Lehen Basque Label harategia ireki dute Tolosan

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ira. 28a, 16:38

Muñagorri harategia aitzindari izan zen Euskal Okela saltzen, eta Basque Label egitasmoan txertatzen ere lehenak izan dira, belaunaldi aldaketarekin bat eginez.

Marka berri bat jaio da Euskal Herrian: Basque Label harategiak. Landa, itsasertz eta elikagaien sustapenerako Hazi elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean mamitu duten estrategiaren zati bat baino ez da, eta Euskal Herriko behi haragiaren ekoizpena sustatzearekin batera, haragi horren merkaturatzea bultzatu eta eraberritzea da jomuga nagusia.

Bide horretan, behinola Euskal Okela saltzen izan zen bezala, Muñagorri harategi tolosarra lehen Basque Label harategia da. Bertako haragia eta bertako produktuak eskainiko dituzte harategiok baina, horrekin batera, sektorea bera berritzeko apustua egingo dute. Muñagorriren kasuan, komertzioaren itxura eta diseinua eraberritzea izan da pauso nagusia, eta horrekin batera iritsi da, gainera, belaunaldi aldaketa ere.

Ekitaldian izan dira, Muñagorri aita-semeekin batera, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordea eta Andoni Luis Aduriz sukaldaria. Azken horrek, betikoa eraberritzearen garrantziaz ohartarazi du: "Gauzak ondo egin behar dira, bai, baina ondo egiten ari direnaren itxura ere izan behar dute gauzek".

Horrela, Orozek ibilbide berri baten lehen pausotzat jo du Basque Label zigiluarena: "Iraganean izan eta ikasitako guztia etorkizunean islatu nahi dugu, lehen sektoreak, merkataritzak eta, bereziki, harakinek, horren beharra dutelako". Gainera, haragiaren inguruko eragile guztiek katean lan egitearen garrantzia ere azpimarratu du, ekoizleetatik hasi, harategietaraino joan eta sukaldarien sukaldeetara iritsi bitarte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!