Erronkei aurre egitea, ikasgairik onena

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mai. 27a, 10:00
ETHAZI proiektuan txertatzeko gelak egokitu dituzte ikastetxean, espazio irekiagoak sortuz.

Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolan eraikin berria inauguratu dute; ETHAZI programan ari dira ikastetxe honetan ere.

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak duela hilabete inguru egin bezala, Inmakulada Lanbide Ikastolak atzo plazaratu zuen amaitzera doan ikasturtean martxan jarritako proiektu berria: ETHAZI egitasmoaren metodologiaz baliatzen ari dira bi ziklotan, eta ikasleek orduz ordu antolaturiko klaseak jaso beharrean, erronkei aurre egin eta gaitasunak atxikiz joaten dira.

20 urte dira, jada, Inmakulada ikastetxea eraiki eta martxan jarri zutenez geroztik. Bi hamarkada horietan, besteak beste, A ereduko ikastetxe izatetik D ereduko hezkuntza erakunde izatera pasatu da, duela 10 urte Ikastolen Elkartera atxiki baitzen Inmakulada: gaur egun, elkarteko lanbide heziketa ikastola bakarra da. "Ez zen erraza izan, zenbait zikloren eskaintzan Gipuzkoako lanbide heziketa ikastetxe bakarra garelako, eta oso ikasle erdaldunak genituelako. Materiala sortu behar izan genuen, eta irakasleek lan handia egin zuten", azaldu zuten zuzendaritzako kideek.

ETHAZI proiektuaren bitartez, ikasgeletako hormak eraisteaz gainera, zikloen artekoak ere deuseztatu dituzte, eta gela bera lan espazio izaten dute modulu bateko edo besteko ikasleek: "Erronkak proposatzen dizkiegu, eta erronka horietara iristeko egindako lanekin, gaitasunak atxikitzen joaten dira neska-mutilak. Egia esan, oso-oso balorazio positiboa egin dute, bai ikasleek, bai irakasleek".

Horrela, beraz, amaitzera doan ikasturtean gizarte integrazioko zikloarekin eta erizaintzakoarekin egin bezala, datorren ikasturtean ziklo berri bat martxan jarriko dute, ETHAZI metodogiarekin: menpekotasuna duten pertsonen zaintza lanei dagokien ziklo berria.

Eta, bide horretan, Inmakulada Lanbide Ikastolaren erronka da 2017-2019 bitartean, ikastetxeko ziklo guztiak lan egiteko modu horren inguruan antolatzea: "Horrez gain, nazioartekotasuna, ekintzailetasuna eta enpresekin harremana mantentzen jarraituko dugu".

Eraikin berriko plakari ohorezko agurra dantzatuz amaitu zuten inaugurazio ekitaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!