Euskaraz ere, txisteka

Iñigo Terradillos 2016ko uzt. 7a, 13:50

‘Txisteka Misteka’ euskarazko txisteen kaseteek 30 urte bete dute; gisa horretako lehen grabazioa izan zen, eta oso harrera ona izan zuen; orain bertako txiste guztiak sarean zintzilikatu dituzte.

Hogeita hamar urte dira euskarazko lehenengo txiste kaseteak argitaratu zirenetik. Txisteka Misteka izenburupean lau kasete kaleratu ziren, eta harrera bikaina izan zuten. Orain txiste guztiak sareratu egin dituzte.

 

Lotura zuzena du lan horrek Tolosaldearekin, izan ere, txiste kontalari moduan agertzen direnak Kike Amonarriz eta Joxe Ramon Galarraga dira —laugarren kasetean Gillermo Segurola batu zitzaien—. Amonarrizek azaldu moduan, Argia aldizkarian, 1982. urtean sortu zen Titiriteroak izeneko sailarekin hasi zen guztia. Susa aldizkaria sortu zuen taldeak izan zuen sailaren ardura, eta umorea zen bertako ardatza. «Inspiraziorik gabeko gau batean zer idatzi jakin ez eta txisteak idaztea bururatu zitzaidan», azaldu du Amonarrizek. Espero baino arrakasta handiagoa izan zuen, eta ordutik txisteekin jarraitu zuen, pasa den urtera arte.

 

Txisteen arrakastan lehen txiste afaria egin zuten Tolosan; bertan, Joxe Ramon Galarraga, Jesus Peñagarikano, Andoni Egaña eta Kike Amonarriz aritu ziren kontalari. «Jendearen eskakizunen ondorioz afari gehiago etorri ziren, liburu batzuk ere bai, eta azkenik, lau kaseteen grabazioa», dio tolosarrak.

 

Lan honekin txisteak euskara hutsean kontatu daitezkeela erakutsi zutela dio Amonarrizek. Orain, garai hartako kontatzeko modua eta umorea ezagutzeko aukera dago guztion eskura.

 

Oiartzun Irratian entzungai dituzue Kike Amonarrizi egindako elkarrizketa eta txisteak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!