txarrik izan duzu?
Bai. Belauna txikitu nuen behin, Zarauzko 3x3 txapelketan. Finaleko lehen minutua zen, eta sarrera bat egin, txapela jarri zidaten eta erotzerakoan min hartu nuen. Urte osoa pasa nuen jokatzerik izan gabe. Oso gogorra izan zen. Hori bai, partida guztietara joaten nintzen, etxekoetara nahiz kanpokoetara.

Partidetara joaten jarraituko duzu orain ere?
Dudarik gabe. Gertutik jarraituko ditut emaitza guztiak nagoen tokian nagoela ere, nahiz Tolosan edo Los Angelesen egon.

Orain arte ia partida guztietan egon direnak emaztea, gurasoak eta osaba izan dira.
Asko eskertzen diet urte hauetan egin duten esfortzua. Ainhoak (emazteak) adibidez, saskibaloi jokalari gisa ezagutu ninduen, eta konturatu zen nuen pasioaz. Argi izan zuen saskibaloia jarraitu beharko zuela, eta partida askotara etorri izan da beti, baita urruti jokatu izan ditugunetara ere.

Zer esango zenieke zaleei?
Emandako laguntza eskertu besterik ez daukat. Asko lagundu naute.

Zure taldekideentzat, berriz, zein mezu utziko zenuke?

Disfrutatzeko jokalari diren bitartean. Esaterako, gure entrenatzaileak zazpi urte daramatza gurekin. Nire taldekide izan zen eta entrenatzeko erabakia hartu zuenean esan nion bizi osoa zuela aurretik entrenatzeko, baina jokalari gisa urte gutxi daudela. Zazpi urteren ondoren berriro hasi da jokatzen. Beraz, esango nieke aprobetxatu dezatela denbora hori ahal duten guztia disfrutatzeko.

Zeuk beti disfrutatu duzu?
Bai, beti. Izaten dira bolada hobeak edo okerragoak. Baina orokorrean, beti.

Umeak ere entrenatzen dituzu. Etorkizuneko jokalarientzat esatekorik?
Ikusi dezatela lehen taldea eta eredu har dezatela. Lan asko egin behar dute horra iristeko. Ikasketak ere zaindu behar dituzte, eta biak uztartzeko aukera badute, primeran. Konturatuko dira gogor lan egiteak merezi duela.

Lortu ez duzun zerbaitekin zoaz?
Ez. Ni bezalako pertsona lehiakor batek, maila batean jokatzean beti nahi izaten du gorago egon. Baina gauzak ongi aztertuz, nire ibilbide osoan ez dut ezer botatzen faltan. Ia profesional baten bizitza izan nuen Azpeitian, eta herriko taldearekin bizitako esperientziak izugarriak izan dira. Ez dut inongo arantzarik. Gustura noa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!