«Aurrera segi behar dugu talde bat garelako»

Asier Imaz 2016ko ira. 30a, 10:56

Duela bi urte galdutako maila berreskuratu zuen aurreko denboraldian Tolosa CF-k. Mireia Igartua taldeko kapitaina da. Tolosa CFk etxean jokatuko du larunbatean, 17:30ean, Usabalen.

Bi jardunaldi jokatu dituzue Euskal Ligan. Eta txanponaren bi aldeak ezagutu dituzuela esan daiteke. 

Entrenatzaileak esan digun bezala, aurtengoa ez da iazkoaren berdina izango. Iaz ia partida guztiak irabazi genituen, baina aurten lehenengoa irabazi eta bigarrena galdu egin dugu. Bizkaia aldeko taldeak gogorragoak dira, eta ez genuen punturik ekartzea lortu. Pixkanaka hobetuz joango garela espero dugu. Behintzat, gogotsu gaude.

Azken partida horretan, Imanol Cabero entrenatzaileak adin kontuak aipatu zituen. 

Euskal Ligan, gehienbat Bizkaiko taldeetan, jokalari zaharragoak daude, esperientzia askokoak. Duela bi urte Euskal Ligan jokatu genuenetatik bost edo seik bakarrik jarraitzen dugu taldean. Besteak beheko mailetatik igotakoak dira. Eta jauzi handia dago. Bai indar aldetik, esperientziatik, edo talka egiterakoan.

Larunbatean Ugaoren aurka jokatuko duzue Usabalen, 17:30ean. Sailkapen nagusian laugarren daude, postu bat aurretik. 

Bigarren jardunaldian sailkapen nagusiari ezin zaio kasu asko egin. Iaz igo zen taldea da, eta ez dugu erreferentzia askorik. Bizkaitarrak dira, eta nahiko indartsuak izango direlakoan gaude. Hala eta guztiz ere hiru punturen bila aterako gara. Astean zehar ondo entrenatu dugu, eta ea zer gertatzen den.

Alde positiboari begira jarrita.

Kalitatea azpimarratuko nuke. Iaztik mantendu garenoi sei jubenil elkartu zaizkigu, kalitate handikoak. Gure artean lehia handia dago. Hemeretzi gara, eta edonork joka dezake. Inork ez dauka postua ziurtatuta. Nire ustez, txikitatik hasita lantzen da teknika Tolosan. Arlo horretan lan ona egiten ari direla uste dut. Gero, esperientzia partidekin irabazten da.

Orain atzean jokatzen duzu. Partida desberdin ikusten al da?

Dena ikusten duzu, baina jokalari bakoitza bere postuan dagoenean, zu zurean kontzentratzen zara. Argi daukagu bakoitza ahalik eta hobekien egiten saiatzen dela. Norbaitek hutsen bat egiten baldin badu, denon artean animatzen dugu. Aurrera segitu behar dugu, talde bat garelako.

Zein da denboraldi honetan taldearen helburua?

Maila mantentzea. Hori lortuz gero, ahalik eta hobekien sailkatzea.



 

Izena: Mireia

Abizena: Igartua

Adina: 22 urte

Herria: Tolosa

Altuera: 160 zm.

Pisua: 58 kg.

Postua: Hasiera baten euskarri bezala jokatzen nuen erdian. Azken urtetan defentsan, erdian.

Ezaugarri bat: Nahiko azkarra naizela esaten didate, eta baloi asko mozten ditudala.

Momentu bat: Iazko igoera. Duela bi urte jaitsi ginen, eta inork ez zuen espero igotzerik. Oso pozgarria izan zen denontzat, eta asko elkartu gintuen.

Amets bat: Azkenean neska guztiok nahi duguna, etorkizunean bai mutilek eta bai neskek aukera berdinak edukitzea. Nire ustez poliki- poliki desberdintasun horiek gutxitzen doazela, baina oraindik lan handia dago egiteko.

Jokalari bat: Carles Pujol.

Talde bat: Reala.

Beste zaletasun bat: Musika eta mendia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!