Tolosako birziklatze datuek "erraustegia iraganean" kokatzen dutela dio EH Bilduk

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mai. 23a, 18:16
Ibai Iriartek eta Lore Agirren eskaini dute oposizioaren irizia, pleno aretoan.

"Herritarrak zoriontzen jarraitzeko moduko datuak" direla azaldu du oposizioak, baina frakzio bakoitzaren karakterizazioa eskatu dute.

Joan den ostiralean iragarri zituen, Tolosako Udalak, hondakin bilketa sistema aldatu zenez geroztik izandako datuak. Inauterien ondoren bilketa sistemari egindako aldaketek datuak ez dituzte %70etik jaitsi, eta udal gobernua "pozik" azaldu da emaitzarekin, beren erronka bete dela azpimarratuz. Horren harira, EH Bilduko oposizioak agerraldia eskaini du, eta herriko datuak "komunikabideen bitartez soilik" jaso dituztela gaitzetsiz, herritarrak zorionduz ekin diote, Ibai Iriartek eta Lore Agirrek, prentsaurrekoari: "Ohiturak mantendu egin dira, eta tolosarrak zoriontzen jarraitzekoa da birziklatze tasa".

Bide horretan, ohitura aldaketa hori "aurreko sistemak ezarritakoa" dela uste du EH Bilduko udal taldeak: "2014ko azaroan ezarri genuen sistemak sortu zuen ohitura aldaketa, eta ezinbestekoa izan dela iruditzen zaigu, honaino iristeko. Izan ere, birziklatzea denon eginbeharra da, ez da aukera bat".

Ideia horri tiraz, Iriartek eta Agirrek gaika sailkatutako hondakinen datuetan hutsune bat atzeman dute: gai bakoitzaren azterketa xehatu bat, karakterizazio bat. EH Bilduren ustez, "oso garrantzitsua da jakitea", sailkaturiko horren barruan birziklatzera zenbat eraman den, eta errefusera zenbat bideratu behar izan duten: "Udalak Tolosaldeko Mankomunitateari eskatu beharko lioke frakzio bakoitzaren karakterizazio hori", azaldu dute.

Kezka horren atzean, EH Bilduko kideek "hondakin organikoaren edukiontzietan aurkitutako plastikozko poltsak" jarri dituzte adibidetzat, eta baita duela zenbait egun herritar batek TOLOSALDEKO ATARIAri helarazitako argazkia ere: mikrouhin labe bat topatu zuen hondakin organikoaren edukiontzian. Ibai Iriarteren iritziz, "gaizki sailkatzen duten gutxi batzuk zapuzten dute askok ondo egindakoa, eta horrek datuak hobetzea oztopatzen du".

"Geratzeko etorri da"

2014ko azaroan ezarritako sistemak txip bidez kontrolatzen zuen errefusa eta organikoa astean egun kopuru jakin batean soilik atera ahal izatea. EAJko udal gobernuak muga horretan eragin nahi izan zuen, hain zuzen, errefusaren nahiz organikoaren edukiontziak gainerakoak bezala irekiz. EH Bilduk hiru hilabete inguruko epean datuei eutsi izana baliatu nahi izan du, Zubietan egitekoak diren erraustegiaren aurkako argudiotzat: "Birziklatzea geratzeko etorri da, eta datuok erakusten dute, beste behin, herri honek eta Gipuzkoak ez dutela erraustegirik behar. Iraganeko politikak dira horiek, eta gaur egun badira hondakinak bideratzeko bestelako baliabide eta sistemak".

Horrela, udal gobernuak plazaratutako zifrak hobetzea lehen pausotzat jo dute, 2012an Tolosako udalbatzako alderdi guztiek onarturiko helburu eta erronkak gogora ekarriz: "Alderdi guztiok aho batez onartu genuen 2014an %70era iristea, eta 2016an %80ra; saia gaitezen".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!