Hitzordu garrantzitsurako entrenatzen

Tolosaldeko Ataria 2016ko abu. 21a, 20:00

Urtero legez, Hondartzako Boleibol Txapelketa jokatuko da abuztuaren 30etik irailaren 3ra bitarte. Aurten lehen aldiz, Tolobolei klub sortu berriak antolatu du txapelketa. Orotara, 375 pertsona inguruk hartuko dute parte.

Tolobolei klubak VII. Hondartzako Boleibol Txapelketa antolatu du, eta inoizko parte hartzerik handiena izango da. Pasa den urtean, 15 taldek hartu zuten parte; aurtengo edizioan, 25 taldek jokatuko dute boleibolean, denera 375 pertsona inguruk. Txapelketak arrakasta ez du soilik herrian, eskualdeko jendeak ere parte hartzen baitu; baina, Iker Herrero antolatzaileak adierazi duenez, “Nahiz eta eskualdeko jendea etortzen den, tolosarrei eman nahi diegu lehentasuna; txapelketa hau herrikoia izatea nahi dugu”.

"Jende ugari etortzen da partidak ikustera, kuadrillak, gurasoak... Gainera, edozeinek praktikatu dezake, kontua baloia beste aldera pasatzea da; jendearentzat ere erakargarria izaten da kirol hau", azaldu du Iker Herrerok. Hitzordu garrantzitsua prestatzeko leku ezin hobea dute boleibolean jokatzen dutenek; izan ere, Ferialekuan hondarrezko joko eremua jarri dute urte guztirako. Pasa den urtean, zezen plazan entrenatzen zuten, eta aldaketarekin txoratzen daude: “izugarrizko jende pila etortzen da entrenatzera, egunero 5-6 ordu okupatuta egoten da”, adierazi du Iker Herrerok.

Partidak abuztuaren 30ean hasiko dira, 14:40ean hasi, eta 20:30ak bitarte luzatuko dira; larunbatetan izan ezik, izan ere, 14:00etan hasi eta 20:00ak aldera amaituko dira. Herrerok adierazi duenez, asteburu oso egokia da txapelketa antolatzeko, izan ere, jendea oporretatik dator, eta ikasturteari hasiera emateko modu bikaina da. Parranda egiteko aitzakia ere bada boleibola, “txapelketa behar bezala amaitzeko, pintxopotea egiteko intentzioa dugu, eta 150 lagun bilduko gara; kirolaz harago doa txapelketa hau, jendearen harremanak estutzeko ere balio du”, esan du Herrerok.

Txapelketa goraka doa alderdi guztietan, baita babesleei dagokienez ere. Aurten, Keler, Alustiza margolariak, Agirre estankoa, Tolosaldeako Lanbide Heziketa, Eroski Bidaiak, Lanbroa Gourmet eta Tolosako Udalak babestu dute txapelketa herrikoia. Gainera, herriko hainbat tabernek afariak eta sari ezberdinak emango dituzte parte hartzaileentzat, ahalik eta jende gehienak jaso dezan sariren bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!