Ate zahar, itxura berri

Tolosaldeko Ataria 2016ko ira. 30a, 10:34
Gaztelako Atea eraberritzen hasi dira.

Aste honetan hasi dira Gaztelako Atea eraberritzeko lanak eta bi hilabete iraungo dutela aurreikusten dute.

Tolosako Udalak abian jarri du Gaztelako Atearen eraberritzea. Oro har egoera onean dagoela diote udaletik, estalkiko egur bikoitzeko egitura izan ezik; egitura hori oso hondatuta dago euri-urak eta hezetasunak eragindako kalte nabarmenak direla eta. Duela urte batzuk, hondakin-puskak erori ziren bide publikora, eta babestu egin zen eremua eta arkuaren beheko aldea, oinezkoei kalterik ez sortzeko. Lanak aste honetan hasi dira eta bi hilabete inguru iraungo dute.

Hori horrela, lehenbiziko esku-hartzea gaur egungo estalkia kentzea izango da eta, horretarako, eusten duten egurrak aldatu beharko dira. Estalkian eta atearen goiko aldean egin beharreko lanei dagokionez, egungo uralitazko estalkia eta egurrezko zorua kenduko zaio. Bestalde, estalkiko oinarriak pikatu eta hobetuko dira, kareore edo mortero erretxinadunekin. Harrizko goiko aldeak sendotu eta dagozkion garbiketak egingo dira.

Beste lanetako bat, egurrezko habeak eta gapirioak kentzea, eta estalkiari eusteko egitura metaliko berriak jartzea izango da. Beheko aldean, bakelita-egurrezko xaflaz eginiko sabai eskegi bat jarriko da. Azkenik, arkuetan, barneko eta kanpoko goiko eremuetan eta harrizko erlaitz perimetralean dauden elementu solteak finkatu egingo dira.

Mantenu-lan orokorrei dagokionez, kareharrizko harrien garbiketa orokorra egingo da, baita harrien arteko mortero-junturena ere, hareazko txorrotarekin. Horrez gain, harrien arteko juntura guztiak, ezarriak nahiz ezarri gabekoak, berriro bete eta sendotuko dira, karrakatze eta mortero bereziekin. Azkenik, barneko eta kanpoko horma-atal guztiei uraren aurkako tratamendu hidrofugoa emango zaie, eta hori siloxano gardenen bidez egingo da.

Instalazioetako lanei dagokionez, estalkiko zorrotena erdi ezkutatuan jarriko da paramentu bertikaletan, eta hasiera batean plazako zorura isuriko da ura. Bestalde, eraikina bera argiztatzeko argiak jarriko dira.

Estalkia konpontzeko lanei dagokionez, estalki berria material noblez eta ekologikoz egitea planteatu da; hala, zinkekoa izango da estalki hori, antrazita akaberarekin. Sabai aizun eskegi bat izango du, bakelita-egurrezko xafla batzuk eutsiko dituzten elementu metalikoekin. Beharrezkoa bada, erregistroak muntatuko dira sabaietan, estalkiko eremuetara iritsi ahal izateko.

Gaztelako Atea Errege Bidearen eta Hiribildu harresituaren artean sartu eta ateratzeko bi ateetako bat zen bere garaian, eta elementu bakartu gisa kontserbatzen da gaur egun. Antzinako harresien beste zenbait aztarna ere gordetzen dira egun, baina duen presentzia kontuan hartuta, Gaztelako Atea da, dudarik gabe, garaiko ondare nabarmenena eta, beraz, oso garrantzitsua da monumentu hori kontserbatzea.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!