Nerea Eizagirre: «Nire adineko jendea Lehen Mailan egoteak emakumezkoen futbola gora doala esan nahi du»

Mikel Iraola 2016ko mai. 20a, 10:26
Irudian, Nerea Eizagirre futbolaria Tolosan.

Nerea Eizagirre fitxatu berri du Realak, eta 16 urterekin, Lehen Mailan jokatzen duen jokalari gazteenetako bat izango da tolosarra.

16 urterekin lehen mailan. Arduratuta?

Inoiz ez duzu uste une hori iritsiko denik, baina iristen denean poza da nagusi. Egia esan, hurrengo denboraldia hasteko gogo handiarekin nago.

 

Erraza izan da Realari baiezkoa ematea?

Bilera guztietara gurasoak joan dira, niri ez zaizkidalako horrelako kontuak gustatzen. Eskaintzaren berri eman zidatenean, argi nuen Realean jokatu nahi nuela, hori zelako nire ametsa. Ostegunero beraiekin entrenatzen nuen, eta asko ikasi dut beraiekin. Orain taldekoa izatera pasako naiz, eta oso gustura nago hartu dudan erabakiarekin.

 

Izan duzu beste talderen baten eskaintzarik?

Zurrumurruak beti izaten dira. Baina egia da Athletic atzetik ibili dela. Nik, ordea, argi nuen Realean jokatu nahi nuela, Reala zela nire taldea.

 

Realzalea zara, beraz.

Bai, betidanik. Lehengusua (Mikel Aranburu) ikustera joan izan naiz Anoetara, baita nesken taldea ikustera ere. Inoiz ez duzu pentsatzen hor amaituko duzunik.

 

Taldea barrutik ezagutzen duzu. Zer ikasi duzu beraiengandik?

Talde oso ona da, maila handiko jokalariak daude eta sekulako giroa dute. Esperientzia askoko jokalariak daude, eta guztiengandik ikasten joan naiz. Hori da garrantzitsuena. Ikasten jarraitzea baino ez zait geratzen, lanean segi, noizbait hamaikakoan tartea egin arte.

 

Ligako jokalari gazteenetako bat izango zinateke.

Bai, eta egia esan, horregatik ere oso harro nago. Horrek esan nahi du emakumeen futbola hobetzen doala. Txikitatik jokalari onak datoz, eta uste dut lehen mailan nire adineko jendea egotea ona izan daitekeela azpitik datozen jokalariei ilusio gehiago pizteko.

 

Espainiako Selekzioarekin txapeldunorde izan berri zara Europako Txapelketan. Zer moduz joan zaizu?

Lehen deialdietan oso urduri joaten nintzen, baina urduritasun horiek kenduta konfiantza hartzen joan naiz. Uste dut Europako Txapelketa jokatzea jokalari batek izan dezakeen esperientzia onenetakoa dela. Gainera, bigarren egin dugu eta Munduko Txapelketarako txartela lortu dugu. Lan ona egin dugu, penaltietan galdu genuen finala, lastima irabazi ez izana. Mundu txapelketa jokatzeko aukera ere ez du edonork izaten, baina eguneroko lanarekin jarraitzen badut, sute dut iristeko aukera izango dudala. Ea horrela den.

 

Euskal Selekzioarekin ere puntaren puntan zabiltzate.

Finalerdiak jokatuko ditugu berehala Madrilen aurka. Finalera iristeko aukerak ditugu. Irabaztea gustatuko litzaidake, euskal selekzioa inoiz ez delako fase final batera iritsi. Gainera, kapitaina naiz eta ilusio handia dut.

 

Alde batetik bestera ibiltzeak nola eragiten dizu ikasketetan?

Europako Txapelketak irauten zuen bitartean hiru astez ez naiz eskolara joan. Espainiako selekzioak irakasleak jartzen dizkigu, baina hala ere itzulerakoan kosta egiten da. Eliteko jokalari izaera hartzen dugu eta horregatik erraztasunak ematen dizkigute. Nire taldean baditut, hala ere, oztopo asko dituzten taldekideak. Niri, aldiz, irakasleek asko lagundu didate beti, eta eskertuta nago.

 

Reala, Munduko txapelketa... zein beste helburu jartzen dizkiozu orain zeure buruari?

Realarekin lehen denboraldia egingo dut. Aurten oso maila ona eman du eta gustatuko litzaidake noizbait liga irabazteko borrokan egotea. Polita litzateke Txapeldunen Liga jokatzea Realarekin. Helburuak jartzea polita da, baina lortzeko gogotik lan egin behar da.

 

Zure lehengusua ere aipatu duzu. Klub bakarreko gizona izan zen. Berdina egiteko gogoz al da Nerea?

Mikel urte asko egin zituen Errealean, eta hori inork gutxik lortzen du. Oso gaztea naiz, eta ez dut oraindik nire burua horrela kokatzen. Baina egunen batean bera bezala kapitain izatea ohore bat izango litzateke.

 

Atzera begira jarrita, bi urte egin dituzu Añorgan. Zer uzten duzu atzean?

Asko ikasi dut. Unai, Jon eta gainontzeko taldekideek asko zaindu naute. Hor ere giro bikaina dute, eta zentzu horretan taldea uzteak pena apur bat ere eragiten dit. Gainera, orain arte futbola dibertsio modura hartzen nuen, baina orain profesionala izatera pasako naiz. Dena den, lagunak ez ditut galduko, eta asteburu batzuetan Añorgara joango naiz partidak ikustera.

 

Eta Tolosari buruz zer esan?

Nire kluba da, beti esango dut bertatik natorrela. Uste dut lan ona egiten duela emakumeekin. Gainera, aurten igoera lortu dute. Asko pozten naiz hori delako Tolosaren benetako maila, eta jokalariek ere merezi zuten. Partidaren bat ikustera ere joango naiz, seguru.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!